Albistea entzun

Bozetako inkestak bi enpresaren esku daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Jaurlaritzaren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien eta EITBren iazko inkesta guztiak Gizakerrek eta Ikerfelek egin dituzte. EH Bilduk lege proposamen bat egin du Iritzi Azterlanen Zentroa sortzeko
EITB Focus, inkesta baten berri ematen ETB2 katean.
EITB Focus, inkesta baten berri ematen ETB2 katean. EITB Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko urtarrilak 12

Gizaker eta Ikerfel iritzi-azterketa enpresak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeen inkesta eskaeren onuradun nagusiak; eta Eusko Jaurlaritzari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eta EITBri dagokienez, onuradun bakarrak, 2022an eskatu dituzten hauteskundeei buruzko inkestak aintzat hartuz gero. Azken urteetako errealitatea baizik ez du berretsi joan berri den urteak. Soziometroak eta EITB Focus galdeketak egiteko bederatzi inkesta eskatu dituzte Gasteizko gobernuak, hiru aldundiek eta EITBk, eta horiek guztiak Gizakerrek eta Ikerfelek egin dituzte.

Hauteskundeen emaitzei begira inkestek duten garrantziaz oso jabeturik daude alderdien zuzendaritzetan, gobernu bozeramaileen agerraldi publikoetan haiei garrantzia kentzeko joera nagusitzen den arren sarritan; baina ika-mika ez da txikia han eta hemen galdeketak egiteko moduari buruz, eta, azken urteotan, polemikarako gaia da prospekzioak nork egiten dituen eta zer galdetzen zaien herritarrei.

Horiek horrela, Iritzi Azterlanen Zentroa sortzeko lege proposamena egin du EH Bilduk, «independentzia, objektibotasuna eta neutraltasuna bermatzeko», Josu Estarrona legebiltzarkideak azaldu duenez. Koalizioko kideak dio inkesta eskaeren adjudikazioek gehienez urtebeterako beharko luketela, «enpresak aldatuz joateko, betiere esleipen publiko baten bitartez».

Azken finean, gaur egun Lehendakaritzak kudeatzen duen Prospekzio Soziologikoen Kabinetea ordezkatu nahi du koalizioak, egin berri duen proposamenarekin. Estarronak gogoratu du Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu ziola Jaurlaritzari organismo hori legez arautzeko, 2007an. «Hamabost urteren ondoren, Lehendakariaren konfiantzazko kargu batek zuzentzen du Kabinetea, eta Urkulluren gobernuaren irizpide eta interesei lotuta dago».

Inkesten eragin erreala

Inkesten objektibotasuna bermatzeko ahaleginari ez dio laguntzen, halaber, Jon Urresti izateak Gizaker iritzi azterketen sektoreko erreferentearen bazkide zuzendaria, EAJko militante ezaguna baita eta Vital fundazioko presidentea, jeltzaleen proposamenez.

EH Bilduk uste du Jaurlaritzaren ereduak ez duela bermatzen horrelako organismo batek «izan beharko lukeen independentzia, neutraltasuna eta gardentasuna».Gobernuari bere ingurura begiratzeko eskatu dio: «Erraza da ikustea eredu hori ez dela normala, eta guk anomalia horiek amaitzea nahi dugu».

Koalizio subiranistaren arabera, «ukaezina» da gizarte zientziek errealitatean eragiten dutela, eta inkestek «iritzia sortzeko eta joerak markatzeko» balio dutela. «Erraza da ikustea unean uneko gobernuek tentazioa izan dezaketela inkesta horiek euren interes politikoen arabera erabiltzeko», helarazi du Estarronak; «horregatik da hain garrantzitsua prospekzio soziologikoen kabineteetan autonomia osoa, neutraltasuna, gardentasuna eta objektibotasuna bermatzea, gobernuen gidalerro eta interes politikoetatik urrun».

