Nafarroak eskuin muturreko taldeen 26 atentatu erregistratu ditu

1975 eta 1985 bitartean gobernuak hiru hilketa eta desagerpen bat bildu ditu Nafarroan edo nafarren aurka egindako erasoetan. Biktimen erreparaziorako, ekitaldi publikoak egingo dituzte

Ana Ollo eta Martin Zabalza, atzo, eskuin muturreko taldeen erasoen inguruko txostenaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Eskuin muturreko taldeek Nafarroan edo nafarren aurka egindako 26 atentatu erregistratu ditu Nafarroako Gobernuak. Terrorismo ezezaguna. Eskuin muturrak Nafarroan egindako atentatu terroristak (1975-1985) izeneko txostena aurkeztu zuten atzo Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak, txostena egin dutenekin batera, Javier Doradorekin eta Ignacio Perez Maciasekin. Denetariko atentatuak erregistratu dituzte, eta horien artean, hiru hilketa daude: Montejurrako atentatuetan hildako bi, eta Hendaian (Lapurdi) hil zuten Angel Gurmindo. Jose Migel Etxeberria Naparra-ren desagerpena ere erregistratu dute. Horiez gain, liburu denden aurkako erasoak, alderdi politiko eta sindikatuen egoitzen aurkakoak, eta ostalaritzaren eta sanferminetako peñen aurka egin zituzten indarkeriazko ekintzak ere bildu dituzte.

Perez Macias Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko Zuzenbidean doktorea da, eta ikerketaren inguruko xehetasunak eman zituen. Haren arabera, ikerketa ez dago itxita, eta bertan bilduta dauden erasoez gain, gehiago ere izan zirela esan du, baina asko ez zirela salatu ere egin. Zehaztu du argitaratu dutena ez dela ikerketa historiko bat, baina errealitatera ahal beste gerturatzen saiatu direla. «Eskuin muturreko taldeen indarkeriazko ekintza asko zigorrik gabe geratu ziren, ez baitzen egon prozedura judizialik». Datu batzuk biktimek emandako testigantzetatik bildu dituzte. Hori dela eta, atentatu gehiagoren berri eman dezakeen orori dei egin zien Giza Eskubideen zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko.

Hamabi biktimarekin hitz egin dute txostena osatzeko, eta, ikerlariak nabarmendu duenez, «ez daukate kalte ordain ekonomikoa eskatzeko inongo asmorik». Interesatzen zaiena da egia jakitea eta gertatutako ezagutaraztea. Orain txostena eginda, Ollok uste du hemendik aurrera gobernuak ildo horretatik joko duela. «Ekitaldi publikoak egin beharko dira zorra kitatzeko, eta familiei egia, justizia eta erreparazioa eskaintzeko».

Sakabanatutako talde ugari

Perez Maciasek eskuin muturreko talde horien bereizgarriak zein izan ziren zerrendatu zuen. Indarkeriaren erabileraren alde egiten zuten taldeak ziren, eta euren artean sakabanaketa handia zegoela ere zehaztu du. Hain justu, txostenak eskuin muturreko 25 talde zerrendatu ditu. Txostenak ondorioztatzen duenez, «eragindako kaltea handia izan zen, demokrazia sendotzeko bidean aurrera egin nahi zuen gizarte batean». Ikerketak ere dio biktimek erreparazio soziala behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.