Auzitegi Gorenak auzia ireki du Manu Aierdi kontseilariaren aurka

Bide eman dio Sodenak Davalorren egindako operazioaren kontra UPNk ekainean jarritako kereilari. Gobernuaren arabera, auzitegiak Aierdi ikertzea erabakiz gero, kontseilari izateari utzi beharko dio

Manu Aierdi, Garapen Ekonomikoko kontseilaria, gobernuaren prentsa aretoan, azalpenak ematen, iaz. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñeaa
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak «harridura handiz» hartu zuen albistea, atzo. Komunikabideen bidez jakin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu duela ekainean UPNk bere aurka jarritako kereila bat. Sodena sozietate publikoak Davalor enpresari2,6 milioi euro mailegatu zizkion 2015eko udazkenetik 2017ra bitartean. Aierdi Sodenako presidente zenez, UPNk prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatu dio. Era berean, Aierdi foruduna denez, Goreneko bigarren aretoak hartu du auzia bere gain, eta magistratu bat izendatu du auzia ikertu dezan. Nahiz eta oraingoz Gorenak salaketa tramiterako baino ez duen onartu,Navarra Sumako Javier Esparzak Aierdi kargugabetzeko eskatu zion Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari. Gobernuak erantzun du auzitegiak Aierdi ikertu gisa hartuz gero, kontseilari izateari utziko diola.

Auzia ez da berria Nafarroan. Iragan legealdian, Aierdik hainbat aldiz eman zituen azalpenak parlamentuan, Sodenak Davalorren alde egindako apustu hura gaizki atera zelako. Davalor 2011n sortu zen. Ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko makina konplexu bat garatu zuen, baina teknologia handiko makina hori merkaturatzeko bidean zor handia pilatu zuen; proiektua azkenean hondoratu egin zen. Porrot egin aurretik, arrisku kapitaleko sozietate publiko bat denez, Sodenak estrategikotzat jo zuen proiektua. Aierdik parlamentuan azaldu zuen jabetzen zirela enpresaren finantza egoera larriaz, baina arriskua hartu zuten: inbertitzaileak topatuz gero «potentzialitate handiko egitasmoa» zela baloratu zuten. Lanpostu ugari sor zitzakeen aurrera egitea lortuz gero.

Apustu ekonomiko hura gaizki atera zen azkenik, eta Davalorren auzia Uxue Barkosen gobernuan pisu politiko handia zuen Manu Aierdiri eraso egiteko baliatu zuen UPNk. Asmo horiek jakinda, 2018 amaieran parlamentuko taldeek ikerketa batzorde bat osatu zuten Davalorrez gain iraganeko beste proiektu polemikoak aztertzeko. Azken ondorioetan ez zuten Davalor aipatu, baizik eta Iberdrolaren akzioen %1 erosteko operazioa, 2005ean Miguel Sanzen agintaldian egindakoa.

Batzorde hartan ezer lortu ez bazuen ere, UPNk aurrera jo eta kereila aurkeztu zuen Gorenean. Bigarren Aretoak bide eman dio:behin-behineko balorazioan, kereilak aipatutako ustezko deliturako nahiko zantzu egon daitezkeela uste du. Operazioa ikertzea merezi duelakoan, Andres Palomo del Arco magistratuari eman dioteinstrukzioaren ardura.

UPNren kereilak dio Sodenaren barne kontroleko prozedurak errespetatu gabe baimendu zela 2015eko irailean Sodenari emandako lehen mailegua. Halaber,Davalorrek kontu ekonomikoak aurkeztu gabe eta Gizarte Segurantzarekiko zorra eguneratu gabe zuela beste bost mailegu eman zitzaizkiola gaineratzen du.

Atzo, Navarra Sumako Javier Esparzak Aierdi kargutik kentzeko exijitu zion gobernuari. Esparzak azaldu duenez, 14/2004 foru legearen arabera, auzitegi batek auto batean arduradun politiko bat ikertu gisa badauka eta Zigor Kodeko hainbat delituren zantzuak identifikatzen baditu, politikari horren kargua ez da bateragarri emandako konfiantzarekin. «Ez da posible gobernuak onartutako lege bati izkin egitea. Aierdi kargutik kentzeko ardura Txibiteri dagokio. Eskatzen diogu legea bete dezala».

Gobernuaren erantzuna

Foru lege horretako 68. artikulua zehatza den heinean, gobernuak erantzun du Auzitegi Gorenak ikertu gisa hartuz gero, Aierdik kontseilari izateari utziko diola. Nafarroako Gobernuaren prentsa oharraren arabera, auzitegiak instrukzio epailea izendatu du eta auzia bere gain hartu du. Gobernuaren arabera, oraindik ez du kereila tramiterako onartu, eta instrukzio epaileak hartzen duen erabakiaren zain geratuko da.

Geroa Baiko Uxue Barkosek konfiantza agertu du Gorenak zalantzak argituko dituela: «Ez dugu zalantzan jarriko Auzitegi Gorenak dioena, baina adierazi nahi dugu konfiantza dugula duda oro argituko duela».

EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, auzibidea hasiera-hasierako urratsetan baino ez dago: «Tramiterako onartu izan da; prozedura barruko tramite bat da, eta goiz da ezer baloratzeko». Ohartarazi du auziak aurrera joz gero, aurrekaria ezar dezakeela iraganeko beste operazioekin: «Sodenak hainbat azterketa juridiko eta ekonomiko egin zituen Davalorri buruz, eta gertatu dena da emaitza negargarria izan dela altxor publikoarentzat. Beste batzuetan ere hori gertatu da, baina inork ez ditu arduradunak auzitara eraman. Garai egokia izan liteke Sodenak huts egindako jarduerak berrikusteko, UPNren agintaldian ez baitu inork azalpenik eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.