Poliziaren biktimak babesteko eskatu dio parlamentuak Txibiteri

Adierazpen batean, PPk, C's-ek eta Voxek 16/2019 legeari jarritako helegitea arbuiatu du. Biktimen erreparazioan pausoak emateko konpromisoa adierazi du, haien «ideologia» edozein dela ere

Fermin Rodriguez, Eneko Etxeberria eta Idoia Zabaltza, Nafarroako Parlamentuan, 2017ko otsailaren 18an. J. M. / FOKU.
jon olano
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu eta gero PPk, Ciudadanosek eta Voxek Poliziaren eta eskuin muturreko taldeen indarkeriaren biktimen legeari jarritako helegitea, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du foru arauaren aurkako helegiteen kontra. Zehazki, eskuineko hiru alderdien argudioak arbuiatu ditu, eta «motibazio politikoko indarkeriaren biktimen eskubideen defentsa berretsi» du, biktima horien «ideologia eta testuingurua edozein dela ere».

Bestetik, parlamentuak konpromisoa adierazi du Nafarroari biktimen aitortzaren alorrean «dagozkion eskubideak juridikoki babesteko» eta biktimen «aitortzarako eta erreparaziorako pausoak» emateko. Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatu dio bere egin ditzala konpromiso horiek. Zioen azalpenean, indar politikoek nabarmendu dute helegiteak tramiterako onartzea «foru autogobernuaren aurkako beste eraso bat» dela.

Nafarroako arauaren kasuan, PP, Ciudadanos eta Voxeko 50 diputatuk aurkeztu zuten helegitea, eta Auzitegi Konstituzionalak joan den ostiralean onartu zuen tramiterako. Hari oniritzia emanda, legea behin-behinean indargabetu du. Auzitegiak erabakiaren berri eman zien Nafarroako Parlamentuari eta gobernuari, eta hamabost eguneko epea eman zien alegazioak aurkezteko. Egun berean, auzitegi horrek tramiterako onartu zuen PPko 50 senatarik aurkeztutako helegitea; Eusko Legebiltzarrak apirilean onartutako legeari jarri zioten, Poliziaren abusuen biktimei aitortza eta ordaina emateari buruzkoari.

PSNren babesarekin

Adierazpena Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k erregistratu dute, eta PSN batu zaie bozketan. Ramon Alzorriz PSNko parlamentuko bozeramaileak azaldu du adierazpena PP, Cs eta Voxen argumentuaren aurkakoa dela, eta Auzitegi Konstituzionala «arau baten konstituzionaltasunaz» mintzatu dela, «ez Nafarroaren autogobernuaz».

Navarra Suma da adierazpenaren kontrako botoa eman duen indar bakarra, eta Javier Esparza bozeramaileak PSNri egotzi dio «EH Bilduren diskurtsoa bere egin» izana: «Lege horrek indartu egiten du ezker abertzaleak ETAren indarkeria hiltzaileaz egiten duen errelatoa; kontakizun interesatua da, hemen ez delako gerrarik egon, ezta bi alde ere, baizik eta erakunde terrorista bat eta askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik hildako herritarrak».

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak, berriz, uste du PP, Cs eta Voxen argudioak «kontraesanean» daudela «ganberarengehiengoak biktimekiko egiaz, justiziaz eta erreparazioaz daukan espirituarekin», eta argudiatu du Nafarroak eskumena daukala biktimen aitortzaren eta ordainaren esparruak lantzeko. Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak, ordea, azaldu du «kezkatzekoa» dela ontzat hartu izana helegitea, eta salatu hura aurkeztu zuten alderdiek «auzitegietan irabazi» nahi dutela «parlamentuan lortu ez dutena»: «Berriz agerian geratzen da haien obsesioa: funtzionario publikoek eragindako biktimak ez aitortzea».

Bestalde, Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak adierazi du «parlamentuak onartutako legeen defentsan» lan egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.