Eusko Jaurlaritza

Konstituzioaren beste interpretazio bat adostu dadin nahi du Urkulluk

«Konbentzio konstituzional bat» eskatu du, «erabakitzeko gaitasunean» sakontzeko. Urtebeteko epean «estatuaren plurinazionaltasunean aurrera egitea» nahiko luke Jaurlaritzako lehendakariak

Urte politikoaren hasieran aipatu du Urkulluk, asteon, konbentzio konstituzionala, Donostiako Miramar jauregian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
xabier martin
2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Lurraldetasunaren» aldagaiak eztabaida politikoaren erdigunea hartu du azken egunetan, PSOEk Espainiako Gobernua osatzeko dituen behar parlamentarioen itzalean. Kataluniako alderdi abertzaleen eskaera irmoak jarri du mahai gainean atzera nazioen auzia, eta euskal alderdiak ere hasi dira beren ekarpenak egiten «benetako plurinazionaltasunaren» eztabaida horri, haien babesa beharko bailuke Madrilgo gobernu berri batek.

Azken alea ez du alderdi batek jarri, ordea, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk baizik, «konbentzio konstituzionala» hizpidera ekarrita. Urte politiko berriaren lehen Gobernu Kontseiluan aipatu zuen Urkulluk konbentzio konstituzionalaren tresna, eta «autogobernuaren proiektuan» sakontzearekin eta «estatu eredu berri bat» sortzearekin lotu zuen proposamen hori, Donostian egindako ekitaldi politikoan. Atzo, berriz, El País egunkarian kaleratutako artikulu batean, xehetasun gehiago eman zituen proposatzen ari denaz, betiere Moncloak hartuko duen Espainiako agintariari zuzenduta.

«Aldebikotasunari» erreparatuta, Urkulluk «erabakitzeko gaitasuna» jorratu nahiko luke konbentzio horretan, «autogobernuan» aurrera egiteko eta, aldi berean, «estatuaren plurinazionaltasuna» arauetan islatzeko. Baina ez du argitu nork parte hartuko lukeen konbentzio horretan, ezta herritarrek zer-nola parte hartuko luketen ere prozesu horretan.

Konbentzio konstituzionala herri anglosaxoietan erabilitako tresna gisa aurkeztu du, eta azaldu du ez dagoela Espainian hura debekatuko lukeen araurik. 2017tik geldirik dago estatus politiko berriaren prozesua Eusko Legebiltzarrean, baina, orain, hauteskundeetarako hamar hilabete baizik falta ez direla, Urkulluk «erabakitzeko gaitasunaz» hitz egin du Espainiako egunkari hartan idatzi duen testuan. 2017ko oinarrian adostu zenak «erabakitzeko eskubideari» erreparatzen dio, ez erabakitzeko gaitasunari.

Edonola ere, Jaurlaritzako lehendakariak urtebetean egin nahiko luke konbentzio konstituzional hori: «Ez litzateke konbentzio konstituzional orokor bat, zehatza baizik, konstituzioaren zati baten interpretazio adostua eguneratzeko». Urkulluk uste du 1978ko Espainiako Konstituzioak ez diola «soluziobiderik» eman «lurraldetasunaren auziarekin» lotutakoari. Baina ohartarazi du ez litzatekeela «formula magiko bat»; haren arabera, ordea, «aukera berriak ireki ahal izango lituzke».

Urkulluk bere idatzian argitu du konbentzio horren aurretik akordio bat egon beharko litzatekeela, eta hartan jaso beharko liratekeela «aldebikotasuna» eta «erabakitzeko gaitasun adostua». Jaurlaritzako lehendakariak uste du konbentzio hori «modu malgu bat» izango litzatekeela «egungo bidegurutze politikoari irteera» emateko. Malgutasun horren neurria, dena den, Espainiako Konstituzioaren mugen barrukoa litzateke betiere, hain zuzen lehen xedapen gehigarriaren interpretazio berri adostu batek erabakitakoa.

EAEko agintari gorenak esplikatu du uztailaren 23ko bozek «estatuaren plurinazionaltasuna berretsi» dutela, eta orain «egokia» dela «erantzunik gabe dauden oinarrizko bi galdera» egitea: «Zergatik egon daiteke soilik nazio bat estatu batean? Zergatik ezin da Espainiako Estatua plurinazionala izan, praktikan XVIII. mendera arte izan zen moduan?».

Horiek horrela, Urkulluk garbi esan du haren borondatean «akordioa eta paktua» daudela. «Argi dago ituna ezin zaiola inposatu estatuari. Horretan datza aldebikotasuna: bi aldeek egon behar dute ados, eta batak bestearekin leial jokatu behar du. Ez diogu inori ezer inposatu nahi, eta ezin dugu onartu euskal herritarrei galaraztea beren borondatea zein den azaltzea».

Helduleku historikoa

Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu du bere proposamenean «historiak eredu egingarri bat» erakusten duela 1878. urtetik, eta kontzertu ekonomikoari erreparatu dio itunaren ereduaren adibide gisa. «Beraz, aurrera egiten jarraitu behar dugu, garai berriekin bat etorriko diren edukiak bilduta, eta ituna estatuarekin egiten den kontzertu aldebiko gisa ulertuta».

Espainiako Presidentetzako jarduneko ministro Felix Bolañosek eman du lehen erantzun bat: «zilegi da» Urkulluren proposamena, «konstituzioaren barruan» dagoen heinean. «Ez da PSOErena», baina zilegi ikusten du konbentzio konstituzionala eskatzea.

Kataluniako Generalitateak ere zilegitzat jo du, baina baztertu egin du, nahiz eta «errespetagarritzat» jo duen. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, berriz, aditzera eman du anbizio gutxiko proposamena dela, eta Katalunian «harago» joateko baldintzak daudela. Galizako Xuntako presidente Alfonso Ruedak, bestalde, adierazi du «ondo bideratuta» dagoela Urkulluren asmoa, baina ohartarazi du «autonomia erkidegoen arteko berdintasunari» eutsi behar zaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.