Koronabirusa

Jaurlaritzak izurriaren aurkako bere «bide orriari» eutsiko dio

Urkulluk jakinarazi du ez dituela beteko Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren neurriak, uste baitu eskumenak «urratzen» dituztela. Espainiako Gobernuak ohartarazi du erabakiak «lotesleak» direla

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarreko atarian, komunikabideei adierazpenak ematen. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Izurriaren kudeaketak askotan jarri izan ditu aurrez aurre Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua, eta Iñigo Urkullu lehendakaria usu agertu da kexu Madrilek hartutako erabaki eta neurriekin. Atzo, desadostasun horien atal berri bat izan zen. Arrazoia: herenegun Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseiluak gaueko aisialdiari lotuta hartutako neurrien aurka Jaurlaritzak agertutako jarrera. Urkulluren gobernuak ez zuen parte hartu batzarrean, iritzita Jaurlaritzaren eskumenak urratzen zituela, eta han hartutako neurriek talka egiten zutela Labik hartutakoekin. Jaurlaritzaren jarrera berretsi zuen atzo Urkulluk, tinko: «Ez genuen parte hartu, eta ez genuen bozkatu, gure eskuduntzak zapuztu egiten direlako». Besteak beste, 150eko intzidentzia tasa gainditzen duten erkidegoetan tabernak barrutik ixtera behartuko lituzke Espainiako Gobernuko Osasun ministerioak erkidegoetako osasun agintariekin hartutako erabakiak, baina lehendakariak atzo azpimarratu zuen Jaurlaritzak Bizi Berri III Planean jasota dauden neurriei eusteko asmoa daukala, hori delako bere «bide orria». Bestela esanda, Jaurlaritzak ez du beteko Madrilen erabakitakoa.

Lehendakariak kritikatu zuen Espainiako Gobernuak neurriak «elkarrizketarik eta adostasunik» gabe «inposatu» nahi dituela, eta «harrituta» agertu zen jokabide horrekin. Pedro Sanchezek zuzentzen duen gobernuari aurpegiratu zion izurriaren kudeaketan «noraezean» ibiltzea, eta eskatu zion «ordena apur bat» jartzeko irizpideetan eta «errespetatzeko» erkidegoen eskumenak.

PSE-EE gobernuko bazkideak babestu egin zuen Urkulluren jarrera. Ohar bidez, esan zuen Espainiako Gobernuak ulertu behar duela erkidego bakoitzak bere berezitasunak dituela, eta Espainiako Gobernuari eskatu zion errespetatzeko erkidego bakoitzaren «kasuistika» eta neurriak hartzeko dituzten mekanismoak. Pandemiaren hilabete hauetan guztietan, Eusko Jaurlaritzak modu «arduratsuan» eta «zorrotz» jokatu duela gogorarazi zuen PSEk, eta gaineratu zuen badagoela modua Espainiako Gobernuaren planteamendua eta eskumenen errespetua uztartzeko. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak, berriz, esan zuen erkidegoen esku utzi behar direla erabakiak, alarma egoera bertan behera dagoelako.

Nafarroako Gobernuak bat egin zuen herenegun Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak hartutako erabakiarekin, baina beste erkidego batzuetako gobernuek iragarri dute ez dutela erabakia betetzeko asmorik. Espainiako Gobernutik, ordea, Carmen Calvo presidenteordeak eta Miquel Iceta Lurralde Politikako ministroak garbi utzi dute «loteslea» dela erabakia, alegia, erkidego denek bete beharrekoa. «Ez da inposaketa bat, pandemiari aurre egiteko ahalik eta babes zabalenarekin onartutako irizpidea baizik», nabarmendu zuen Icetak atzo.

Erkidegoren batek neurriak aplikatzeari uko eginez gero gobernuak epaitegietara joko ote duen galdetuta, Carolina Darias Osasun ministroak adierazi zuen espero dutela «egoera horretara iritsi beharrik ez izatea», eta beste era batera bideratzea auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.