Eva Ferreira izango da EHUko errektore, boto haztatuen %66rekin

Parte hartze makurra izan da EHUko hauteskundeetako protagonistetako bat: botoa ematera deituta zeudenen %7,7 baino ez dira joan. Balluerkaren emaitzak berdintzea lortu du Ferreirak

Eva Ferreira izango da EHUko errektore, boto haztatuen %66rekin.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Eva Ferreira Garcia izango da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hurrengo errektorea. Atzo egin zituzten hauteskundeak, eta bera izan zen hautagai bakarra; beraz, nahikoa zuen botoen herena lortzearekin, baina babes askoz zabalagoa jaso zuen: boto haztatuen % 66,2 alde izan zituen Ferreirak. Dena den, aurreikusi bezala, parte hartzeak utzi zuen datu esanguratsuena: %7,7koa izan da; %12koa izan zen 2016ko bozetan.

Beste behin ere, hautagaitza bakarra izan da EHUko bozetan. Ez da lehenengo aldia: Nekane Balluerka bakarrik aurkeztu zen duela lau urte, eta hala egin zuen Iñaki Goirizelaiak ere 2012an. Legedia aldatuta, errektoregai bakarrak ezin du aurkako botorik jaso, alde edo zuri baino ezin da bozkatu; eta botoen herena lortzea nahikoa denez, Eva Ferreirak ez du arazorik izan.

Botoa ematera joan direnen artean, ordea, babes zabala jaso du: boto haztatuen %66,2 izan dira Ferreiraren zerrendarentzat. Horrela, Nekane Balluerkak duela lau urteko hauteskundeetan lortutako emaitzak errepikatzea lortu du: botoen haztatuen %66,3 izan ziren Balluerkarentzat.



Ikasleen artean lortu ditu emaitzarik onenak Ferreirak. Hain zuzen, botoa ematera joan diren ikasleen %71,4k egin dute haren alde, eta %25,4k bozkatu dute zuri. Talde horretan, nabarmen hobetu ditu duela lau urteko emaitzak: ikasleen %55,2k egin zuten Balluerkaren alde. Kontuan hartu behar da botoen pisuaren %22,08 dutela ikasleek.

Dena den, Balluerkak baino emaitza kaskarragoak jaso ditu Ferreirak beste talde guztietan. Azken emaitzan, irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren botoak du pisurik handiena —%56,25 dagokie—, eta baleko emaitza lortu du Ferreirak: %65,5ek aldeko bozka eman dute, duela lau urtetik bost puntu eta erdi jaitsita. Irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen artean, %57,1en babesa jaso du, hamar puntu jaitsita. Gaienerako irakasle eta ikertzaileen artean, berriz, 59,7k egin dute Ferreiraren aldeko hautua, eta talde horretan izan du jaitsierarik handiena: %72,4aren babesa izan zuen Balluerkak; Ferreirak, %59,7arena. Azkenik, AZP administrazio eta zerbitzuetako langileen %58,2k bozkatu dute Ferreiraren alde, orain dela lau urtetik bost puntu pasatxo jaitsita.

COVID-19aren eragina

Egunaren alderdi iluna parte hartzearena izan da: deituta zeudenen %7,7k eman dute botoa. Ohikoa denez, ikasleen parte hartzea izan da baxuena: %2,1 soilik hurbildu dira hauteslekuetara, 2016tik ia hiru puntu jaitsita; haiek dira talderik jendetsuena, 40.000 estudiantek baitute parte hartzeko eskubidea. Aldiz, doktore iraunkorren %66,4k erabaki dute botoa ematera joatea, baina hor ere jaitsiera egon da duela lau urteko bozekin alderatuta, zortzi puntu pasakoa. Beste taldeen parte hartzea ere ez da oso altua izan. Iraunkor ez- doktoreen artean, %50,8k bozkatu zuten —botoen %7,5 erabakitzen dute—, duela lau urtetik hamabost puntu jaitsita. Gainerako irakasle eta ikertzaileei dagokienez, %19,6k bozkatu zuten, azken hauteskundeetatik bederatzi puntu jaitsita. AZPek %12,08ko pisua dute, eta %39,2ek parte hartu dute, 2016an baino 21,1 puntu gutxiago.

Ferreirak hauteskundeen balorazio positiboa egin zuen atzo, baina onartu zuen ez dela kanpaina erraza izan, COVID-19a eta hautagaitza bakarra izatea tarteko, zailtasunak izan dituztelako unibertsitate komunitatera gerturatzeko. Bestetik, hainbat ikasle taldek salatu dute Ertzaintzaren presentzia «handia» izan zela atzo EHUren campusetan.

Barakaldon (Bizkaia) jaio zen Ferreira 1963an, eta Ekonomia Aplikatuko katedraduna da. Euskara da bere muga nagusietako bat: euskaraz hitz egiteko zailtasunak ditu. BERRIAri ziurtatu zionez, euskara ikastea du erronka, eta belarriprest gisa ari da parte hartzen Euskaraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.