Barkos, «aurrera egiteko prest» lehendakarigai izendatzen badute

Geroa Baik hala erabakiko balu «gauzak aurrera eramateko prest» legokeela dio. Andueza udaletan itunak berriz aztertzearen alde dago

gotzon hermosilla
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Urtebete baino gehiago falta da Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako, baina eragile politikoak hasiak dira horretan pentsatzen. Geroa Bairen ordezkari Uxue Barkosek adierazi du «gauzak aurrera eramateko prest» dagoela baldin eta Geroa Baik lehendakarigai izateko aukeratzen badu.

Euskadi Irratiak egindako elkarrizketa batean, Barkosek gogorarazi du oraindik denbora luzea falta dela bozetarako, baina argi utzi du bere jarrera: «Geroa Baik hala erabakitzen badu, ni prest nago gauzak ahalik eta hobekien egiteko».

Barkosek aukera baliatu du PSNrekin eta Maria Txibite lehendakariarekin dituzten desadostasunak aletzeko. Itun ekonomikoa berritzeko sistemari dagokionez, «arrakala erabatekoa» dela esan du; erantsi du euskararen arloan hartutako zenbait erabakirekin ere ez datozela bat, eta bereziki kritiko agertu da trafiko eskumenaren inguruan gertatutakoa dela eta: «[Espainiako gobernuburu] Pedro Sanchezek konpromisoa azaldu zion Nafarroako Gobernuari, Espainiako Gobernuak jende aurrean azaldu zuen, eta legealdi oso bat izan du PSNk aurrera ateratzeko. Txibitek azaldu beharko du zergatik ez den gai izan gai hau aurrera atzeratzeko».

«Leialtasun falta»

Hego Euskal Herriko udal hauteskundeak ere 2023ko maiatzerako aurreikusita daude, eta arlo horretan ere badago mugimendurik. Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak esan du prest dagoela udaletako itun politika berriro aztertzeko, EAJren aldetik «leialtasun falta» sumatu duelako elkarrekin gobernatzen dituzten zenbait udalerritan.

«Bazkideen aldeko elkarrekikotasuna behar da, eta kasu batzuetan ez dugu horrelakorik ikusi», esan du Anduezak: «Sozialistok egonkortasuna nahi dugu, eta, EAJk ematen ez badigu, beste bazkide batzuengana jo beharko dugu horren bila».

Adierazpenak ez dira EAJren gustukoak izan. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Gobernu Batzordearen osteko agerraldian, esan du EAJren eta PSE-EEren arteko ituna «sasoian» dagoela Eusko Jaurlaritzan eta gainerako erakundeetan, eta horren froga gisa aipatu ditu aurrera atera dituzten akordio guztiak, «kasu batzuetan gobernua osatzen duten alderdien artean, eta beste batzuetan beste indar batzuekin batera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.