Memoria eraikitzeko, giza eskubideak eta balio etikoak oinarri izatea proposatu dute

Gogora institutuak eskatuta hiru historialarik eta hiru biktimak osaturiko gogoeta txostena aurkeztu dute. Jarrera «eraikitzailea eta inklusiboa» aldarrikatu dute

Maria Jauregi, txostenaren beste bost egileen alboan, pasarte bat irakurtzen, atzoko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Memoria da bermerik onena indarkeria eta terrorismoa ez errepikatzeko. Memoria da bermerik onena aniztasun politikoan eta sozialean bizikidetzarako eredu sendo bat eraikitzeko». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuenez, iraganera eta etorkizunera begira antolatu zuen Gogora institutuak atzo Memoriaren Eguna. Eta abagune horretan tresna bat eskaini nahian, Begiradak. Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak txostena aurkeztu zuen. Hiru historialarik eta hiru biktimak jorratu dute, ikuspegi zientifikoa eta bizipenak uztartuta, eta, lan «koral» hori sentsibilitate diferenteetatik osatu duten arren, «gutxieneko harmonia bat» bilatu nahi izan dute memoriaz aritzeko: «Giza eskubideen nazioarteko esparrua eta balio etiko eta demokratikoak dira toki komun hori».

Gogoraren enkarguz landu dute memoriari buruzko gogoeta hori Unai Belaustegi, Eider Landaberea eta Virginia Lopez de Maturana historialariek, Josu Elespe eta Maria Jauregi ETAren biktimek, eta Axun Lasa GALen biktimak. Testua osatzeko, 23 lagun elkarrizketatu dituzte: besteak beste, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, Paco Etxeberria antropologoa, Sara Buesa eta Karmen Galdeano biktimak, Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbideko katedraduna, Emilio Majuelo eta Maider Maraña historialariak, Sabino Ormazabal eta Xabier Euzkitze kazetariak, eta Julen Mendoza Errenteriako alkate ohia.

Ahotsen «aniztasuna» nabarmendu dute egileek, eta horrek ekarri dien «aberastasuna». Memoriaren eraikuntzari buruzko adostasunak jasotzea izan da proiektuaren xedea, eta, beraz, ez da lan erraza izan, testuaren sarreran aitortu dutenez: «Aurkezten duguna ez da banakako iritzien batura [...]. Aitzitik, guztiok komunean duguna abiapuntu hartuta eraiki dugun zerbait da, batzen gaituena azpimarratzen duena [...]. Desberdintasunak badaude, noski, eta desberdintasunak daudelako eta azken emaitza iritzien batura hutsa ez delako, dokumentuak, banaka, ez gaitu guztiz gogobetetzen».

«Ahanzturarik gabeko etorkizuna» aldarrikatuz abiatu dituzte lan horren ondorioak: «Euskal gizarteak baietz esan dio memoriadun etorkizunari». Giza eskubideen urraketa ugariz mintzo da testua: ETAren, Komando Autonomo Antikapitalisten, eskuin muturreko taldeen eta GALen «terrorismoa», tortura eta «Poliziaren legez kontrako indarkeria». Bortxa horiek ez dituzte «errebantxa edo mendeku gosez» berraztertu nahi, baizik eta jarrera «eraikitzaile eta inklusiboarekin».

Ildo horretan, «norbere burua justifikatzea helburu duten kontakizunak gainditzera» deitu dute: «Instrumentalak dira, alderdikoiak, norbere jarreran gotortuak, besteak aintzat hartzen ez dituztenak». Horren aurrean, iraganaren berrikuste «kritikoa eta autokritikoa» aldarrikatu dute: «Autokritikak zuzenean galdegiten die terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren adierazpenetan, eta giza eskubideen urraketetan zuzeneko eta zeharkako erantzukizuna izan zutenei». Egileen ustez, berrikuste lan hori ikuspuntu etikoa oinarri hartuta egin behar da, «giza eskubideen urraketa guztiak bidegabeak izan direlako, direlako eta izango direlako beti; ez gatazka politikoek, ez estatu arrazoiek ez dute justifikatzen, inolaz ere, indarkeria erabiltzea».

Biktimen hitza eta aitortza

Biktimen lekukotzak ezinbesteko jo ditu txostenak «norbere kokalekutik atera eta bestearengana irekitzeko». Ohartarazi du, halere, biktimei ez dagokiela iragana ikuspegi zientifikotik berrikustea: «Biktimek ez dute gainerako herritarrek baino arrazoi politiko handiagorik, biktimak izateagatik bakarrik». Guztiei aitortza egitea «funtsezkoa» izanik ere, biktima identitatean ez betikotzeko mekanismoak jorratzera deitu dute egileek.

Era berean, egia bilatzeko prozesuan ikerketaren funtzioa aldarrikatu dute, gertatutakoa ulertzeko, baina justifikatu gabe: «Indarkeria politikoa zorroztasun zientifikoz aztertzen eta azaltzen ez badugu, gertakariak kontatzen jarraituko dugu, baina gertatutakoa ulertu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.