Koronabirusa

Ziurtagiria urtarrilaren 6ra arte jarri nahi du indarrean Nafarroak

Nafarroako Gobernuak datorren astean eskatuko dio baimena Auzitegi Nagusiari. Gaueko aisialdiko lokaletan eta ekitaldi jendetsuetan eragingo du. EAEn ziurtagiria onestearen alde agertu da fiskaltza

Langile bat COVID ziurtagiria eskatzen, ostatu batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusaren intzidentzia gora eta gora ari da Hego Euskal Herrian. COVID-19ari aurre egiteko helburuarekin, Nafarroako Gobernuak COVID ziurtagiria eskatzen hastea proposatuko dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari. Datorren astean egingo du eskaera, eta, onartuz gero, gaueko aisialdirako lokaletan —00:00etatik aurrera—, 50 lagunetik gorako edukiera duten jatetxeetan, eta ekitaldi jendetsuetan eskatuko dute ziurtagiria. Neurria azaroaren 27tik heldu den urtarrilaren 6ra bitartean egongo litzateke indarrean.

Eskatu nahi duten dokumentuak hiru kasu hartzen ditu: lehenik, txertaketa ziurtagiria eduki behar da; bigarrenik, PCR negatibo bat, azken 72 orduetan egindakoa, edo antigeno test negatibo bat, azken 48 orduetan egindakoa; hirugarrenik, COVID-19a igaro ondoren jasotzen den osatze ziurtagiria 180 eguneko baliozkotasuna du. Ziurtagiria eskatzeaz gain, Nafarroako Gobernuak iragarri du kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina bat egingo duela. Bertan, «garrantzi handia» emango diote maskara erabiltzeari metro eta erdiko distantzia mantendu ezin den barruko eta kanpoko tokietan.

Eusko Jaurlaritzak ere eman ditu COVID ziurtagiria ezartzeko pausoak, «beste transmisio olde bat eteten laguntzeko» eta «txertaketa are gehiago sustatzeko» asmoz. Hain zuzen ere, ostegunean eskatu zion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari neurria ezartzeko baimen judiziala, eta fiskaltza neurriaren alde agertu zen atzo. Txosten batean adierazi zuenez, «bidezkoa» da Jaurlaritzak eskatutako baimena.

Auzitegiko administrazioarekiko auzien salak astelehenean hartuko du neurriari buruzko erabakia, eta, onartuz gero, koronabirus ziurtagiria dantzarako eta aisialdirako jarduerak eskaintzen dituzten lokaletan eta 50 lagunetik gorako edukiera duten jatetxeetan erakutsi beharko da.

Ikusi gehiago:Intzidentzia tasa gora doa Hego Euskal Herrian

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo adierazi zuenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken egunetako datuak «oso antzekoak» dira, eta koronabirusaren «goranzko joera» lehengoan da: 247,17raino igo da intzidentzia tasa metatua. Nafarroari dagokionez, gero eta gehiago dira kasu positiboak: atzo zabaldutako datuen arabera, 274 positibo atzeman zituzten. Horrez gain, bi hildako eta bost ospitaleratze izan ziren COVID-19aren ondorioz.

Hezkuntzan ere badu eragina intzidentziaren igoerak, umeetan altua baita: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, guztira 87 ikasgela daude itxita 53 ikastetxetan. Nafarroan, berriz, Lehen Hezkuntzako 55 gela itxi dituzte, eta Haur Hezkuntzako hamasei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.