Negoziazio jokalekua prest

EAJk oposizioari eskatu dio «errealismoarekin» jokatzeko, aurrekontuek «orain baino babes handiagoa» lor dezaten. EH Bilduk esan du «geroa baldintzatzeko erabakiak» falta direla proiektuan

Maddalen Iriarte eta Iñigo Urkullu, politika orokorreko osoko bilkuran, irailean. DAVID AGUILAR / EFE.
xabier martin
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Abiatu da Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuek oposizioko alderdien artean ere babesa izango ote duten argitzeko negoziazio epea. Gobernuko alderdi nagusi EAJk mezu argia bidali dio oposizioari, eta, bereziki, Eusko Legebiltzarreko bigarren indarrari, EH Bilduri: negoziatzeko prest dago, baina «errealismoarekin», eta ez du ahaztu gobernuak gehiengo osoa duela proiektua onartuko dela ziurtatzeko. Alegia, batera edo bestera, 2023ko aurrekontuak abenduaren 23an onartuko ditu Eusko Legebiltzarrak.

EH Bilduk ere esplikatu du harentzat zein den negoziatzeko abiapuntua: ez ditu Jaurlaritzaren kontuak babestuko bere horretan, «kontserbadoreak eta kontinuistak» direlako. «Etorkizuna baldintzatzeko erabakiak» hartzen diren heinean, ordea, ez du baztertu ezezkoa ez den beste bozkek aukera bat izatea EH Bilduren taldean. Hala, Eusko Legebiltzarreko bi indar nagusiek prest utzi dute aurrekontuak negoziatzeko jokalekua.

Jaurlaritzak eta EH Bilduk akordio bat lortu zuten iazko abenduan 2022ko aurrekontuen inguruan. 253 milioi euroren neurriak adostu zituzten, osasuna, klima larrialdia, ongizate energetikoa, politika soziala, I+G+B eta gazteria alorretan, eta, ondorioz, koalizioa abstenitu egin zen aurrekontuen bozketan. Baina iazko ituna salbuespena izan zen aurrekontuen edukian. 2021ean, EAJk eta PSE-EEk beren kabuz atera zituzten aurrera, eta, 2020an, Elkarrekin Podemosen bederatzi abstentziorekin onartu zituzten gobernuko alderdiek. 2019an, berriz, 2018ko aurrekontuak luzatu zituen Gasteizek, urtebete lehenago PPrekin adostu eta gero.

EH Bildu, erabakien zain

Aurtengo jokalekuan argi ikusten da akordio baterako zailtasunak garrantzitsuak direla. EAJk eta EH Bilduk ikuspuntu kontrajarriak dituzte Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaz, ez alferrik. Leire Pinedo koalizio abertzaleko legebiltzarkideak azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak «betiko eskemari jarraitu» diola, «anbizio eta ausardiarik gabe, etorkizuna prestatzeko inolako planteamendurik gabe». Pinedok esplikatu du euskal gizartea «aro aldaketa» batean murgilduta dagoela, eta gobernuak aurrekontuak diseinatu dituela egungo egoera eragin duten politiketan «norabide aldaketa bat behar dela kontuan hartu gabe».

Pinedok azpimarratu du «etorkizuna baldintzatzeko erabakiak orain» hartu behar direla, eta «etorkizuna prestatzeko aukera hori baliatzeari uko egitea» egotzi dio gobernuari: «Ematen du berdin diola zer gertatzen den; dela pandemia bat, dela inflazioaren igoera, aurrekontuek beti eskema bera dute».

Oso bestela ikusten du EAJk aurrekontu proiektua: «Unean uneko larrialdiei eta herri gisa izango ditugun erronkei erantzuten diete». Itxaso Berrojalbiz legebiltzarkide jeltzaleak esan du diseinu horretan ibilbide orri argi bat dagoela: «Zerbitzu publikoak indartzea, jarduera ekonomikoa dinamizatzea eta enplegurako aukera berriak sortzea».

Atzotik biharrera, Jaurlaritzako sailburuak agerraldiak egiten ari dira legebiltzarrean, sailen kontuak aletzeko. Krisi aro baterako aurrekontuak negoziatzeko esparrua ireki da, beraz, eta, EAJren ustez, aurrekontu horiek «palankarik onena» dira krisi ekonomiko eta finantzarioak utzitako «larrialdiei erantzuteko».

Hala, aurrekontuak babesteko «sobera arrazoi daude», jeltzaleen ustez, eta oposizioko taldeei dei egin die «errealismoko ariketa politiko bat egiteko». Gobernua osatzen duen alderdi nagusiak «lankidetza eta akordiorako espirituarekin» ekingo dio aurrekontuen negoziazioari, «apriorismorik gabe».

Ertzainen kamerak

«Gizarteak akordioak eskatzen dizkigu», esan du Berrojalbizek. «Taldeen borondatean egongo da aukera hori aprobetxatzen jakitea eta beren ekimenak ere gauzatzen saiatzea», erantsi du: «Modu eraikitzailean jokatzeko eskatzen dizuet, guk ahalegin guztiak egingo baititugu aurrekontu honek orain baino babes handiagoa lortzeko».

Bien bitartean, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak bere sailaren aurrekontuaren xehetasun batzuk jakinarazi ditu. Kasurako, ertzainen kamera indibidualak zabaltzen hasiko da datorren urtean. 1.387 kamera erosiko dituzte 2,1 milioi euroren truke, eta beste hiru milioi beharko dira 2026ra arte. Horrez gain, 500.000 euro gorde dituzte suteen aurkako hegazkinak alokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.