Albistea entzun

Ijito herriaren aitortzarako neurriak ditu xenofobiaren kontrako legeak

Nafarroako Gobernuak foru lege proiektua onartuko du eta parlamentuan aurkeztu. Arrazakeriaren aurkako Kontseilua sortuko da politika publikoak garatzeko eta jarrera diskriminatzaileak eragozteko
Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilaria, urrian, Pertsona Migratzaileen Foroaren bilkura batean.
Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilaria, urrian, Pertsona Migratzaileen Foroaren bilkura batean. MIGUEL OSES / NAFARROAKO GOBERNUA Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko urtarrilak 19 - Iruñea

Nafarroako Gobernuaren kontseiluak arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako foru lege proiektua onartu zuen atzo. Kontseilu osteko agerraldian, Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak nabarmendu zuen «aitzindaria» dela «estatuan zein Europan». Prebentzio arloan jarriko du ahalegin berezia lege egitasmoak, bereziki administrazio publikoan. Santosen arabera, xenofobia jasateko arriskua dutenentzat alor publikoa, bereziki Nafarroako Gobernua, «babesgune» bat izatea du helburu. Halaber, etorkizuneko legeak bultzatuko du ijito herriarentzako egiaren eta aitortzaren prozesu bat abiaraztea, eta bertan iraganean jasandako diskriminazio historia luzearen erreparaziorako «neurri zehatz, neurgarri eta aztergarriak» jasoko dira.

Gobernuaren proposamena izaki, orain parlamentuan aurkeztuko dute, legealdia amaitu bitartean onartu dadin. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 2019an sinatutako akordio programatikoan konpromisoa hartu zuten «gizartearen elkarbizitzarako eta berdintasunerako bereizkeriaren aurka borrokatzea», eta asmo horri erantzuten dio. Martxoan onartutako 2021etik 2026ra bitarteko Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako planaren osagarri izango da.

Gabezia bati erantzuteko asmoz egin dute. Eduardo Santosen arabera, Arrazismoaren eta Intolerantziaren aurkako Europako Batzordeak maiz adierazi du bereizkeria arrazista eta haren prebentzio faltak zerikusi zuzena duela «bereizkeriaren aurkako legedirik ez izatearekin». Batzordeak aholkatzen du diskriminazioaren aurkako legea zehatz zein osoak bultzatu behar direla. Prebentzioarekin batera, xenofobiatik babesteko neurriak ere aholkatzen ditu.

«Parte hartze handia»

Hala, gomendio horiek izan dituzte oinarri, eta hura lantzeko prozesuak hilabete batzuk iraun du, egunero bereizkeria jasaten duten migratzaileen elkarte, kolektibo eta gizarte erakundeen ekarpenak bildu baitituzte. Santosek gaineratu zuenez, departamentu arteko «elkarlan handia izan da, zeharkakotasun handiko legea baita».

Izan ere, edukiari dagokionez, departamentu guztiei eragiten dieten esparruetan eragin nahi du legeak: hezkuntzan, osasunean, zerbitzu publikoetan, etxebizitzan, teknologian, lan munduan, segurtasun publikoan eta larrialdietan, aisialdian, kirolean, komunikazioan, sare sozialetan...

Neurri nagusiak administrazio publikoari berari zuzenduak daude, eta ahalegin berezia jarriko da prebentzioaren arloan. Lege proiektuan zehaztuta dagoenez, administrazio publikoan aritzen diren langileek prestakuntza jasoko dute, eta kontzientziazio neurriak ere hartuko dira.

Horrez gain, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Kontseilua eratzea aurreikusten dute. Politika publikoak garatzea eta legea betearaztea izango du zeregin nagusi, batik bat zainduz sektore publikoak jarrera diskriminatzaileak ez izatea, eta halakoak eragotziz. «Alor publikoa eremu seguru izatea bilatuko du, non pertsona horiek ordezkatuak eta babestuak sentituko diren».

Kontseiluaz gain, arreta bulego bat ere eratuko da, bere arraza edo jatorri etnikoagatik diskriminazioa jasan dutenak arreta osoa eta doakoa jaso dezaten. Zerbitzu publiko horrek, aholkularitza eta babesa eskaintzeaz gain, etorkizuneko neurriak eta plangintzak egiteko datuak eta informazioa eskuratuko du.

Legeak ez du zigor neurririk. Berritasunen artean dago prozedura administratiboetan diskriminazio digitalari aurre egiteko neurriak daudela, eta kontuan hartzen du arlo horretan adimen artifizialaren bilakaera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lezetxikiren Lagunak taldekoek ateratako argazki batzuk, Lezetxikoko galeria suntsituan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

AHTaren tunel batek Lezetxikin kalteak egin dituela salatu dute

Xabier Martin

Aztarnategi baliotsuaren gertuko galeria bat suntsitu du tunelak, espeleologo batzuek dokumentatu dutenez. Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzten lekua da Arrasateko koba
artxibok argazkia, marxoak 8ko manifestazioa Baionan ©Guillaume Fauveau

Frantziako Senatuak abortatzeko eskubidea Konstituzioan idaztearen alde bozkatu du

Garazi Aduriz Zuñeda

Atzo bozkatu zuen Senatuak. 166 boz alde izan zituen, eta 152 boz kontra.

Osasun langile bat, atzo, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kanpoaldean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Osasunbideko gehiengo sindikalak grebara joko du, Sindikatu Medikotik bereiz

Ion Orzaiz

LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOOk hilaren 15erako egin dute deialdia. «Osasun publikoaren kalitatea eta lan baldintzak» hobetzea daukate xedetzat. Negoziazioa gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren artean egin izana salatu dute

Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, atzo, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zaintza sistema «eraldatzeko» mobilizatuko da mugimendu feminista Martxoaren 8an

Edurne Begiristain

Lehen mugarria Martxoaren 8an ezarriko du Euskal Herriko mugimendu feministak. Zaintza «erantzukizun soziala» bilakatzea izango du helburu borroka dinamikak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.