Zenbait biktimaren senideek datu okerrak topatu dituzte Gogora-ren webgunean

Batzuek kexak zabaldu dituzte sare sozialetan, informazioa okerra delako edo terminologiarekin ados ez daudelako. Zuzenketa batzuk egin dituzte jadanik

Beatriz Artolazabal sailburua, gerran hildakoei buruzko webgunearen aurkezpenean, joan den astelehenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun

Joan den astelehenean, 1936ko gerran hildako 20.970 herritarren datuak biltzen dituen webgunea aurkeztu zuen Gogora-k, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Lehenagotik ere, Gogora-k urteak eman ditu biktimen errolda hori egiten, baina, orain arte, datu horiek kontsultatzeko beharrezkoa zen institutuaren egoitzara joatea, eta orain, webguneari esker, herritar guztiek dute eskura hildako senitartekoei buruzko informazioan arakatzeko aukera. Hortaz, ez da harritzekoa albistea hedabideetan zabaldu bezain pronto herritar ugarik webgunera jo izana. Eta horrekin batera iritsi dira lehenengo kexak: zenbait herritarrek nahigabea adierazi dute sare sozialetan, beren senitartekoen fitxetan datu okerrak topatu dituztelako, edo ez daudelako ados erabilitako sailkapen eta terminologiarekin.

 

Webgunearen aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek dei egin zieten herritarrei datu basera jo dezaten, eta han agertzen ez zen agiri edo informazioren bat izanez gero, aurkez dezaten. Datu okerrak atzeman dituzten senitartekoetako batzuk harremanetan jarri dira Gogora institutuarekin, eta, zenbait kasutan, datu horietako batzuk zuzendu egin dituzte jadanik.

Elosuko hildakoak

Estitxu Martinez de Iturrate gasteiztarra da, baina Legution (Araba) ditu familiaren sustraiak. Herri horretako herribatzar batean, Elosuan, hamazazpi lagun hil zituzten 1936ko urriaren 21ean; tartean, Martinez de Iturrateren birramonaren senide batzuk.

Guztietan agertzen da «errepublikanoek epaiketarik gabe exekutatutakoak» izan zirela. Hori da, esaterako, Antonio Garcia de Kortazar Jaio eta Antonio Garcia de Kortazar Lopez de Armentiaren kasua. Estitxu Martinez de Iturrate ez dago ados sailkapen horrekin: «Herrian ezaguna da hori gertatu zela pertsona jakin baten mendeku nahiaren ondorioz, eta ez zuela konnotazio politikorik izan. Hildakoen artean errepublikanoak, jeltzaleak eta karlistak egon ziren. Baina, gero, frankismoak gertatutakoa baliatu zuen errepublikanoen kontrako kanpaina egiteko».

Izan ere, Elosuko sarraskia 1936ko gerrak Araban izan zuen atalik polemikoenetako bat da. Frankismoaren historiografia ofizialean beti agertu dira Elosuko hilketak «errepublikaren krimenen» adibide gisa; herrian zegoen oroitarrian ere agertzen zen «aldra marxistek doilorki erailak» izan zirela. Herrian, aldiz, berte bertsio bat zabaldu izan da: hildakoen senitarteko ugari Araba batailoiko gudariak ziren, eta, sarraskiaren berri izan zutenean, haiek salatu zituen bizilagunaren eta egileen kontra jo nahi izan zuten.

«Herrian adostasun handia dago hura benetan izan zenaren inguruan», azaldu du Martinez de Iturratek; 2006an, esaterako, lehen aipatutako oroitarri frankista eraitsi eta beste bat ezarri zuten, non Elosuko herritarrak «gerraren izugarrikeriaren biktima» izan zirela adierazten den. «Horregatik, amorru handia eman dit ikusteak bi bertsioen artean berriro ere irabazleen bertsioaren alde egin dutela».

Martinez de Iturratek dioenez, ez da hori informazioan ageri den oker bakarra, eta Elosuan hildako hamazazpi herritarren fitxa guztietan agertzen da denak Bergaran jaiotakoak zirela.

Istorio lazgarria

Karmele Etxabe Azkarate Zaldibiakoa da (Gipuzkoa). Haren amonaren ahizpa zen Anttoni Telleriaren istorioa guztiz lazgarria da: 1937an, Elgetako baserrian zegoela (Gipuzkoa), soldadu faxistak bortxatzen saiatu ziren, eta hura defendatzera atera zirenean, haren guraso Pedro Telleria eta Francisca Lamarain hil egin zituzten. Azken hori, Etxaberen birramona, ez zen berehalakoan hil, handik hamabost egunera baizik, Donostiako ospitale militarrean.

Auzia ez da ezezaguna, 2019an  Anttoni Telleriak berak kontatu baitzuen, eta haren lekukotasuna ETBko Ur handitan programan agertu zen. Zirrara handia eragin zuen orduan Telleriaren testigantzak. Baina Gogora-ren webgunean, aitaren heriotzaren arrazoia «beste batzuk» bezala sailkatuta zegoen, eta amarena, berriz, errepublikanoek egindako bonbardaketa batean hil izan balitz bezala. «Lotsagabekeria iruditu zitzaidan», esan du Etxabek. «Kasu askotan ez da jakingo zer gertatu zen edo gorpua non dagoen ere, baina gure kasua oso argia da».

Gertatutakoa sare sozialetan salatu zuen, eta Gogora-ri ere mezua bidali zion: «Ez didate erantzun, baina okerra berehala zuzendu dute, eta bien kasuan jarri dute judizioz kanpo exekutatuak izan zirela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.