E(ra)giten jarraitzeko asmoz

Euskaltzaleen Topaguneak 25 urte bete ditu, eta ospatzeko ekitaldia egin du Donostian. Azken urteetako lorpenak nabarmendu dituzte, baina uste dute euskararen erabilera bultzatu behar dela

Euskaltzaleen Topagunearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Falta dena asko da, baina egin duguna ere handia da». Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek horrela laburbildu zuen atzo Topagunearen orain arteko jarduna eta etorkizuneko begirada. 25 urte bete ditu euskara elkarteen bilguneak, Euskaltzaleen Topaguneak, eta hori ospatzeko ekitaldia egin zuten Donostian, Asko eginda, gehiago egiteko lelopean. Eraldatuta, baina gutxienez beste 25 urtean lan egiteko prest agertu ziren.

Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak 25 urte atzera egin zuen, eta bata bestearen atzetik zerrendatu zituen orduan euskalgintzaren bueltan zeuzkaten helburuak: mugimendu euskaltzalea Euskal Herri osora zabaltzea, administrazioarekin eta erakundeekin «solaskidetza indartsu bat» eraikitzea, toki berrietara zabaltzea... Gainera, ikusi zuten euskara talde bakoitzak ezin zuela bere aldetik ibili, eta koordinatu beharra zeukatela, zubiak eraiki. Zubi horixe izan zen Euskara Elkarteen Topagunea, gaur Euskaltzaleen Topagunea dena. Hasi ziren amesten, eta orain ere halatsu jarraitzen dute: «Duela 25 urte amets bat genuen, eta uste dut amets horrekin berarekin jarraitzen dugula oraindik hemen gauden gehientsuenok: euskaldunontzat, euskararentzat eta euskal komunitatearentzat etorkizun duin bat eraiki nahi genuen, euskaraz eroso bizi ahal izatea lortu nahi genuen, eta euskararentzat eremu eta lurralde berriak irabaztea zen gure asmoa, gure geroa bermatzea».

Eta amets horiei tiraka, lorpenak badaudela uste du Mendizabalek: «Mugimendu nazionala izatea, herri komunikabide euskaldun eta euskaltzale sare sendoa daukagu, 6.000 mintzalagun, kultur dinamika oso-oso aberatsa eta askotarikoa, eta kemena oraindik ere kulturaren eremuan Aiaraldeko Faktoriaren gisako proiektuak martxan jartzeko, eta Iruñean, Laba». Eta, nola ez, begi bistan dagoen Euskaraldiaren hirugarren aldia: «Denon artean arrakastatsua izan dadin, badaukagu erronka eta beharra».

Lorpen horien atzean egon diren zenbait pertsona ere oholtzaratu dira ekitaldian. Hain zuzen, Topagunearen bost lehendakari ohiei omenaldia egin diete, eta Hendaiako (Lapurdi), Iruñeko, Arrasateko (Gipuzkoa), Gasteizko eta Bilboko euskara elkarteetako kideek ere hartu dute hitza.

Beste 25 urtez behintzat

Atzera begirako argi-ilunen errepasoa egin dute, baina oraindik badute erronkarik edo zereginik. Amonarrizen esanetan, mugimendu gisa, «indartu» eta «heldu» egin dira. Orain, sentitzen dute badagokiela aurrera begira jartzea. Izan ere, haren hitzetan, azken urteetan, besteak beste, aldatu egin dira egoera soziolinguistikoa eta soziopolitikoa, euskara elkarteak, baita Topagunea bera ere.

Horiek horrela, Amonarrizek uste du «eraldatzeko» garaia ailegatu zaiela. Datorren urteko kongresua izango dute tresna hausnartzeko, oinarriak berrikusteko, baita esparru gehiagotara zabaltzeko ere. «Hau da, jauzi bat eman behar dugu», berretsi du Amonarrizek.

Euskararen erabilera da konkistatzeko esparruetako bat. «Esaterako, [Soziolinguistika] Klusterrak egindako kale neurketetan, %10-15 inguruan gabiltza azken 30 urteetan. Hor jauzi bat eman behar da, eta erabilera esparru guztietan modu nabarmenean emendatu behar da». Eremu zehatzetan jarri du arreta: «Lortu behar dugu euskara izatea administrazioko eta erakunde nagusietako ohiko hizkuntza, lortu behar dugu gure hezkuntza sistematik ikasleak euskara maila onarekin ateratzea eta hiztun aktiboak izatea, eta lortu behar dugu gure kultur eta komunikazio ekoizpenean ere nabarmen aurrera egitea eta euskararen presentzia handitzea». Hori guztia, nabarmendu duenez, elkarlanean egin beharko dute. Beñat Gaztelumendik bertsoz laburtu du saioa: «Heldu lemari/ marinelak boga-boga/ irabazteko /daukaguna gehiago da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.