Albistea entzun

Osakidetzako iruzurragatik beste 34 pertsona ikertzeko eskatu du ESK-k

Horietatik 32 oposiziogile izandakoak dira. Sindikatuak uste du «adierazgarri asko» daudela pentsatzeko parte hartze aktiboa izan zutela 2016-2017ko probako azterketen filtrazioan
Osakidetzako lan eskaintza publikorako azterketa, Barakaldoko (Bizkaia) BECen.
Osakidetzako lan eskaintza publikorako azterketa, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Agirre Perez -

2021eko uztailak 27

Osakidetzako mediku espezialisten probako filtrazioen eskandalua azaleratu eta hiru urtera, ESK sindikatuak beste 34 pertsona ikertzeko eskatu dio epaileari, lan eskaintza publikoko iruzurrean parte aktiboa izan ote zuten argitzeko. Sindikatuak jakinarazi duenez, horietatik 32 oposiziogile izandakoak dira, eta beste biak, berriz, anestesiologiako eta urologiako epaimahaietako kideak.

Orain arte 11 ziren Osakidetzako kasua daraman Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak ikerturiko pertsonak, 2016-2017ko probako hamar espezialitatetan izandako ustezko iruzurrengatik. Sindikatuaren eskaera berria instrukzio fasea amaitu baino hiru egun lehenago iritsi da, eta, epaileak onartzen badu, baliteke kasuan ikerturikoen kopurua lehen halako lau ere izatea etorkizunean.

Oposiziogileen artean, zehazki, anestesiologiako lau pertsona, angiologiako bost, digestiboko bost, traumatologiako bost, neurologiako bost, neurofisiologiako bi, urologiako hiru eta kardiologiako beste hiru daude. Julio Sanchez ESKren abokatuaren arabera, sindikatuaren asmoa da argitzea ikustekorik izan ote duten oposiziogile horiek filtrazioarekin, zeren, azterketei buruzko informazioa eskatu edo eragozpenik gabe jaso izanez gero, erantzukizun penala izan baitezakete.

ESK-k adierazi du 32 pertsona horiei dagokienez «konexio» jakin batzuk antzeman dituztela, eta gehitu du «adierazgarri asko» daudela ustezko iruzurrean parte hartu zutela pentsatzeko. Joan den ekainean, epaileak beste hiru oposiziogile eta Debagoieneko traumatologiako zerbitzuburua ere ikertzea erabaki zuen, LAB sindikatuak eginiko eskaerari erantzunez.

«Ez da sorgin ehiza bat»

Patxi Nicolau ESK-ko Osakidetzako ordezkariak adierazi du beren helburua ez dela ustezko filtrazioetatik onurak lortu zituzten oposiziogileen artean «sorgin ehiza» bat egitea, baizik sindikatuaren ustetan Osakidetzako lan eskaintza publikoetan duela zenbait hamarkadatatik hona ezarrita dagoen «klientelismo sistema» amaitzea.

Halaber, ESK-k salatu du osasun zerbitzuak «trabak» jarri dituela ikerketa prozesua abiatu zenetik. «Iritzi publikoak eskandalu horren berri izan ondoren, ukatu ez ezik, ikerketari oztopoak jarri ere egin dizkio, eta horrek Osakidetzako kupularen ikerketa ildoa partekatzera garamatza, erantzukizun penalak argitu daitezen», adierazi du sindikatuak.

Gainera, Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearen aurka ere jo du, esanez «bere ospea arriskuan jarri duela» Osakidetzako postuetarako hautaketa prozesuko gardentasuna ez bermatzeagatik: «Nahiko tristea da inplikatutako administrazio bat egotea, baina tristeagoa eta larriagoa da jakitea ikerkuntzaren ibilbidean Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aktiboki parte hartu zuela klientelismo sistema horretan, iruzurrak ezkutatuz eta justiziarekin lankidetzan jardun gabe, Osakidetzaren presioak onartuz».

Jaurlaritzari dagokionez, berriz, sindikatua kexatu da uste duelako ezen, auziak iraundako denbora honetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta haren postuan aurretik izan zenak, Nekane Murgak, ez dutela onartu iruzur sistemaren existentzia eta ez dutela hartu «hura amaiarazteko konpromiso argi eta esplizitaturik».

Handituz joan den elur bola

Ustezko iruzurra 2018ko ekainean hasi zen argitara ateratzen, Donostia ospitaleko hodietako kirurgiako zerbitzuburuak oposizioetako zenbait azterketatan ohiz kanpokoak eta susmagarriak ziren emaitza batzuen berri eman eta gero. ELA eta LAB sindikatuek ere irregulartasunak salatu zituzten, eta, handik egun gutxira, Elkarrekin Podemosek eta ESK sindikatuak notario aurrean sinatutako agiri batzuk aurkeztu zituzten, azterketa egin aurretik postuak lortuko zituzten zenbait oposiziogileren izenak iragartzen zituztenak.

Hasieratik, Osasun Sailak zalantzan jarri zituen salaketak, baina informazioek loratzen jarraitu zuten. Hala, BERRIAri zenbait sendagilek azaldu zioten «jakina» zela espezialisten oposizioetan iruzur egiten zela, eta horrek urteetako eredu bati jarraitzen ziola.

2019ko otsailean, EAEko fiskal nagusiak txosten irmo bat kaleratu zuen, adierazteko filtrazio zantzuak zeudela hamaika espezialitatetan, eta Osakidetzak ez zuela «irizpide objektiborik» erabili proba prestatu zutenak eta epaimahaietako kideak aukeratzeko. Handik aste gutxira, kasuak eragindako presioen ondorioz, Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa aurkeztu zuen, legebiltzarra haren jarduna gaitzestera zihoanean. Darponek ez ezik, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak eta osasun zerbitzuko beste zenbait kargudunek ere dimititu dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Herritarrak paseoan, Hernaniko (Gipuzkoa) kale batean. ©JON URBE / FOKU

Intzidentzia tasa ehundik beherakoa da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 133 kasu detektatu dira Hegoaldean. EHUk, MUk eta Deustuk aurrez aurre emanen dituzte eskola denak urri erdialdetik aurrera
Haur bat, Donostiako ikastetxe batean artxiboko irudia. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Hasi dira legea ehuntzen

Arantxa Iraola Irati Urdalleta Lete

Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoak hasiak dira hezkuntza hitzarmena negoziatzen. Hizkuntza eredua eta finantzaketa dira eztabaidagai nagusiak, baina uste dute badirela ados jartzeko aukerak
Klima aldaketaren aurkako manifestazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Neurri zorrotzak» eskatu dituzte klima aldaketari aurre egiteko

Oihane P. Ramirez

Fridays For Future plataformak mundu osoko greba deialdia egin du. Besteak beste, Donostian, Bilbon eta Iruñean egin dituzte mobilizazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.