«Borrokatzeko garaia da»

Hilabeteotan Bizkaian gertatutako erasoak jarri ditu jomugan E28 koordinakundeak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. «Beldurra alde batera utzi», eta antolatzeko deia egin dute

E28 Koordinakundeak egindako deialdiari erantzunez, ehunka pertsona elkartu ziren atzo Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Erasoen aurrean transmaribollo autodefentsa lelopean ehunka pertsona elkartu ziren atzo iluntzean Bilboko Arriaga antzokiaren parean, Bizkaiko E28 koordinakundeak egindako deialdiari erantzunez. Egoeraren larritasuna azaltze aldera, azken hilabeteotan izandako erasoak zerrendatu zituen koordinakundeak, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Besteak beste, Bilboko Moma diskotekan berriki izandako eraso lesbofoboa, Zornotzako talde erasoa, eta Getxoko erasoa izan zituzten gogoan. «Eta noski, gogoan ditugu azken hilabeteetan Bilbon hil dituzten zortzi marikak. Agur eta ohore».

Kolektiboko kideak kezkaz mintzatu ziren atzoko kontzentrazioan, azkenaldian indartu diren gorroto diskurtso ugariengatik eta baita komunikabideek kolektibo horien aurkako erasoei ematen dieten trataeragatik ere. Urtero legez, hainbat eragilek egin zituzten elkarretaratzeak Euskal Herriko hiriburuetan. Herritarrek grinez egin zuten bat deialdiekin, eta tinko egin zuten protesta hainbat herritan.

E28 koordinakundeak adierazi zuen gizartean «indarkeria bolada bat» gertatzen ari dela azkenaldian, eta hori ekiditeko, «erakunde, alderdi politiko, komunikabide, elkarte eta sindikatu guztiak» jarri dituzte jomugan: «Gure heriotzei garrantzia kentzen dietenen isiltasun konplize guztiak salatzen ditugu». Beste kasu batzuen artean, hedabide batzuen «beldurra zabaltzeko» joerak kolektiboko kideei kalte egin diela nabarmendu dute: «Gertakari horiekin morboa elikatzen saiatzen dira, baina gure bizitzak garrantzitsuak dira».

Horrez gainera, sistema polizial zein judizialek kolektiboko kideak «bigarren mailako subjektu gisa» hartzen dituztela salatu dute, eta emandako arreta ere «desberdina» dela gehitu: «Nola azaldu bestela erailketa jarrai hauek antzemateko ezintasuna, egiturazko homofobia baten ondorio ez bada? Lehen gertatzen zen, eta oraindik ere gertatzen da». Beste alde batetik, «botere eta diruaren inguruan» mugitzen diren erakundeak ere seinalatu zituen E28 koordinakundeak: «Zuek ere konplize zarete: saltzen saiatzen zareten turismo hiriak gu eta gure bizilagunak akabatzen eta etxetik botatzen gaitu. Ez gara indarkeria horren partaide izango».

Saretzeko beharrizana

Gorroto diskurtsoaren gorakadagatik larrituta agertu da koordinakundea, eta «larruazaleko poro guztietatik sartu nahi duten beldurra alde batera utzi», eta saretzeko deia egin dute: «Bada garaia antolatu eta eraso guztien aurka borrokatzeko». Autodefentsa «indartu», eta, horrekin batera, erasoei erantzun beharra nabarmendu dute: «Ez dira pasatuko!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.