3.800 pertsona baino gehiago iritsi ziren iaz Ukrainako gerratik ihesi Hego Euskal Herrira. Horietako gehienak adingabeak ziren. Herrialde horren eta Europako Batasunaren arteko akordio bati esker salbuespeneko bisa bat lortu zuten ukrainarrek, babesa automatikoki lortzeko. Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak adierazi duenez, iheslari haiek, eta Siriatik edo Palestinatik etorritakoak ez dira berdin tratatu: egiten zaien harrera «selektiboa» izan ohi da. Horren erakusle da gainerako gatazketatik Euskal Herrira nahiz bertze lekuetara doazen herritarren erregistrorik ez izatea, adibidez. Txostena argitaratu dute gaurko errefuxiatuen nazioarteko egunaren harira.
Jennifer Zuppiroli Save the Childreneko kidea da, haur migratzaileen arloko politika publikoetan aditua. Azaldu du ihesi doazen haur nahiz helduek pairatzen duten tratamenduei buruzko xehetasunak Segurua, batzuentzako soilik txostenean jaso dituztela: «Ukrainatik ihesi doazenei eman zaien tratamenduaren atzean izandako borondate politikoa berreskuratu behar dugu. Ukrainak erakutsi digu posible dela aurreikusi gabe gertatzen diren pertsonen mugimendu handiak kontrolatzea».
Izan ere, txostenean jasotzen denez, Ukrainako gerra gogortu zenetik, bai Europako Batasunak eta bai kide diren estatuek pauso ugari eman dituzte eta baliabide anitz bideratu dituzte iheslarien krisira, betiere haurren eskubideak lehenetsiz. Txostenean diote, baina, haur ukrainarrak ez direla «desberdinak». Eta orain arte egon diren gatazketan agintariek ez dutela antzeko neurririk hartu, ez Euskal Herrian, ezta gainerako lekuetan ere. Izan ere, gehienetan iheslariak ez dituzte herrialdeetan sartzen uzten —anitzetan indarkeria erabilita— eta sartzea lortzen dutenak bahitzen edo kanporatzen dituzte.
Instituzioen jarrera
Tratamendu horren desberdintasuna ez da iheslarien erregistro faltan edo bisa berezietan bakarrik islatzen. Zuppirolik dio, oro har, joan den urtean bertako instituzioen artean egon zen koordinazioak ere erakusten duela: «Ukrainatik zetozen herritarrek Europako Batasuneko nahi zuten herrialdea hautatu zezaketen; eta behin bertan zirela bizileku baimena eta lana ziurtatua zuten, eta umeek hezkuntzarako edota osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea ziurtatua zuten». Ukrainatik etorritako ume horiek bizi zutena, ordea, salbuespena izan zen, baina edozein gatazkatik ihesi doazen umeen errealitate bihurtu dadila nahi du erakundeak.
Izan ere, GKEaren txostenean jasotzen denez, normalean, lekualdatutako adingabeen segurtasuna ez delako kontuan hartzen. Segurtasun gabezia hori herrialdeek propio eragiten dutela dio dokumentuak: «Mediterraneo erdialdeko bideetan, itsasoan arriskuan dauden pertsonei laguntzeko dituzten legezko betebeharren kontrako politikak eta jardunbideak erabiltzen ari dira Europako estatuak». Hala, politika horien ondorioz, Mediterraneoko bideetan 50 migratzailetatik bat hil edo desagertu egiten da. GKEak dio heriotza horiek ezgertatzeko zerbait egin daitekeela,horiek gertatzearen arrazoi nagusia «haurrek eta haien familiek mugak segurtasunez zeharkatu eta nazioarteko babesa lortzeko legezko bideak falta izatea» delako.
Harrera sistema
Legezko bideak eta harrera sistemak dira gakoa ihesi doazen horien segurtasuna eta duintasuna bermatzeko. Zuppirolik dio ihesi doazen haurrek «normaltasuna eta egonkortasuna» behar dutela beren bizitzan: «Ezinbestekoa da umeak ikastetxe batera joatea, harrera lekuko hizkuntza ikastea eta etxebizitza izatea».
Bizitokiari dagokionez, Hego Euskal Herrian etxebizitzan zentratutako sistema bat dagoela nabarmendu du Zuppirolik, arreta ez dela zentro handietan zentratzen. Horrek onurak dituela dio: «Ezinbestekoa da haurren errutina berria etxean zutenaren antzekoa izatea». Horrek umeen buru osasunean eragin zuzena duelako, jada jasandako trauma psikologikoa leuntzen lagundu dezakeelako. Horiek bezalako beharrak identifikatzeko lanean ari da elkartea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeekin.
Gatazkatik ihesi doazen haurrei «harrera selektiboa» egiten zaiela salatu dute
Save the Childrenek ikertu du Europako politikek lekualdatutako umeengan zein ondorio izan ohi dituzten. Hego Euskal Herriko harrera sistemaren onurak nabarmendu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu