Hiru euskal herritar hil dira Suitzako Alpeetan, arroila batetik jaistean

Erreskate taldeak galduta dagoen beste taldekide baten bila ari dira. Asteazken arratsaldean gertatu zen istripua, ekaitz batek eragindako ur jasaren ondorioz. Uharte Arakil, Allo eta Gueñeskoak dira hil direnak

Hiru euskal herritar hil dira Suitzako Alpeetan, arroila batetik jaistean.
Andoni Rekondo Izagirre - Enekoitz Telleria Sarriegi
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Hiru euskal herritar hil dira Suitzako Alpeetan arroilatik jaisten ari zirela, eta beste taldekide bat galduta dago. Asteazkenean izan zuten istripua, Parlitobelgo arroilan, Suitzako San Galo kantonamenduan. Lau mendizaleak ekaitzak harrapatu zituen arroilatik jaisten ari zirela. Hiruren gorpuak aurkitu dituzte, eta eguraldiak behartuta etenaldiak egin badituzte ere, galduta dagoen taldekidearen bila ari dira erreskate taldeak. Gorpuak aberriratzeko tramiteak ere abiatu dituzte.

Uharte Arakilgoa (Nafarroa) da hildakoetako bat: Mikel Zabalza (30 urte). Allokoak (Nafarroa) dira bi: Mikel Lasa (33) eta Diego Maeztu (36) —horixe dago galduta—. Eta Gueñeskoa (Bizkaia) da laugarrena: Andoni Gonzalez (48 urte). San Galo kantonamenduko Poliziako bozeramaile Hanspeter Krusik azaldu duenez, sei laguneko taldea zen, baina beste bi lagunek, istripua izan baino lehenago, beste bide bat hartzea erabaki zuten —bi emakumezko dira; hil diren horietako baten bikotekidea da bat—. 16:00 aldera banandu zen taldea, eta ordu batzuk geroago ibilgailuak utzi zituzten kokalekuan elkartzekotan geratu ziren sei lagunak.

Ekaitza 18:10ean hasi zen arroilan, ordu eta erdian iraun zuen, eta, guztira, 25-30 litro jausi ziren metro koadroko. Orduak pasatuta, elkargunera iristen ez zirela ikusita, bi kideek erabaki zuten Poliziari abisua ematea. 19:30ean jaso zuten larrialdi abisua erreskate taldeek, eta, lau orduz bilatze lanetan aritu ondoren, 23:20ean bi mendizaleren gorpuak aurkitu zituzten, arroila amaitzen den Gigerwald lakuaren inguruan. Bestearen gorpua 23:50ean aurkitu zuten, hori ere lakutik gertu. Kantonamenduko Poliziak azaldu duenez, ekaitzak sortutako uholdeak eraman zituen haraino. Ordu batzuetan bilatze lanekin jarraitu zuten arren, eguraldi txarraren ondorioz, 03:00etan erreskatea geratu behar izan zuten, lanean ari ziren kideentzat egoera arriskutsua zelako. Kide hori, laugarrena, ez dute oraindik topatu. Hanspeter Krusi poliziaren bozeramaileak nabarmendu du mendizalea bilatzeko eskura dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela eta, eguraldiak laguntzen duen bitartean, bilaketa lanek martxan jarraituko dutela.

Armin Grob Alpeetako erreskate zerbitzuko zuzendariak azaldu du eguraldiak asko zaildu duela egoera. Bilatze lana helikopteroak erabiliz hasi zuten arren —lau erabili dituzte—, bi aditu sartu behar izan ziren arroilara lau kideen bila; izan ere, eguraldi txarragatik, oso zaila zen miaketa airetik egitea. Ingurua ezagutzen duten aditu ugari ibili dira Parlitobel inguruan lanean, eta, guztira, Grobek azaldu duenez, polizia, suhiltzaile eta urpekarien artean, 100 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte erreskate lanetan.

Suitzako ATS berri agentziaren arabera, lau kirolariak gidaririk gabe ari ziren arroilatik jaisten. Hala ere, kantonamenduko Poliziako bozeramaileak nabarmendu du lehenago ere ibiliak zirela Suitzako mendietan, eta esperientzia handiko pertsonak zirela. Esaterako, Sakon Espeleo Taldeko kidea zen Mikel Zabalza, eta Azpigorri mendi taldeko kide eta arroilen argazkilari ezaguna ere bai Andoni Gonzalez.

Gaur goizean, 11:00 inguruan, bilaketa lanak eten behar izan dituzte eguraldi txarragatik. Euriak asko zailtzen du lana, erreskate taldeko kideak arriskuan jartzeko moduko egoera delako. Florian Schneider poliziaren bozeramaileak adierazi duenez, gaurtik aurrera talde txikiak osatuko dituzte miaketa lanekin jarraitzeko.

Allo eta Uharte Arakilgo udaletxeek mendizaleen senideei babesa eta laguntza eskaini diete, eta Nafarroako Gobernuari adierazi diote behar duten guztian laguntzeko prest daudela. Bestalde, Susana Castanera Alloko alkatesak laugarren mendizalea topatzeko esperantza adierazi du, eta zazpi eguneko dolu aldia dekretatu du herrian.

Ekaitzen arriskua

Suitzako Alpeak ohiko kokaleku dira mendizaletasunarekin eta naturarekin lotura duten kirolak praktikatzen dituztenentzat. Urte osoan mendizale asko biltzen dira hango inguruetan. Kasu honetan, adituek adierazi dutenez, Parlitobelgo arroila ez da bereziki luzea, ezta zaila ere, baina ibilbideari arriskua eta zailtasuna gehitzen dioten aldagai nagusiak euri jasa handiak eta ekaitzak dira. Izan ere, arroilan behera jaistean, eskalatzen eta oinez zati asko egiten diren arren, urak berebiziko garrantzia duela adierazi dute. Bide oso estuak igaro behar dira Parlitobelen, eta kokaleku horietan ur kantitate handiak pilatzen direnean, oso zaila da aurrera egitea, eta preso gelditzeko arriskua egoten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.