Justizia errestauratiboa delitu mota denetara zabalduko du Jaurlaritzak

Plan estrategikoa maiatzerako zehaztuko dute, eta ekainaren amaieran martxan jarriko dituzte lehen ekintza informatiboak. Artolazabalek adierazi du espetxeak «oso egoera txarrean» jaso zituztela

Beatriz Artolazabal, aurrean, eta Jaime Tapia, atzean, atzo goizeko prentsaurrekoan, Gasteizen. IREKIA.
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Sei hilabete igaro dira Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena jaso zuenetik. «Jasotako herentzia» kudeatzeko erraza izan ez den arren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek uste du urrats asko egin dituztela «norabide egokian», nahiz eta sistema integral bat izatetik «oso urrun» egon. Hala, 2022-2025 aldirako plan estrategikorako proposamena aurkeztu du, justizia errestauratiboa sustatzeko asmoz, baita espetxe sisteman ere.

Jaurlaritzaren Justizia Errestauratiboaren Estrategia eratze prozesuan dago oraindik, baina hark izango dituen ezaugarri batzuen berri eman du erakundeak. Eugenio Artetxe Justizia zuzendariaren esanetan, hiru ardatz izango ditu: justizia errestauratiborako sarbidea erraztea, ezagutzaren eta konfiantzaren gutxieneko kalitate estandarrak ezartzea eta gizartean kultura aldaketa bat bultzatzea. Horretarako, 77 ekintza prestatuko dituzte, hemezortzi helburu lortze aldera. Jaime Tapia espetxe arloko aholkulariaren esanetan, ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran ekingo diote lehen ekintzak martxan jartzeari espetxeetan. Izan ere, delitu arinetan soilik ez, larrietarako ere baliatu nahi dute justizia eredu berria. «Askatasunik gabeko pertsona guztientzat izango da, eginiko delitua edozein dela ere», azaldu dute, eta gehitu guztiek eskubide eta betebehar berak izango dituztela.

Tapiak ez du eman ekintzen inguruko xehetasunik, baina adierazi du justizia errestauratiboa «zer den azalduz» hasi behar dela. Hortik aurrera, prozesu errestauratiboetan parte hartuko duten langileen prestakuntza bultzatu nahi du Jaurlaritzak, eta justizia mota hori gune komunitarioetara zabaltzeko sare bat eratu. Espetxe aholkulariaren esanetan, baina, Eusko Jaurlaritzaren estrategiak orain arteko saiakerek izan ez duten espezifikotasun bat izango du: hasieratik hasiko dira biktimekin gaia tratatzen. Hala, Artetxek uste du orain arteko saiakerek izan dituzten «okerrak» saihestuko dituztela, hala nola estandar argirik ez zehaztea, prestakuntza falta, eta delitu larrietan ez aplikatu izana.

Justizia errestauratiboaren alde egiteko urratsak helburu du «kaltetutakoei eta kaltearen erantzuleei aukera ematea aktiboki parte hartzeko delituaren ondorioak konpontzen», Artolazabalen hitzetan. Prozesu horrek biktimentzat, biktimarioentzat eta gizartearentzat onurak dakartzala esan du sailburuak. Artetxek, berriz, gehitu du kalteak erreparatzea izango dela lehentasuna, eta ez egilea zigortzea.

Jaurlaritzaren estrategia berriaren oinarrietako bat gazte justiziaren arloan hartutako neurriak dira: Artolazabalen hitzetan, 2014tik 2018ra 1.812 prozesu errestauratibo egin ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 2019an, berriz, 1.260 espediente tramitatu zituen Justizia Errestauratiboen Zerbitzuak. Prozesu horiek «emaitza bikainak» eman dituztela uste du. Era berean, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak «terrorismoaren biktimei eta giza eskubideen urraketen biktimei» emaniko arreta eta Biktimari Laguntzeko Zerbitzuen lana ere nabarmendu ditu.

Gaur aurkeztutakoa, baina, proposamen bat da oraindik, eta, apirilean, zigor eta espetxe sistemetako operadoreekin kontrastatuko dute. Emaitzak maiatzaren 5ean eta 6an Bilbon egingo diren nazioarteko jardunaldietan aurkeztuko dituzte, ekarpenak jaso eta behin betiko testu bat idazteko.

Sistema integral baterantz

Espetxe kudeaketaren eskumena bereganatu duenetik Jaurlaritzak eginiko urratsak ere aztertu ditu Artolazabalek. Haren esanetan, albiste ona da aferaren inguruko «albiste negatiborik» ez egotea. Izan ere, sailburuak kritikatu du Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) kartzelak «oso egoera txarrean» zeudela haien kudeaketa hartu zutenean; besteak beste, hezetasuna desagerrarazteko lanak egin behar izan dituzte. Sailburuaren esanetan, gainera, hiru espetxeen arteko elkarlana sustatzeko urratsak egin diren arren, «lehen mailako moduluak eta erdi askatasuneko erregimenak sustatzeko behar adina bizigune izango dituen sistema integral bat» osatzea urrun dago oraindik.

Eginiko jardunbideei dagokienez, Tapiak azaldu du pausoak eman dituztela askatasunik gabekoen mende dauden adingabeen arreta hezitzailea eta terapeutikoa bermatzeko, baita gaixotasun larriak edo sendaezinak dituztenen bizi baldintzak hobetzeko ere, bizileku baliabideak prestatuz. Osasun Sailarekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin elkarlanean ari dira horretarako, baita, besteak beste, suizidioaren prebentziorako ekintzak bultzatzeko ere.

Berritasunetako bat Eudel Euskal Udalen Elkartearekin hasitako elkarlana da. Jaurlaritzak eta erakunde hark hitzarmen bat sinatu dute «espetxeratzearen ordezko zigorrak eta neurriak gauzatzeko eredu bat prestatze aldera». Era berean, neurri gehiago hartzeko hizketan ari dira foru aldundiekin eta justiziako hainbat estamenturekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.