Gaur egun Lehendakaritzan dagoen Prospekzio Soziologikoen Kabinetea desagertu egingo litzateke zentro berria martxan jartzeko, EH Bilduren lege proposamena aurrera aterako balitz. Hala, zentro berria erakunde autonomo gisa eratuko litzateke azterketa soziologikoak egiteko: «Euskal Herri osoko gai estrategikoen inguruko iritzien azterlanak egingo lituzke, politika eta zerbitzu publikoen ebaluazioak, boto asmoari buruzkoak, alderdi edo lider politikoen inguruko balorazioak, eta abar».

EH Bilduk proposatu duen legeak 22 artikulu eta bost xedapen ditu, eta, besteak beste, zehazten du zer egitura eta zer antolaera izango lituzkeen Iritzi Azterlanen Zentroak, «independentea izatea bermatzeko». Horren arabera, zazpi kidek osatutako Kontseilu Errektore batek zehaztuko luke zentroaren lan ildoa. Zazpi kide horiek Eusko Legebiltzarrak aukeratuko lituzke. Taldeok hamabi izen proposatuko lituzkete, eta, haien artean, Osoko Bilkurak zazpi hautatuko lituzke gehiengo kualifikatuarekin. Hautatua izateko hiru bostenen botoak behar izatea proposatu du koalizioak.

Zentroaren egitura

Independentzia bermatzeko, Kontseilu Errektoreko kideek ezingo lukete beste kargu politikorik bete, ezta ardurarik izan ere alderdietan, sindikatuetan edo enpresa erakundeen ordezkaritzetan. Kontseiluan ordezkaritza paritarioa bermatu beharko litzateke, era berean, eta kontseiluak berak hautatuko lituzke gehiengo osoz, bere kideen artean, presidentea eta presidenteordea, bi baldintzarekin: biak bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gai izatea, eta presidentea emakumezkoa baldin bada presidenteordea gizonezkoa izatea, edo alderantziz.

«Nafarroan badute Navarrometro esaten dioten tresna, esaterako», esplikatu dio BERRIAri Estarronak. «Hor parlamentuak berak eta talde politikoek zehazten dute zer gai jorratu behar dituen inkesta horrek». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egoera bestelakoa dela azpimarratu du, eta adibide bat jarri du: «Hemen, 2000ko lehen hamarkadan AHTari buruz galdetzen zen, eta hori galdetzeari utzi diote. Hori erabaki politiko bat izan da, nahierara hautatutako konfiantzako pertsona bat dagoelako hori erabakitzen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Alderdien mugetatik kanpo ere eraiki daiteke bateratasuna»

Xabier Martin

Aberri Egun bateratuaren aldeko ospakizuna bi kolpetan egin nahi du Euskal Herria Batera-k: lehenik, eragileentzako ekitaldi bat, politikariak barne; ondoren, herritarren erreibindikazioa, Aberri Egunean bertan.

Ekitaldiaren ondoren, argazkia atera zuten bertaratutakoek, Donostiako Miramar jauregiaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Etxerat-ek «aitortza eta erreparazioa» eskatu ditu sakabanaketaren biktimentzat

Jone Arruabarrena

Ekitaldia egin dute Donostian, presoen senide batzuekin eta zenbait ordezkari politikorekin batera. Lege esparru bat galdegin du elkarteak: uste du tresna bat behar dela agerian uzteko «haien eskubideak ere urratu zirela»

Andoi Ortuzar, EGI Eguneko ekitaldian, Guardian (Araba) ©EAJ

Ortuzar: «Ezinbestekoa da maiatzaren 28an parte hartze handia izatea Vox eta Bilduren estremismoak gailendu ez daitezen»

Javi West Larrañaga

«Batzuen pankarta dantza» deitoratu du, eta esan du «erakundeetan integratzeak eta politikak aldatzeak» hobetzen duela bizi kalitatea

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Aldaketak eragiteko motorra izateko gaitasuna dugu»

Iosu Alberdi

Apirilaren 6tik 9ra egingo du Ernaik Gazte Topagunea, Elorrion. Ekitaldiaren nondik norakoez zein gazte antolakundearen hamar urteko ibilbideaz eta erronkez aritu da Alaba.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.