PSOEren galga Txibiteri

Pedro Sanchezen taldeak esan du ez datorrela bat PSNk Nafarroan osatu nahi duen gobernuaren negoziazioekin, baina Txibitek eutsi egin dio bilera sortari

Pedro Sanchez eta Maria Txibite Iruñean, Espainiako Gorteetako bozen kanpainan egindako ekitaldi batean, joan den martxoaren 15ean. JESUS DIGES / EFE.
Maider Galardi
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko lehendakari izateko Maria Txibite egiten ari den saiakerari galga jarri dio Ferrazek, PSOEren Espainiako zuzendaritzak. «Ofizialki» esan du ez duela bat egiten Txibiteren estrategiarekin. Bihar hasiko ditu elkarrizketak PSNko buruak Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin, Navarra Sumarenaren bestelako gobernu bat osatzeko aukera aztertzeko. Hala izatekotan, EH Bilduren abstentzioa beharko luke Txibitek, eta, talde abertzalearekin ez duela negoziatuko hitzeman badu ere, El Confidencial egunkariak zabaldu eta beste hedabide batzuek baieztatu dutenez, Ferrazi ez zaio egokia iruditu EH Bilduren abstentzioa behar izatea. Txibitek, ordea, eutsi egin die negoziazioei, eta bihar bilduko da Uxue Barkosekin.

Joan den maiatzaren 26ko foru bozak irabazi zituen Navarra Sumak (UPN, PP eta C's), baina 20 ordezkari lortu zituen Nafarroako Parlamenturako —26 behar dira gehiengo osoa lortzeko—. PSN izan zen bigarren indarra, 11 aulki lortuta, eta Geroa Bairen, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren ordezkariak batuta, 23 eserleku lituzke Txibite buru duen bestelako gobernu proposamenak. EH Bilduk, baina, zazpi ordezkari lortu zituen hauteskundeetan, eta horietatik hiruren abstentzioa behar luke presidente izateko. Javier Esparza, berriz, presidente izateko Navarra Sumak nahikoa luke PSNren abstentzioa.

Azken egunetan PSNren iturriek zabaldu dute Txibiteren balizko gobernuak 160.000 boto ordezkatuko lituzkeela, eta, Navarra Sumarenak, berriz, 127.000. Beraz, Txibitek gobernua osatzen saiatzeko zilegitasun guztia lukeela diote.

PSOEren zuzendaritza orokorrak ohartarazi du EH Bildurekin negoziatzea «marra gorria» dela. Hala baieztatu dute beste hedabide batzuek, Ferrazko iturriak aipatuta. Izan ere, Txibite presidente hautatzeko bozketan ez ezik, ondoko lau urteetan ere EH Bilduren babesa beharko luke gobernu koalizio horrek hainbat proposamen aurrera eraman ahal izateko. Hori da, hain justu, PSOEren «kezka».

Madrili kasu egitekotan, Txibitek ez luke eragotzi beharko Esparza lehendakari egitea. Hala mintzatu zaio Navarra Sumako burua Txibiteri: «Pentsa ezazu ongi, eta entzun ezazu herritarren mandatua». Esparzak eskua luzatu dio PSNri, eta eskatu dio «politika abertzale eta identitarioetatik urruntzeko». Oroitarazi du, gainera, sozialistak bigarren indarra izan arren bederatzi ordezkariren aldea ateratzen diola Navarra Sumak PSNri: «Mezua argia da, eta errespetatu egin behar da».

Espainiako eskuina, alde

PSOErekin bat egin du Espainiako eskuinak. PPk eta Voxek «kezka» adierazi dute PSN izaten ari den jarrerarekin, eta Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak sozialistei eskatu die Nafarroa ez «oparitzeko» EAJri eta EH Bilduri: «PSOEk bere historia eta konstituzionalismoa errespetatu behar ditu, ez Nafarroan egiten ari dena egin». Halaber, gogorarazi du 2009an PPk Patxi Lopez (PSE-EE) babestu zuela Eusko Jaurlaritzarako, «musu truk»: «Alderdi konstituzionalista bat garelako, eta hori babestea zegokigulako». Iradoki du PSNk gauza bera egin beharko lukeela Navarra Sumarekin.

Santiago Abascal Voxeko buruak ere hitz egin du Nafarroari buruz. Haren ustez, «dramatikoa» litzateke Txibite Nafarroako presidente izatea EH Bilduren abstentzioarekin. Ciudadanosek, berriz, ohartarazi du herritarrek «oposiziora bidali» dutela aldaketaren laukoa: «Espero dugu PSOEk herritarren borondatea errespetatzea». Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkari nagusia argi mintzatu zaio PSNri: «Haiek erabaki behar dute konstituzionalistei gobernatzen utzi, ala abertzaleekin akordioa egin».

Hain justu, Ciudadanosek atzo erabaki zuen hauteskunde osteko negoziazioetan «marra gorria» dela Vox alderdi ultraeskuindarrarekin biltzea. Gainera, PSOE ari da Espainiako zenbait udal eta tokiko gobernuetan Ciudadanosekin akordioak egin nahian, eta, Albert Riveraren taldea Navarra Suma koalizioko kide denez, kolokan jar daitezke akordio horiek Txibitek Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin gobernua osatuz gero. PSNko idazkari nagusiak, ordea, zin egin zuen ez zuela Navarra Sumaren gobernua babestuko.

Bestalde, Eduardo Santos Ahal Dugu-ko Nafarroako idazkari nagusiak esan du ez dela garaia alderdi barruko lidergoak «auzitan jartzeko». Datorren larunbatean bilduko da Podemosen Estatuko Herritar Kontseilua, hauteskundeetako emaitzen balorazioa egiteko. Edonola ere, Santosek esan du ez duela estatu mailako proposamenik egingo. Espainiako Gobernutik hasi eta udaletaraino, akordioetarako zein irizpidetan oinarritu adostuko dute bertan.

Nafarroaren eragina EAEn

Nafarroan eta Madrilen ez ezik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere hautsak harrotu ditu Txibiteren «ezkerreko gobernu aurrerakoi bat» osatzeko proposamenak. Joseba Egibar EAJren GBBko buruak joan den astean adierazi zuen negoziazio mahai berean egon beharko luketela Iruñeko, Gasteizko eta Madrilgo akordioek.

Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren buruak, berriz, ohar egin die PSNri eta EAJri, ez badiote Navarra Sumari gobernatzen uzten, ez dutela Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan eta bestelako egitasmoetan babesik emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.