Botere judizialaren ospea galtzeko arriskuaz ohartarazi du Urkulluk

EAEko urte judizialari hasiera emateko ekitaldia egin dute Bilbon. Urkulluk kezka azaldu du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren blokeoaz

Urte judizialaren irekiera ekitaldia, atzo, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Urte judizialari hasiera eman diote Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, ohi bezala, agintari eta instituzioetako ordezkari ugari izan dituen ekitaldi baten bidez egin dute, Bilboko Justizia jauregian. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak nozitzen duen blokeo egoerak lorratza utzi du ekitaldian. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, esaterako, esan du oraingoa «muturreko egoera» dela, eta botere judizialaren ospea galtzeko arriskuaz ohartarazi du.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia justiziaren arloko gobernu erakunde gorena da Espainian. Gorteek aukeratutako hogei bokalek osatzen dute, eta haien agintaldia bost urtekoa da. Egungo bokalen agintaldia 2018ko abenduaren 4an amaitu zen, eta, teorian, orduan aukeratu behar zen kontseilu berria, baina horretarako Kongresuan eta Senatuan gehiengo kualifikatuak behar direnez, gutxienez bi alderdi nagusiak ados jarri behar dira kontseilu berriaren osaketan. Bietako bat ados ez badago, praktikan aukera du hautaketa prozesua blokeatzeko.

Hori gertatu da azken lau urteotan. PPk eta PSOEk elkarri egozten diote blokeoaren errua: sozialisten ustez, PP beldur delako kontseiluan gaur egun dagoen gehiengo kontserbadorea galduko ote den, eta, PPren ustez, PSOEk ez diolako hautaketa prozesua aldatzeko sakoneko eztabaidari heldu nahi. Edonola ere, emaitza da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 1.400 egun daramatzala jardunean legeak ezartzen dion agintalditik kanpo, eskandalua Europara iritsi dela, Europako Batzordeak behin baino gehiagotan ohartarazi baitio Espainiari egoeraren larriaz, eta kontseiluko presidente Carlos Lesmesek iragarri duela datozen egunetan dimisioa emango duela egoera bideratzen ez bada.

«Ulertezina»

Urkulluk «ulertezintzat» jo du egoera, eta erantsi du Botere Judizialaren Kontseiluaren sinesgarritasunari kalte egiteaz gain bestelako eraginak ere izaten ari dela. Adibidez, blokeoa Espainiako Auzitegi Konstituzionalera ere iritsi da, hura ere berritu behar delako eta haren osaketan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio bi kide proposatzea; eta Gipuzkoako eta Arabako Auzitegietako presidentetzan hutsik dauden ardurak ezin betetzea ere badakar oraingo tirabirak.

Urkulluk dei egin du «denen ongizatea» gailen dadin «interes alderdikoi eta korporatiboen» gainetik: «Krisi instituzional hau itxi egin behar da; legea betetzea ez da hautazkoa den zerbait, justiziazkoa baizik».

Bestelako gairik ere jorratu du Urkulluk bere hitzaldian. Iragarri du 2022-2028ko eperako Justiziaren Plan Estrategikoa laster aurkeztuko dutela Bilboko Justizia jauregian. EAEk espetxeen kudeaketari buruzko eskumena bere gain hartu zuenetik urtebetera, Espetxe Ereduaren Oinarriak lantzen ari dira, eta horren helburua, Urkulluk azaldutakoaren arabera, «espetxeak gizatiarrago bilakatzea» izango da, eta «ardura publikoan eta gizartearen lankidetzan» oinarrituko da.

Arauen «betetze zorrotza»

EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak ez du ahotan hartu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egoeraren auzia, baina hari buruz aritu da zeharka. Esan duenez, «konstituzioaren eta legearen aginduen betetze zorrotza» aldendu behar da «aukera politikoaren kontakizunetik». «Justizia ondo zaindu behar da, eta eztabaida politiko alderdikoietik kanpo utzi, haren irudi okerra ez emateko», azaldu du. Hori egin ezean, «independentzia judizialaz izan beharreko konfiantza suntsitzeko» arriskua egon daiteke.

Urte berrirako ezarritako lehentasunen artean, «herritar guztientzat justiziaren eskuragarritasuna hobetzea» nabarmendu du Subijanak, «herritar horien egoera pertsonala edo soziala edozein delarik ere».

EAEko fiskal nagusi Carmen Adanek 2021eko txostenaren ondorioak aletu ditu: «Zaila da lesio delituek izan duten igoeraren zergatiak azaltzea, baina egungo gizartearen porrota adierazten du horrek», esan du. Sexu askatasunaren kontrako delituez, genero indarkeriari lotutakoez eta bereziki adingabeek egindako delituen gorakadaz kezka adierazi du. Delitu informatikoei dagokienez, esan du egokia dela sare sozialak «delituak egiteko tresnatzat hartu beharrean, delituak egiteko leku» gisa hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.