Azaro amaieran onartu asmo dituzte Hezkuntza Legearen zuzenketak

Eusko Legebiltzarrean martxan da zuzenketak eztabaidatzeko lantaldea; azaroaren 22an onartu nahi dute Hezkuntza Legearen behin betiko testua hor, eta azaroaren 29an Hezkuntza Batzordean

Haur batzuk ikasgelan jolasean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Bi urte eta erdi inguruko prozesuaren ostean, jarri dute eguna: Eusko Legebiltzarreko talde politikoek azaroaren 22an onartu asmo dute EAEko Hezkuntza Legearen testua, lege proiektuari jarritako zuzenketak eztabaidatu eta adostu ostean. Egun horretan onetsiko dute dokumentua Eusko Legebiltzarrean zuzenketak eztabaidatzeko sortutako lantaldean. Hain zuzen, atzo sortu zuten zuzenketa partzialak eztabaidatzeko lantalde hori, eta lehen erabakia hartu zuten: egutegi bat finkatu zuten, eta BERRIAk egutegi hori eskuratu du. Dena dela, zehaztutako datak erreferentzia bat izango dira, eta alderdiek eskatu dute malgu jokatzeko. Hauek hartuko dute parte lantaldean: Gorka Alvarezek (EAJ), Ikoitz Arresek (EH Bildu), Maria Jesus San Josek (PSE-EE), Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU), Carmelo Barriok (PP) eta Jose Manuel Gilek (Ciudadanos). Onartutako zuzenketekin ondutako testua azaroaren 29an onartu nahi dute Hezkuntza Batzordean.

Egutegia egunez egun aztertuta, bihar ekingo diote eztabaidari, xedapen orokorrei buruz hitz eginez. Hurrengo bilkurak urriaren 30ean eta azaroaren 13an, 14an, 15ean, 20an eta 21ean izango dituzte. Egun horietako batzuk bereziki garrantzitsuak izango dira. Azaroaren 14an aztertuko dituzte hizkuntzen atalari jarritako zuzenketak, eta azaroaren 21ean zioen azalpena. Hain zuzen, azken atal horri EAJk eta PSE-EEk jarri zioten zuzenketa batek harrotu ditu hautsak; izan ere, hizkuntza ereduak aipatu zituzten, hezkuntza itunean eta Hezkuntza Lege proiektuan ez bezala.

Behin puntu guztiak eztabaidatuta, lantaldeak azaroaren 22an onartuko du dokumentua, adostutako zuzenketak txertatuta eta gainerakoak baztertuta. Hori argitara ateratzen bada, orduan jakingo da EAEko Hezkuntza Legearen behin betiko testuak zer jasoko duen. Alegia, egun horretan jakingo da, besteak beste, lege berriak hizkuntza ereduak jasoko ote dituen ala ez. Handik astebetera igaroko da dokumentua Hezkuntza Batzordetik, eta, lantaldean onartuta egonda, itxura guztien arabera, oniritzia emango diote bertan ere.

Orduan, jada pauso bat baino ez da faltako dokumentua lege bihurtzeko: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean adostutako testu hori onartu beharko dute. Alabaina, aurrez babes nahikoa eskuratuz gero, ez litzateke arazorik egongo azken saio horretan ere onartzeko. Beraz, egutegian jasotako datak errespetatuz gero, aukera egongo litzateke EAEko Hezkuntza Legea behin betiko onartzeko urtea amaitzerako.

Babesa zalantzan

Ikusteko dago azkenean legeak zenbateko babesa jasoko duen. Hizkuntza ereduak aipatu ala ez. Horixe izango da eztabaida nagusia. Hiru alderdi —EAJ, EH Bildu eta PSE-EE— daude jokoan, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek osoko zuzenketa bana aurkeztu eta lege proiektua Eusko Jaurlaritzara itzultzeko eskatu baitzuten —joan den asteko osoko bilkuran atzera bota zituzten osoko zuzenketa guztiak—.

EH Bilduk, apirilean, lege proiektua zabaldu berritan, esan zuen «bide onean» doazen «funtsezko aldaketak» ikusten zituela, eta testuak gainditu egiten zituela hizkuntza ereduak. Alabaina, diskurtsoa gogorragoa da testu horri zuzenketak aurkeztu zizkiotenetik, EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak aipatu izanagatik. Orduan «gidoi aldaketa bat» egon zela nabarmendu zuten, eta bi gobernukideei eskatu zien zuzenketaren esanahia argitzeko. Ikoitz Arrese legebiltzarkideak joan den astean esan zuen zuzenketa horrek zaildu egiten duela «adostasunerako esparrua». Eta Pello Otxandiano programa zuzendariak, harago joanda, nabarmendu zuen hezkuntza akordioaren «kudeaketa baztertzailea» egiten ari direla eta «inkongruentzia politikoa» dela hizkuntza ereduei eutsi nahi izatea.

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza «oso pozik» agertu izan da zuzenketagatik, eta uste du EAJrekin adostutakoak lagunduko duela testua hobetzen: «Batez ere, lagunduko du Euskadin ez ezartzen hizkuntza eredu elebakar bat, eta bermatuko du euskal familiek aukeratu ahal izango dutela beren seme-alabek zein eredutan ikasiko duten».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, berriz, esan zuen indarrean dauden hizkuntza ereduek 40 urte dituztela, eta, gehitu zuenez, «horiek ez dituzte betetzen ikastetxeek orain, 40 urteren ondoren, dauzkaten beharrak». Gainera, haren esanetan, EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dituzten zuzenketek hizkuntza eredu horiek «garatzeko eta eguneratzeko» aukera jasotzen dute. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, adierazi izan du ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharko duela, baina horiek ereduen sisteman oinarrituta egon beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.