Aurrez esan gabe, aurreikusita

Legebiltzarrerako hauteskundeetatik hilabete igarota, EAJk eta PSE-EEk isilean daramatzate gobernu akordio posible baterako elkarrizketak. Baliteke irailaren 3an izatea lehendakariaren inbestidura saioa

LUIS TEJIDO / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Hilabete da jada uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirela, eta aurreikusteko modukoa da EAJren eta PSE-EEren arteko harremanak bere horretan jarraituko duela datorren legegintzaldian ere: elkartuta. EAJk lortu zituen boto gehien bozetan, eta, 31 eserleku lortuta —duela lau urte baino hiru gehiago—, alde handia atera die bertze alderdiei. Ez du nahikoa, ordea, bere kabuz gehiengo osoa osatzeko, eta Iñigo Urkulluk PSE-EEren babesa beharko du aise gobernatu nahi badu. Gehiengo osoa lukete bi alderdien artean, hain zuzen: 75 eserlekuetatik 41—hamar ditu PSE-EEk—. Duela lau urte baino babes zabalagoa litzateke hori: 37 eserleku zituzten orduan bien artean.

Ez alderdi batek ez bertzeak ez dute inongo akordioren berri eman oraindik, ordea. Lehendakariaren inbestidura saioa irailaren 3an izatea espero da, baina, BERRIAk jakin ahal izan duenez, azkenera arte ez dute hitzarmen posiblearen berri emanen. Bildu, bildu dira, halere: uztailaren 20an egin zuten lehendabiziko bilera, Bilbon, eta batzar haren ondotik adierazi zuten «albait arinen» eratu nahi zutela gobernu berria. Baliteke akordioa abuztuaren azken astean edo irailaren lehenean iristea.

Hainbat iturriren arabera, «sintonia» dago bi alderdien artean izaten ari diren elkarrizketetan, eta orain arte gobernu programari buruz aritu dira negoziazioan. Gobernuaren osaketaz eta arduren banaketaz, ordea, oraindik ez lukete hitz egin izanen.

Ez da berria EAJren eta PSE-EEren arteko harremana: 1987tik 1999ra elkarrekin jardun zuten gobernuan, eta 2016tik aurrera ere hala aritu dira. Eusko Legebiltzarrean ez ezik, bertzelako instituzioetan ere ari dira elkarrekin: udaletan eta foru erakundeetan.

Haien arteko harremana argi gelditu zen Legebiltzarreko Mahaiaren osaketa saioan ere, joan den abuztuaren 3an. Aurrez akordioa egin zuten EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek mahaia osatzeko, eta Bakartxo Tejeria izendatu zuten legebiltzarreko presidente, hirugarren aldiz jarraian. PSE-EEri presidenteordetza eman zioten.

Eusko Legebiltzarrak egina du, halaber, inbestidura saioa irailaren 3an egin ahal izateko urratsa. Parlamentarien bateraezintasuna aztertu behar dute inbestidura saioa hasi ahal izateko, eta joan den ortzegunean erabaki zuten zein kidek eginen duten azterketa hori. Biharko osoko bilkuran eginen dute, eta, parlamentarien ondasun eta jarduerak bateragarriak direla onartuz gero, Tejeriak lehendakaria izendatzeko hasiera eguna zehaztuko du: itxura guztien arabera, irailaren 3a.

Desadostasun posibleak

2016an, EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrerako akordioa egin zutenean, Gernikako Estatutuaren erreforma egitea adostu zuten. Eusko Jaurlaritzak oraindik ere eskualdatu gabe dauzka zenbait eskumen, ordea, eta Eusko Legebiltzarrean testurik adostu gabe amaitu da estatus politiko berriari buruzko eztabaida. Orain ere horixe izan daiteke EAJren eta PSE-EEren arteko desadostasun iturria. Espainiako Gobernuan, gainera, PSOE dago agintean.

Zenbait iturriren arabera, EAJk erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko moduan eraldatu nahiko luke Gernikako Estatutua —hauteskunde programan konpromisoa hartu zuen estatus berriaren testu artikulatuak nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea eta Espainiako Estatuarekiko aldebiko harremana jaso ditzan—. PSE-EEk, ordea, eskubide sozialetan jarri nahiko luke arreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.