Ikasleen erdiek baino gutxiagok dute erlijioa irakasgai modura Hegoaldean

Alde nabarmena dago sarearen arabera: itunpekoan, hirutik bik dute erlijioa ikasgaitzat, eta publikoan, lautik batek. Bi sareetan daude erlijioko ikasle gutxiago. Nafarroak bidea hasi du orduak gutxitzeko

Ikasleen erdiek baino gutxiagok dute erlijioa irakasgai modura Hegoaldean.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Ikastetxeetan gero eta pisu txikiagoa du erlijioak. Hego Euskal Herriko ikasleek aitortua dute ikasgai gisa erlijioa jasotzeko eskubidea, baina gero eta familia gutxiagok egiten dute hautu hori: erdiek baino gutxiagok. Espainiako Hezkuntza Ministerioaren estatistikak baliatuz BERRIAk landutako datuen arabera, Hegoaldeko ikasleen %56k ez dute ikasgai hori jasotzen. Erlijioa ikasten dutenei dagokionez, alde handia dago sarearen arabera: eskola publikoan, laurdenek ere ez dute jasotzen (%24), eta itunpekoan, hirutik bik (%66). Kontuan izatekoa da itunpeko sarean ikastetxe erlijiosoak direla asko, eta, beraz, ikasgai hori errotuta dutela ikasketa eskaintzan. Bi sareetan egin du behera erlijioaren irakaskuntzak, baina bereziki publikoan: hamabost urtean, ia erdira jaitsi da erlijioan ari direnen portzentajea. Ikasgai hori mugatzearen eta kentzearen aldeko ahotsak gero eta ozenagoak dira; atzo bertan, Nafarroako Parlamentuak egin zuen eskari hori.

Urteotan aldaketa eta gorabehera ugari izan ditu ikasgaiak. Erlijioari pisu handiagoa eman zion PPk, LOMCE erreformaren bidez: erabaki zuen aintzat hartu behar zela espedientean, eta, beraz, eragina izango zuela sarbide probetan eta beketan. Gainera, arautu egin zuen ordezko ikasgaia, erlijioa hautatzen ez dutenek jaso beharrekoa: Lehen Hezkuntzan, Balio Sozial eta Zibikoak; DBHn, Balio Etikoak. Aldaketa horiek atzera botatzeko asmoa agertua du PSOEren gobernuak, baina, gobernua osatu ezinaren eraginez, geldi dago aldaketa prozesua.

Lege aldaketa horiek gorabehera, nabarmena da pisua galtzen ari dela Erlijioa ikasgaia. Hara: 2002-2003ko ikasturtean, Hegoaldeko ikasleen %61ek zuten hautatua ikasgai hori; 2016-2017ko iksturtean, %44k. Publikoan eta itunpekoan, bi sareetan agertu da beherakada: itunpekoan, %77tik %66ra; publikoan, %44tik %24ra.

Datu horietan aintzat hartuak daude erlijioa eskaintzen duten hiru irakastaldiak: Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa. Badago aldea batetik bestera: derrigorrezko eskolaldian, alegia, Lehen Hezkuntzan eta DBHn, ikasleen ia erdiak ari dira erlijioan, %47, eta Batxilergoan, laurdenak, %24.

Eskaria Espainiari

Nafarroako Parlamentuan hizpide izan zuten Erlijioa ikasgaia atzo, bi lege proposamenen harira. Ezkerrak aurkeztu zuen bat: eskatu du ikasgai horren orduak ahal den eta gutxien izatea. Finean, Espainiako Gobernuak ezarritako gutxieneko ordutegitik ez pasatzea: astean ordubete. Legebiltzarrak aintzat hartu du proposamena, eta tramitazioari ekingo dio. Geroa Baik aurkeztu du beste lege proposamena: Espainiako legeak aldatzeko eskaria, erlijio katolikoa eskaintzea ez dadin derrigorrezkoa izan. Espainiako Kongresuari dagokio aldaketa hori egitea; beraz, Iruñeko parlamentuan tramitazioa egitean, Madrilera igorriko dute legea aldatzeko eskaria.

Bi proposamenak aintzat hartu ditu parlamentuak, baina zatiketa izan da. Batetik, Navarra Sumaren eta beste taldeen artean: bi proposamenen aurka bozkatu du eskuineko koalizioak, «askatasunaren aurkakoak» direlakoan. Gainerako taldeak ados daude oinarrian, Erlijioa ikasgaia eskolatik ateratzean, baina moduan desadostasuna dute. Ika-mika izan dute, adibidez, Geroa Baik eta Ezkerrak, nork bere proposamena defenditzean. PSNk ere agertu ditu eragozpen batzuk: Geroa Baik Espainiako Konstituzioa aldatzea proposatu du, baina ezetz esan dute sozialistek —ondorioz, puntu hori ez dute aurrera atera—.

Nafarroako Parlamentuan bakarrik ez, Eusko Legebiltzarrean ere gehiengoa azaldua da eskolatik erlijio katolikoa ateratzearen alde —EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos—. Joan den astean izan zuten hizpide auzia, LAB sindikatuaren agerraldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.