Albistea entzun

Gizarte zaintzako sistema orekatzeko helburua jarri du Eusko Jaurlaritzak 2030erako

Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa aurkeztu du Jaurlaritzak. Aurreikusi dute 2030erako %50 handitzea gizarte zerbitzuetarako jarritako diru saila
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa, atzo, Donostian.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa, atzo, Donostian. IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko martxoak 9 - Donostia

Zaintza sistema eraldatzeko beharra adierazi du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak. Haren arabera, EAEko Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoak balioko du gizarte zaintza «familiagabetzeko» eta «desfeminizatzeko», Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak eta, beraz, erakundeek pisu handiagoa beren gain hartuta. Horretarako, sistemarako jarritako diru sailak handituz joatea aurreikusi dute: 1.665,2 milioi eurora 2030erako; 2019an bideratutako aurrekontua baino %50 gehiago litzateke.

Jaurlaritzaren arabera, gizartea «trantsizio soziodemografiko eta digital» baten aurrean dago, eta urratsak egin behar dira 2030eko hamarkadari heltzeko. Hala, plan estrategikoak 2023-2026ko epea izango du ardatz, 2025ean beste plan bat garatzeko asmoz; 2026-2030eko eperako.

Melgosak zaintza alorrean egin du indar, egituraketa «sozial» baten alde eginda. Azaldu duenez, zaintzaren ardura familien eta, batez ere, emakumeen gain uzten duen mediterraneoko sistematik eredu propio baterantz salto egin behar da, erakundeek euren gain pisu handiagoa hartuta. «Lidergo eta erantzukizun publikoa indartu nahi dira, lau sektoreen —publikoa, enpresak, hirugarren sektorea, eta familiak eta komunitatea— arteko kooperazioa kaltetu gabe».

Eredu horrek «zaintza lana aitortzea» eskatzen du, sailburuaren arabera, baita «soldata egokiak» ezartzea ere. Gainera, adierazi du zaintzaileei ahotsa eman behar zaiela, eta sektorea parekideago egin behar dela. Helburu horiek lortzeko «proiektu traktoreen» artean daude, besteak beste, zaintza sozialen aldeko itun bat egitea, eta etxeko eta komunitateko arreta eredua garatzea.

Izan ere, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu du «zainketen eredu tradizionala» krisi egoera batean dagoela. Eustaten proiekzioen arabera, 2030erako 65 urtetik gorakoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriaren %27,7 izango dira. Orduan iritsiko da baby boom belaunaldia «osasun oneko batez besteko bizi itxaropenera» ere; egun, 72 urte ingurukoa da. Ondorioz, mendekotasun egoeran dauden herritarren kopuruak gora egingo du. Era berean, familia zaintzak egin ditzaketenen kopuruak behera egin du.

Egoera horri aurre egiteko, eredu komunitario bat sustatu nahi du Jaurlaritzak. Zahar etxeetako plaza kopurua handituko dute, baina txikiagoa izango da egoitzek mendekotasunera bideratutako diru sailetan izango duten pisua. Horren ordez, lehen eta bigarren mailako arreta zerbitzuak indartuko dituztela azaldu du Melgosak: etxez etxeko arreta eta prestazio ekonomikoak, besteak beste.

Udalak eta aldundiak dira lehen eta bigarren mailako arreta eskaintzearen arduradun nagusiak, eta haiek duten pisua areagotuko da, bai «arreta piramidea alderantzikatzeko» helburuari dagokionez, bai integrazio lanei dagokionez.

Helburuen artean dago prozesuari genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzea ere, «genero, adin, jatorri eta autonomia mailaren araberako bereizketa egoerak atzemateko eta horiei aurre egiteko».

Bide horretan, EHUko irakasle Matxalen Legorretak adierazi du «ezinbestekoa» dela zaintzaren inguruko politika publikoak diseinatzean bi begirada horiek izatea. Izan ere, adierazi du zaintzak «onarpen sozial» falta izan duela, eta horrek lotura estua duela lan mota horren feminizazioarekin. Datuei erreparatuta, emakumeak dira egoitzetako langileen %85, eta etxeko langileen %95; asko migratzaileak dira. Era berean, egoitzetako egoiliarren %70 inguru ere badira.

Osotasunean

Rafa Lopez-Arostegi Gizarte Politiketako aholkulariak azaldu du Gizarte Zerbitzuetako Euskal Sistema estuki lotuta egon behar dela babes sistema osatzen duten gainerako azpisistemekin; besteak beste, osasun sistemarekin, diru sarreren bermearekin, enpleguarekin eta etxebizitzarekin. «Babes sistema hori osotasunean pentsatu behar da», nabarmendu du.

Gizarte Politiketako Sailaren asmoa da hilabete honetan jorratzea afera Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluan eta erakunde arteko mahaian, eta apirilerako Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilura eramatea, han onartu, eta tramite parlamentarioari ekin diezaioten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Olarizuko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Justizia administrazioko letraduek togak eskegi zituzten Gasteizko epaitegian protesta gisa ©L. Rico / EFE

Letraduek bertan behera utzi dute greba, hileko 450 euroko soldata igoera onartuta

Berria

Espainiako Justizia Administrazioaren menpeko letraduak urtarrilaren 24tik ari ziren greban Hego Euskal Herrian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iosu Alberdi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.