Albistea entzun

Aldarrikatu bainoago, egin

Herrigintzan eta balio eraldatzaileetan sustraitutako euskalgintza baten alde egin dute Donostian, adibidetzat hartuta Laba espazioa, Lau Haizetara euskara elkartea eta Tokikom hedabideen sarea
Yasmine Khris Labako kidea, Mikel Azkarate Lau Haizetarakoa eta Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakaria, atzo, Donostiako Miramarren.
Yasmine Khris Labako kidea, Mikel Azkarate Lau Haizetarakoa eta Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakaria, atzo, Donostiako Miramarren. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko ekainak 29 - Donostia

Balio aurrerakoiak sustatzeko nahia, euskara horietarako bitarteko izanda: helburu hori antzematen zitzaien atzo eguerdian Euskararen aldeko aktibazio soziala: aukerak eta proposamenak jardunaldian hizlari aritutako hiru lagunei: Errenteriako Lau Haizetara elkarteko Mikel Azkarateri, Iruñeko Laba proiektuko kide Yasmine Khrisi eta Tokikom tokiko komunikabideen sareko presidente Iban Arantzabali. Eragiteko eta herrigintza egiteko moduez aritu ziren, euren elkarteek euskalgintzan funtzio ezberdina izanagatik.

Azkaratek, esaterako, kide den Lau Haizetara-ren bilakaera azaldu zuen, eta garaian-garaian hartutako erabakiak arrazoitu. Pandemia garaian egindako barnera eta kanpora begirako hausnarketa baten ondorioz «gako berriak» agertu zirela azaldu zuen, eta erabaki zutela herrigintzan gehiago zentratzea: «Erabaki zen herritarren topagune bihurtzea, non hizkuntza sustapena eta komunitatearen garapena uztartzen diren». Printzipio hori «norabidetzat» harturik garatu dituzten bi proiektu aipatu zituen. Elkarrekin ikasiz izenekoa, batetik. Euskara urrun duten haurrei eskolarako errefortzu klaseak eman dizkiete, boluntarioen bidez. Hala, euskararekin lotura egin dute haur horiek, babesa jasotzearekin batera. Arrisku bat ere baduela zehaztu du Azkaratek, dena den: «Euskara eremu formalarekin lotzekoa».

Bestalde, odol emaileentzako zerbitzu bat ere sortu dute. Horretan jarduten zuen elkarteari erreleboa hartu, eta jardun hori zaintzaren eta hizkuntzaren ikuspegiarekin busti nahi izan zutela azaldu zuen. Horrela, besteak beste, zerbitzu hori jasotzen duten gehienek, gaur egun, euskaraz jasotzea lortu dute, azaldu zuenez.

Aktibazio sozialak «komunitatearen eta pertsonen beharrekin» konektatu behar duela argudiatu zuen Azkaratek, eta, halaber, «justizia sozialaren» ikuspegia txertatua izan behar duela. Bestelako gako batzuk ere zerrendatu zituen, hala nola egungo erronka konplexuei tokian-tokian erantzunak ematea, etengabe esperimentatzea, eta antolaketa eredu berriak eta «horizontalagoak» bilatzea.

Ibilbide askoz ere laburragoa du Iruñeko Laba guneak, eta haren berri eman zuen Khrisek. Euskararen bueltan zerbait «berrria, ausarta eta konplexurik gabea» egiteko Iruñeko euskalgintzaren bueltan zenbait lagun biltzen hasi zirenetik hiriaren erdialdean, Gazteluko plazan gune fisiko bat zabaldu artekoak kontatu zituen. Espaziotik harago, prozesu hori hiriko hainbat euskaltzale saretzeko bide ere izan dela azaldu zuen, eta «topagune» ere badela egun. Baita plaza ere. Izan ere, urtarrilean zabaldu zituen espazioak ateak, eta ordutik 50 ekitaldi baino gehiago hartu ditu.

