Batera aritzeko deia

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako hamar indar subiranistak autodeterminazioa aldarrikatu dute. EAJk ez du bat egin adierazpenarekin
Adierazpenaren sinatzaileak, atzo, Bartzelonan.
Adierazpenaren sinatzaileak, atzo, Bartzelonan. JESUS DIGES / EFE

Gotzon Hermosilla -

2019ko urriak 26
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako hamar indar subiranistak agiri bateratu bat aurkeztu dute Bartzelonako Llotja de Mar etxean (Katalunia), buruzagi independentista katalanen kontrako epaia kaleratu osteko egoera aztertzeko. Adierazpen horretan, «adostasun politikoa lortzeko beharrizana» nabarmendu dute sinatzaileek, eta bost puntu proposatu dituzte jarduteko batasun horren ardatz gisa, tartean, autodeterminazio eskubidea eta «preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera».

EH Bildu, BNG, Crida Nacional, CUP, Democrates, Esquerra Republicana, Esquerra Valenciana, Mes per Mallorca, Mes per Menorca eta PDeCAT-Junts per Catalunya talde subiranistek izenpetu dute adierazpena. EH Bildutik Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramailea egon dira Bartzelonako ekitaldian.

Sinatzaileek diotenez, egunotan egiaztatu da «ezinezkoa» dela Espainiako Estatuaren «erabateko demokratizazioa», frankismoaren eratorritako erregimenaren «erresistentziarengatik» eta Espainiako alderdi politikoen «borondate faltagatik». «Hainbat taldek eragotzi dute Espainia bere inguruko estatuen gisako estatu guztiz demokratiko bilakatu izana», erantsi dute; «giro politiko jakin batek eta, horrekin batera, alor juridikoko, ekonomikoko, polizialeko eta komunikazioaren alorreko talde jakin batzuek».

Halaber, alderdi subiranistek azaldu dute azken urteotan egoera hori zalantzan jartzen duten zenbait «joera» agertu direla, «batzuk estatu mailakoak, besteak estatu barruko nazio txikietakoak»; baina horren erantzuna izan dela Espainiako Estatua «geroz eta autoritarioagoa, demokrazia txikiagokoa eta errepresiboagoa den atzerabide batean» sartzea.

Agiriaren sinatzaileen ustez, Espainiako Estatuak ez du autodeterminazio eskubidea errespetatzen, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna izenpetu zuen arren; eta, horrekin batera, beste «atzerapauso demokratiko» ugari ere egin ditu; horien artean aipatu dituzte, besteak beste, botere banaketa falta, «nazioen aniztasunei begirune falta erabatekoa», atxiloketa arbitrarioak eta Poliziaren jazarpena.

Horri aurre egiteko, dei egin dute Espainiaren menpeko nazioek estatuarekin dituzten gatazka politikoak «modu demokratikoan eta egonkorrean» konpontzeko eta nazioarteko komunitateak «konponbide horietan lagun dezan» bultzatzeko.

«Espiritu eraikitzailerik» ez

EAJk ez du bat egin Llotja de Marreko Adierazpenarekin, eta «edukia eta testuingurua» aipatu ditu bere jarrera arrazoitzeko. Edukiari dagokionez, EAJk uste du adierazpenak ez duela «espiritu eraikitzailerik», 1998an EAJk, CiUk eta BNGk izenpetutako Bartzelonako Adierazpenaren kontrakarrean. Testuinguruari ere ez deritzote «egokiena», hauteskunde kanpaina hasteko hamar egun falta direla eta giro politikoa «nahasirik» egonda.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Gotzon Hermosilla

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna