Lan hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu zuten atzo Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileek. 50 bilera baino gehiago egin eta langileak ia 100 egunez greban egon ostean, sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan bildu ziren patronalarekin. Hiru orduko bilera egin zuten. «Enpresak oso tematuta egon dira aurreakordioa ez sinatzearekin, baina azkenean lortu dugu», nabarmendu zuen Amaia Barragan LAB sindikatuko kideak. Hain zuzen, aurreakordioa LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek sinatu zuten. Barraganen iritziz, lortu duten punturik garrantzitsuena gainontzeko langileekiko homologazioa bermatzea izan da. Zerbitzu bera ematen duten langile publikoen baldintza eta soldata berak izango dituzte. «Etorkizunera begira, homologazioa blindatuta egongo da».
LAB sindikatuko kideak azpimarratu zuenez, emakume langileei esker lortu dute aurreakordioa sinatzea, haien borroka «eredugarria» izan baita. «Igarri dadila sektore feminizatuak direla borrokan ari direnak; emakume horiei guztiei esker, mundua gelditzea eta aldatzea lortuko dugu». Izan ere, garbitzaile ugari kanpoaldean egon ziren bilera amaitu arte. Orduak igaro ahala, urduritasuna areagotuz joan zen, baina giroa animatu zuten Garbikuntza borrokan; Ez bazarete jaisten, gu igoko gara eta Lehen esentzialak, orain ikusezinak oihuekin. Sindikatuetako kideak atera zirenean, besarkada, malko, txalo eta xanpain artean jaso zituzten.
Bilbora bildu ziren langileetako bat Pili Gil izan zen. Gasteizko anbulatorio batean egiten du lan, eta, aitortu zuenez, «oso emozionatuta» zegoen. Borroka «bidegabea» izan dela kritikatu zuen: «Homologazioa sinatuta zegoen,baina esan ziguten ez zigutela emango; lortu arte borrokatu gara». Atzeratutakoengatik kopuru «interesgarriak» ordaindu beharko dizkiete orain. «Bost urte baino gehiago daramatzaten horiei, gutxienez 125 euro gehiago hilean».
Maika Gutierrez Gasteiztik joan zen. Bera ere «hunkituta» eta «oso pozik» zegoen. Onartu zuenez, hilabete gogorrak izan dira, baina azkenean akordioa lortu dute. Sheila Virto Gurutzetako ospitaleko langilea, berriz, sinetsi ezinik zegoen. «Bazirudien hau ez zela inoiz helduko». Eskerrak eman zizkien Borrokan ibili diren gainerako lankideei.
9.000 euroren atzerapenak
Homologazioaz gain, beste hainbat hobekuntza lortu dituzte. Besteak beste, langileei 2021etik atzerapenak dituzten karrera profesionaleko mailak aitortuko zaizkie, karrera profesionaleko etorkizuneko deialdietara sarbidea bermatuko zaie, eta txanda kontratua eskuratu ahal izango dute. Lanpostu hutsak adjudikatzeko erregulazio objektiboa ere ezarriko dute. «Anbulatorioetan lan egiten dutenek aukera izango dute lanpostu hutsak eskatzeko, ospitaleetan egiten den bezala», zehaztu zuen Javi Luengo UGTko kideak. Bakoitzari aitortutako mailaren arabera jasoko dituzte atzerapenak langileek. Kopuru zehatzik ez dakiten arren, kalkulatu dute zenbait kasutan 9.000 euroraino iritsi daitekeela langileei ordaindu beharreko atzerapena.
Bost urtez hitzarmena negoziatzen ibili ondoren, ekainaren 26an sinatu zuten aurreakordioaren akta sindikatuek eta patronalak, Lan Sailak deitutako bilera batean. Osakidetzak, berriz, joan den larunbatean eman zion onespena hitzarmen horri. Sindikatuek argi utzi zuten akordioa sindikatuek eta enpresek sinatu behar dutela, eta ez Osakidetzak. «Enpresek eta Osakidetzak egin beharreko negoziazioak egingo dituzte beharginei ordainketak egiteko, baina horrek ez du langileengan eraginik izan behar», azaldu zuen Juan Luis España CCOOko kideak. Dirudienez, atzoko bilera luzatzeko arrazoia Osakidetzaren eta enpresen oniritzi falta izan zen. Orain, lan hitzarmena sinatu beharko dute. «Esan digute laster deituko digutela Lan Harremanen Kontseiluan hitzarmena sinatzeko», argitu zuen Vanesa D'Acosta ESK-ko kideak.
ELA sindikatuak, Osakidetzako garbiketa zerbitzuetan ordezkaritza izan arren, ez du sinatu aurreakordioa. Gainontzeko sindikatuei «murrizketak» onartu izana egotzi die, oraindik ordaindu gabe baitaude karrera profesionaleko 2012., 2019. eta 2020. urteak. Hitzarmena sinatzea «inkoherentea» dela uste du ELAk, eta langileen baldintzak «okertu» egingo direla. Hala ere, adierazi du akordioa, «nahikoa ez bada ere», langileek egindako grebari esker lortu dela: «Otsailaren 27an hasi zuten greba, ELAren deialdiarekin, eta sektorearen duintasuna eta konpromisoa erakutsi dute 136 egunetan».
Osakidetzako garbitzaileek gainontzeko langileekin homologatzea lortu dute
LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek lan hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dute. ELAk «murrizketak» onartu izana egotzi die gainerako sindikatuei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu