Motibazio politikoko biktimen legea abiarazi du Nafarroako Gobernuak

Aitortzaren batzordea osatuko dutenak izendatzeko prozedurari ekin dio, eta araua osorik garatzeko dekretua lantzen hasi da. Martin Zabalzak barkamena eskatu du, «berandu» datorrelako

Ana Ollo eta Martin Zabalza, atzo, parlamentuko Herritarrekiko Harremanetako batzordean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Abian jarri gara». Sei urteren ondoren, lehen pausoak ematen hasi da Nafarroako Gobernua eskuin muturreko taldeek eta Espainiako segurtasun indarrek eragindako indarkeriaren biktimak aitortzeko bidean. Maiatzaren 18an, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onetsi egin zuen bi urte lehenago parlamentuak aurrera ateratako legea —aldi berean, auzitegi horrek, 2018an, baliogabetu egin zuen lehen legea—. Horregatik, atzo, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak nabarmendu zuen azken ebazpen horrek azkenik bide «zailean» aurrera egiteko modua emango diela, eskuineko alderdiek orain arte jarritako «traba eta eragozpenak» gainditu ostean. Haren irudiko, «bidegabeko sufrimendua aitortzeko eta erreparatzeko lehen urratsa» izan da auto hori.

Motibazio politikoko biktimen aitortza prozedura administratibo bidez egingo da, eta horren gaineko xehetasunak aurreratu zituzten atzo Ana Ollok eta Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza arloko zuzendariak. Aitortzaren eta Erreparazioaren Batzordea arduratuko da biktimen eskaerak aztertzeaz. Txosten bat landuko du, eta bake eta bizikidetza arloko zuzendaria arduratuko da haren edukia aztertu eta behin betiko ebazpena emateaz. Zabalzak nabarmendu zuen bere zuzendaritzaren egitura barruan egonagatik batzordearen jarduera «independentea» izango dela.

Bederatzi pertsonak osatuko dute batzordea. Haien artean egongo dira Zabalza bera eta Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria. Gainerako kideen artean, bi auzi mediku eta psikologo bat egongo dira, eta Justizia Departamentuak proposatu dizkie jada hiru hautagai. Horrez gain, parlamentuak berak lau kide izendatu beharko ditu, eta eskaera jada egin da: «Zuena da orain izendapen horiek hitzartzeko erronka», adierazi zien Ollok parlamentariei. Azkenik, gobernuak jada ekin dio legea garatuko duen dekretua lantzeari. Espero da hilabeteak beharko dituela.

Ana Ollok eta Martin Zabalzak azpimarratu zuten ez direla hutsetik hasiko, baina, era berean, gaineratu zuten Konstituzionalaren bermea izateak segurtasun juridikoa emango diola haien jardunari. «Aitortza horrek demokrazia sendotzen du, eta berriro ez errepikatzeko bermea da. Bidezkoa da gaur, bidegabea izan zelako atzo. Beharbada, gehiegi berandutu gara. Hala bada, berandu aritzeak mina eragin badie, barkamena eskatzen diet», esan zuen Martin Zabalzak.

Erantzukizunak argitu ezin diren heinean, legeak gabeziak dituela eta biktimek euren eszeptizismoz hartu dutela azaldu zuen EH Bilduko Bakartxo Ruizek. Horregatik, gobernuari eskatu zion aitortzaren prozedurari buruzko informazioa zabal dezala, eskaerak egin ditzaketen guztiengana hel dadin. Halaber, epeak malgutzea eta «ahalik eta baliabide gehien» jartzea galdegin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.