Hedabideak herrigile

Herri ekimenetik sortutakoak dira tokiko hedabide gehienak ere. Horien eta euskalgintzaren arteko harremanaz, haien bueltako komunitateaz eta etorkizunerako erronkez hitz egin zuen Arantzabalek. Hedabideek euskararen aldeko lana ez ezik «demokrazia soziala» ere sustatzen dutela azaldu zuen, eta, aurreko hizlariekin lotuz, euskara euren kasuan ere bestelako balioen eroale dela. Hala, informazioaren bueltan komunitatea eraikitzeko eta komunitate horri ikusgaitasuna emateko beharrezkotzat jo zituen. Horrekin batera, erronkatzat jo zituen tokiko komunikabideen «irismena» handitzen jarraitzea eta euskaraz kontsumitzen dutenen kopurua areagotzea. Hedatze horretan, bezperan hizlari aritu zen Gorka Julio Talaios kooperatibako kideak jardunaldira eramandako kontzeptua berreskuratu zuen: «metakomunitatea» edo «herrizoma». Lotura trinkoak eta arinagoak uztartzen jakin beharra dagoela esan zuen, baita komunikabideek ere.

Teknologia berriak ere euren alde eta konplexurik gabe erabili beharra ere mahaigaineratu zuen. Izan ere, aurrerapen teknologikoak sarritan horien gaineko gogoeten aurretik doazela ohartarazi zuen, eta gaur egun jad, errealitate dela teknologia horien presentzia.

Feminismoan nola ispilatu

Mugimendu euskaltzaleen eta beste mugimendu eraldatzaileen arteko harremanaz hausnartzeko beta ere izan da Euskaltzaleen Topagunearen jardunaldian. Mugimendu feministaren eta euskaltzalearen artekoaz aritu zen atzo Miren Aranguren Emagineko eta Bilgune Feministako kidea, eta mugimendu feministan izandako zenbait eztabaida eta kezka plazaratu zituen, euskalgintzarentzat lagungarriak izan daitezkeelakoan.

Besteak beste, subjektu politikoaren bilaketan egindako ibilbidea gogoratu zuen, eta dei egin «subjektu bakarraren» ideia alboratu eta, intersekzionalitatearen bidez, mugimenduaren barrura nahiz hortik kanpora begiratzera. «Zenbat aldiz hitz egin da euskalgintzan pribilegioez?», galdetu zuen, besteak beste.

Aliantza horiek garatzeko estrategiez, erakunde publikoekin izan beharreko harremanaz, lidergo eta militantzia ereduez eta iruditegiaz ere aritu zen. Mugimendu feministak errotiko aldaketak proposatzen dituela ere azaldu zuen, eta euskalgintzak horiekin lotzea ere komenigarria litzatekeela erantsi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat maskararekin paseatzen, Donostian. ©GORKA RUBIO/FOKU

COVID-19arekin hildakoak eta positibo eman dutenak gutxituz doaz etengabe

Jone Arruabarrena

Astetik astera, nabarmen jaisten ari dira kopuruak; oraingoan, 31 hildako izan dira, eta 1.881 positibo.

Aragoiko kanala. ©Javier Cebollada / EFE

Hilik aurkitu dute atzotik desagertuta zegoen Ribaforadako bizilaguna

Berria

Zaragozako Novallas (Aragoi) herrian aurkitu dute 82 urteko gizonaren gorpua.

Tuterako Santanak, artxiboko argazkian. ©TUTERAKO UDALA

Hil egin da Tuterako entzierro batean larri zauritutako gizona

Berria

74 urte zituen, eta uztailaren 26ko entzierroan zauritu zen.

BU-520 errepideko 2. kilometroa, Burgos ©Google Maps

Hiru gazte hil dira asteburuan trafiko istripuz

Lide Egizala Urteaga

Barakaldoko 20 urteko bi gazte hil ziren larunbat gauean. Igandean, berriz, Astigarragako gazte bat hil zen Pirinioetan, moto istripu batean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.