Emantzipazioa helburu, Gazteriaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

12 eta 30 urte arteko gazteen eskubideak jasotzen ditu legeak. EAJ, PSE-EE eta EP-IUk alde bozkatu dute, EH Bilduk eta Voxek aurka, eta PP+C's abstenitu egin da

Maialen Gurrutxaga EAJko legebiltzarkidea, atzo, Eusko Legebiltzarreko saioan hitza hartzera zihoala. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak GazteriarenLegea onartu du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen eskubideak «erdigunean» jarriko ditu legeak, eta helburu nagusi bat izango du: 2030.urterako gazteen emantzipazioaren batez besteko adina 30 urtetik 28 urtera jaistea. Horretarako, arauak eskubideen zerrenda bat jasotzen du: besteak beste, gazteek Lanbideren bitartez laneratzeko eskubidea bermatzea, etxebizitza edo bizitzeko alternatiba duina izatea, eta diru sarrerak bermatzeko prestazioak jasotzeko eskubidea izatea. 12 eta 30 urte bitarteko gazteen arazoei «erantzun integrala eta koordinatua» ematea da legearen lehentasun behinena, eta, hori lortzeko, gazteen ikuspegia politika publiko guztietan txertatzea eta gizartearen parte hartzea bultzatzea sustatuko dira. Euskara, hezkuntza, berdintasuna etaboluntariotza esparruak araututa daude besteak beste, eta gazteen sexu eta jatorri aniztasuna aitortzen dira.

Atzo bozkatu zuten legea osoko bilkuran: EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk alde bozkatu zuten, EH Bilduk eta Voxek aurka, eta PP+C's abstenitu egin zen. 2012tik gazteriaren lege bat izateko saiakera ugari izan dira Eusko Legebiltzarrean, baina denek porrot egin dute. Hamar urteren buruan, gazteen eskubideak arautuko dituen lege bat onetsi du legebiltzarrak. Gazteei aitortzen zaizkien eskubideen zerrenda luzea jasota dago legean —25 eskubide aitortzen zaizkie—, eta horietatik guztietatikemantzipaziorako eskubidea da nagusietakoa. Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortuko da xede horrekin: gazteentzako zerbitzu guztiak zentralizatzea izango da sare horren egitekoa, gazte guztiei emantzipazio prozesua errazteko. Jaurlaritzak kudeatuko du sare hori, informazioa, bitartekotza eta etengabeko aholkularitza eskainita. Legearen onurak azpimarratu zituen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo, bilkura amaitu berritan: «Gazte guztien bizi baldintzak hobetuko ditu».

Adostasunik eza

Legebiltzar taldeen diskurtsoeierreparatuta, baina, agerian da legearen inguruko adostasun erabatekorik ez dela. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aldeko botoa eman arren, aitortu zuten ez duela gazteriaren arazo oro konponduko, eta beste urrats batzuk beharko direla horiei heltzeko. Hala ere, hiru taldeek aurrerapausotzat jo zuten. Maialen Gurrutxagak (EAJ) adierazi zuentramitazioan legea «hobetzeko» ahalegina egin dela, taldeen 106 zuzenketa hitzartuta, eta lortu egin dela gazteen «bizi baldintzak eta etorkizuneko planak hobetzea».

Bide beretik jo zuen Eneko Anduezak ere (PSE-EE).Nabarmendu zuen legeak «egungo gazteen erronkei» erantzuten diela, eta aukera ematen diela bizi proiektua «autonomiaz» garatzeko. Gazteriaren eskubideak «bermatzen» dituela erantsi zuen, halaber: «Gazteek aukera izan behar dute bizitza proiektu duina izateko. Lege honek xede hori bermatuko du».

Iñigo Martinezek (Elkarrekin Podemos-IU) legearen gabeziak aitortu zituen: «Ez dugu esango lege honek arazo guztiak konponduko dituenik, baina uste dugu eskubideak aitortzen dituen lege bat dela eta mugarri batzuk ezartzen dituela». Nolanahi ere, Jaurlaritzari ohartarazi zion legea eraginkorra izan dadin neurri zehatzak garatu beharko dituela eskubideak gauzatzeko.

Eraitz Saez de Egilazek (EH Bildu) «anbizio gutxiko» helburutzat jo zituen legean jasotakoak. Besteak beste, kritikatu zuen emantzipaziorako batez besteko adina bi urte gutxitzea ez dela asko, eta legea indarrean egonda ere gazteen egoera ez dela lar aldatuko. «Soilik eskubideen zerrenda bat sortu da, eta ez da lortu emantzipazio eskubidea blindatzea. Lege honek ez du gaitasunik gazteen egoera dramatikoari erantzuteko eta aurre egiteko».

Bestalde, Laura Garridok (PP+C's) aitortu zuen legea beharrezkoa dela, baina «motz» geratzen dela: «Helburu asko jasotzen ditu, baina horiek gauzatzeko neurri gutxi».Ideia bera defendatu zuen Amaia Martinezek (Vox). «Iruzurtzat» jo zuen legea; besteak beste, gazteen arazoei irtenbiderik ez dielako proposatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.