Frankismoaren biktimei erreparazio «osoa» emango die memoriaren legeak

EP-IUk, EAJk eta PSE-EEk akordioa lortu dute memoria historikoaren legearen gainean. Biktima gisa izendatua izateko kasuistika zabaltzea adostu dute

1936ko gerran Bastidan (Araba) hildako biktimen omenezko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektuaren inguruan akordioa lortu dute Elkarrekin Podemos-IUk, EAJk eta PSE-EEk. Miren Gorrotxategi eta Jon Hernandez legebiltzarkideek azpimarratu dute jatorrizko testua «hobetzea» lortu dutela, eta taldearen ekarpenei esker arau berriak memoria historiko «justuagoa» eta «hobea» bermatuko duela. Zehazki, «hobekuntzak» lortu dituzte biktimen erreparazioan eta justizian, eta urratsak egin memoria eta egia aitortzeko bidean.

Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari dira lege proiektua, eta zuzenketak eztabaidatu behar dituzte. Koalizio moreak 60 zuzenketa baino gehiago aurkeztu zizkion testuari, eta gehienak txertatuta geratuko dira arauan. 1936ko estatu kolpearen eta ondorengo diktadura frankistaren biktimen «egia, memoria, justizia eta erreparazioa» modu zabalago batean bermatzea izan da EP-IUren helburua.

Bide horretan lortu dituzte aurrerapausoak, Hernandezek nabarmendu duenez. Erreparazioari dagokionez,biktimei erreparazio«morala» aitortu baino gehiago egingo du legeak, eta ordain «osoa» aitortuko zaie. Alde horretatik, biktimei kalte ordainak emango zaizkie, nahiz eta oraindik ez dituzten zenbatekoak zehaztu. Gorrotxategik zehaztu du elkarte memorialistekin adostuko dituztela, eta bestelako indarkerien biktimek jasotzen dituztenen «pare» egongo direla. Gainera, kalte ordainak ez dira egongo Jaurlaritzaren aurrekontuaren menpe, akordioan jaso dutenez. «Gobernua derrigortua egongo da kalte ordainak ordaintzera, aurrekontua gorabehera».

Horrekin batera, norbait biktima gisa izendatzeko kasuistika zabalduko dute, eta, hildakoak ez ezik, biktimatzat joko dira diktaduraren hasierako gerrillari antifrankistak eta boluntario internazionalistak ere. Biktimen errolda bat sortuko dute, halaber. Errolda horretan, hildakoak ez ezik, aintzat hartuko dituzte gerratik eta diktaduratik bizirik irten ziren errepresaliatuak ere.

Justizian, nazioarteri so

Justizia arloan, hainbat aldaketa egingo dizkiote jatorrizko testuari. Batetik, nazioarteko araudiari jarraikiz, frankismoaren krimenak «preskribaezinak» izateko bidea jasoko da, eta, baliogabetuta dauden frankismoko zigorren kasuan, erreparazio juridikoa bermatzeko neurriak abiatuko dira.

Memoria atalean ere hainbat aldaketa adostu dituzte. Legeari emakumeei buruzko artikulu bat gehituko diote, emakume izate hutsagatik errepresioa pairatu zutenentzako berariazko politikak jasotzeko. Memoriaren aurkako sinboloen eta elementuen kategoriak zabaltzeko proposamena ere jasoko du legeak: hala, frankistei ohore egiteko altxaturiko eraikin arkitektoniko eta eskultorikoak aintzat hartuko dira, eta Gogora institutuak sinbologia frankista desagertzeko plan bat ondu beharko du.

Egiari dagokionez, hainbat aldaketa jasoko ditu legeak. Besteak beste, giza eskubideetan, 1936ko gerran eta diktadura frankistan aditua den talde zientifiko bat sortuko da, eta haren egitekoa izango da gerran eta frankismoan izandako giza eskubideen urraketen txosten bat egitea. 1936ko gerraren lekukotzen artxibo bat sortuko dute, eta udal bulegoak sortuko dira hiru lurraldeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.