«Desoreken» erretratu berria

Eskola segregazioari buruzko txosten bat egin du Jaurlaritzak. Datuek berretsi dute sare publikoan daudela jatorri atzerritarreko ikasle gehienak. «Sare bakoitzaren barnean» ere desorekak agertu dira

arantxa iraola
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Lehen Hezkuntzako zentroetan ikusten da, bereziki. Publikoetan, atzerriko jatorria duten ikasleak %22,8 dira; itunpekoetan, %9,6. Bigarren Hezkuntzakoetan ere bada aldea: publikoetan, ikasleen %18 dira; itunpekoetan, %11,6.Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ondu berri duen Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola sisteman azterlaneko datuetako batzuk dira. Lehendik ere jakina zena berresten dute: zentroen titulartasunaren arabera, «desoreka» argiak daude ikasle horiek hezkuntza sisteman duten presentzian, eta garbi dago: batez ere, sare publikoan ari dira. Ikerlana atzo goizean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek.

Sareen arteko desoreka onartu zuen, baina sare bakoitzaren «barneko desberdintasunak» ere hizpide izan zituen.«Badira sare bateko zein besteko zenbait ikastetxe jatorri atzerritarreko ikasle kopuru txikia eskolatzen dutenak, nahiz eta immigrazio tasa handia duten inguruetan egon», adierazi zuen: «Errealitatea askoz ere konplexuagoa da».Adierazi zuen datu berri asko dituztela, eta horien araberako neurriak ebazten ari direla orain: gero eta doiagoak. «Azterlanak gero eta erantzun hobea ematen lagunduko digu». Adierazi zuen finean «ekitatea» eta «gizarte kohesioa» bilatzen dituztela, eta ikasle orok eskolan «arrakasta» izateko era bermatu behar dela.

Jatorria atzerrian duten 33.079 ikasle daude egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan; Lehen Hezkuntzako ikasleen %16,4 dira, eta Bigarren Hezkuntzakoen %14,6. Eskola sarbideko «kontrola» areagotzea eta hezkuntza beharren indize handiena duten zentroak «lehenestea» bultzatzen ari da Hezkuntza Saila, beste hainbat neurriren artean, datuek erakusten dituzten desoreka horiek guztiak apaltzeko. Eskolatze batzordeetako irizpideak «homogeneizatzen» ere ari direla esan zuen Uriartek. Ikasturte erdian 6.000 ikasle inguru heltzen dira; aparteko arta eskatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.