Albistea entzun

Maria Txibite: «EH Bildurekin ez dugu gobernu akordiorik egingo»

PSNko hautagaiak Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari adierazi die haiekin osatu nahi duela gobernua. Geroa Baiko kide bat nahi du Barkosek Nafarroako Parlamentuko lehendakari; Txibitek, PSNko bat
Ezker-eskuin, PSNko Maria Txibite eta Ramon Alzorriz, eta Geroa Baiko Pablo Azkona, Uxue Barkos eta Maria Solana.
Ezker-eskuin, PSNko Maria Txibite eta Ramon Alzorriz, eta Geroa Baiko Pablo Azkona, Uxue Barkos eta Maria Solana. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko ekainak 2 - Iruñea

Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren eskutik gobernua osatzeko bideari ekin dio PSNk, eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakari eta PSNko lehendakarigaiak argi utzi zuen bidaia horretan ez duela ezer hitzartu nahi EH Bildurekin. Atzo goizean, Uxue Barkosekin eta Geroa Bairen ordezkaritzarekin bildu zen Txibite, eta, ondoren, Zurekin Nafarroaren talde batekin, Begoña Alfaro buru zutela. Bi talde horiekin gobernua osatzeko «borondate tinkoa» duela helarazi zien PSNk, eta «baiezkoa» eman zioten Barkosek eta Alfarok. Hiruren artean 21 parlamentari batzen dituzte. 26ra iristeko gehiengo osorik ez dute, eta EH Bildurekin biltzeko asmorik ote duen galdetu zioten Txibiteri: «EH Bildurekin ez dugu gobernu akordiorik egingo», esan zuen.

Bezperan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gogorarazi zuen lau urtez funtsezkoak izan direla, eta ondorioz orain ezin dela esan bat-batean EH Bildu ez dela beharrezkoa. Sozialistei ohartarazi zien inbestidurarako abstentzioa ez dagoela ziurtatuta.

Bi bilerak amaituta, kazetariek Otegiren hitz horiek ekarri zizkioten gogora Txibiteri: «Ez da bat-batean ezer aldatu», erantzun zuen. «Gauza bat dira EH Bildurekin aurrekontuez, udal finantzaketaz eta beste kontuez egin ditugun akordio puntualak, eta beste gauza bat da orain aurrean duguna, erabat diferentea. Ustekaberik batere ez. Beti esan dugu EH Bildu ez dugula aintzat hartuko gobernua osatzeko».

Ikusi gehiago: Aznalek sozialistei ohartarazi die ez dela bazterketarako garaia

Horiek hala, baliteke Espainiako hauteskunde orokorren zaratak zeresana izatea. Izan ere, atzo, Madrilen, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko eledunak hitz bera erabili zuen EH Bildurekin egindako akordioak definitzeko: haren esanetan, «oso puntualak izan dira». Madrilek PSNren asmoak baldintzatu ditzakeen galdetuta, Txibitek aipatu zuen PSOEko zuzendaritza federalak «begi onez» hartu duela hasitako bidea. Haren esanetan, gobernuari buruzko erabakia «Nafarroan hartuko da».

Hiru hilabete dituzte aurretik Txibiteren inbestidura aurrera ateratzeko eta gobernua osatzeko. Tartean, uztailaren 23an, Espainiako hauteskunde orokorrak egingo dira, eta, negoziazioak zailtzeko aukera dagoenez, Txibitek esan zuen «ahalik eta azkarren» osatu nahi duela, baina «itun on bat» lortuta, «gobernu sendo eta iraunkorra» izateko.

Geroa Baik, «lehenbailehen»

Iritzi berekoa da Uxue Barkos. Geroa Baiko hautagaiak garrantzitsutzat jo du «lehenbailehen» akordioa lortzea, baina, aldi berean, esan du horrek ez duela eragotzi behar anbizioz jokatzea eta akordio on bat lortzea.

Beste gaietan, ez dira ados jarri. Adibidez, Geroa Baik uste du udalen osaera eta gobernuarena loturik daudela, eta PSNk bereizi egin nahi ditu bi esparruak. Ekainaren 16an aukeratuko da parlamentuko lehendakaria, eta Geroa Baikoa izatea nahi du Barkosek; PSNk beretzat nahi du. Ekainaren 6an bilduko dira berriz.

EH Bilduk bilkura horietan egon behar lukeen galdetuta, Barkosek esan zuen EH Bilduri dagokiola galdera horri erantzutea. Begoña Alfarok erantzun bera eman zuen. Zurekin Nafarroako ordezkariaren arabera, ondorengo asteetan eduki politikoak negoziatu nahi dituzte, eta ondoren ikusiko dute gobernuan sartu edo ez. «Lehenik, etorkizuneko akordio programatiko horren lehentasunak markatuko ditugu, eta, gure lehentasunekin bat egiten badute, gobernua kudeatzea galdegingo dugu».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Frederique Espagnac eta Max Brisson —ezkerrean— artxiboko argazki batean. ©BOB EDME

Espagnac, Brisson eta Saint Pe izanen dira Frantziako Senatuan ordezkari

Ekhi Erremundegi Beloki

Igandean iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Aurkeztu diren bederatzi zerrenden artean, orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin dute hautetsiek
Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin batean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistak, estreinakoz Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide bat izango da Frantziako goi ganberako senatarien artean
Ohi baino auto gehiago, atzo, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Ertzainen mobilizazio batek trafikoa moteldu du Bilbon

Berria

Ertzainak Borrokan plataformak antolatu du, eta urriaren 16an beste mobilizazio bat egingo duela iragarri du
Batzorde eragile berriaren aurkezpena, Usurbilen. ©UDALBILTZA

Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea Udalbiltzako lehendakari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Ezohiko kontseilu nagusia egin dute, eta batzorde eragilea berritu. «Ilusioz eta datorrenari heltzeko gogoz» dago Alberdi

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.