Albistea entzun

Bildarratzek berretsi du hizkuntza ereduei eutsiko dietela

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Hezkuntza Lege proiektuari buruz. Ñabardurak eginda, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk balekotzat jo dute proiektua; EP-IUk eta PPk, ez
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2023ko ekainak 1

Joan den astean hasi zen Hezkuntza Lege proiektuaren inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta atzo jarraitu zuen: agerraldiak egin zituzten Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Manuel Lezertua EAEko arartekoak eta Gure Platera Gure Aukera taldeko Eneko Viñuelak eta Ainhoa Narbaizak. Euskara, segregazioa, publikotasuna... Askotariko gaiak izan zituen hizpide Bildarratzek, eta behin eta berriz gogorarazi zuen ideia bat: hezkuntza itunean adostutakoa jaso dute lege proiektuan. Heldu zien polemikei ere. Besteak beste, aipatu zuen hizkuntza ereduek bere hartan jarraituko dutela: «Juridikoki baiezta dezakegu hizkuntza ereduek indarrean segitzen dutela».

Euskara eta hezkuntza sistemako beste hizkuntzak. Horixe izan da Bildarratzen hitzaldiko gaietako bat. Nabarmendu du ituna islatu dutela lege testuan. Hizkuntza ereduei bere hartan eutsiko zaiela esatearekin batera, adierazi du hiru gako dituela lege proiektuak. Bat: «Familiek aukeratu ahal izango dute zein eredutan hezi nahi dituzten seme-alabak». Bi: ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egingo du. Eta hiru: irteera profila zehaztu dute, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek izan beharko duten hizkuntza maila —gutxienez B2 euskaraz eta gazteleraz, eta B1 atzerriko hizkuntzan—.

Sailburuaren hitzetan, hizkuntza ereduak «tresna bat» izango dira irteera profil hori lortzeko. Baina ez bakarra: uste du ikastetxeek «malgutasuna» izango dutela beste baliabide batzuk ere erabiltzeko. Bi adibide jarri ditu. Batetik, gaztelera nagusi den inguru bateko A ereduko ikasgela bat —gazteleraz ematen dituzte irakasgai guztiak, euskara eta ingelesa izan ezik—: «Erabaki dezake eskola orduen %80 gazteleraz ematea, baina, aldi berean, umeak barnetegi batera eramatea hiru egun pasatzera, edo eskolaz kanpoko ekintza guztiak edo jangela euskaraz antolatzea, euskara hobeto ikasteko. Aukera asko egon daitezke». Bestetik, D ereduko ikastetxe bat —eskola guztiak euskaraz ematen dituzte, gaztelera eta ingelesa izan ezik—: «Ez dira gutxi —eta espero dugu gero eta gehiago izatea— eremu batzuk hirugarren hizkuntzan ematea erabakitzen duten ikastetxeak; adibidez, ingelesez».

Halaber, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua ere aipatu du: «Ez du gastu handiagoa eragingo, sailaren berrantolaketa bat izango delako; sailean daukagun jendeak osatuko du institutua».

Inklusioa ardatz

Segregazioa da beste gai nagusietako bat. Nabarmendu du lege proiektuak inklusioa eta ekitatea dituela ardatz, eta jasota daudela segregazioaren kontrako konpromisoak. Horri lotuta, ziurtatu dute sare publikoaren alde egiten duela: «Ukaezina da hezkuntza publikoa lehentasuna dela Eusko Jaurlaritzarentzat». Horren erakusgarri, sailburuak esan du lege proiektuan jasota dagoela 800 milioi euroko inbertsioa egitea 2030erako.

Alderdien artean, berriz, askotariko erantzunak eragin dituzte Bildarratzen hitzek. EAJ, PSE-EE eta EH Bildu izan dira baikorrenak; Elkarrekin Podemos-IU eta PP kontra agertu dira, ordea.

EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arreseri, esaterako, testua abiapuntu egokia iruditzen zaio, zuzenketak aurkeztuko dizkioten arren: «Lege proiektuak jasotzen ditu akordioaren oinarri nagusiak; beraz, balekoa da tramite parlamentarioari behar bezala ekiteko». Bide bertsutik jo du EAJko Leixuri Arrizabalagak: «Bete-betean jasotzen du apirilaren 7an legebiltzarrean lau talde handik adostu genuen hezkuntza akordioa. Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik».

PSE-EEko legebiltzarkide Maria Jesus San Josek adierazi du «zalantza batzuk» badituztela; Elkarrekin Podemos-IUko ordezkari Isabel Gonzalezek, berriz, nabarmendu du «oso kritikoak» direla lege proiektuarekin. Horretarako dituzten arrazoiak ere plazaratu ditu. Adibidez, esan du eskola publikoarekin hartutako konpromisoa «eskasa» dela, eta testuak «babestu» egin duela «ituntze unibertsala».

Lezertua, herritarren kexez

Arartekoak hasieratik argi utzi du bere eginbeharra ez dela eztabaida politikoan sartzea, eta herritarren kexez hitz egitera joan dela legebiltzarrera. Esaterako, adierazi du zenbait pertsonari kezka eragin diela hizkuntzen trataerak; bereziki, seme-alabak A ereduan matrikulatu dituztenak aipatu ditu: «Arartekoa aspaldidanik ohartarazten ari da hizkuntza ereduen sistema berrikusi behar dela». Halaber, eskola segregazioaz ere aritu da: «Arartekoak irizten dio pauso garrantzitsua dela argiki segregazioaz hitz egitea».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Azaroko manifestazioa deitzeko egin duten agerrialdia gaur, Bilbon. / ©Aritz Loiola / FOKU

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak

Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo

Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Arantxa Iraola

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia; sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu nahi izan dute propio hezkuntzarako

Gaur goizean egin dute lehenbiziko protesta erizainek, Txagorritxun. ©Maixa Utrera Puelles

Txagorritxuko erizainek protesta egin dute, Osakidetzak larrialdietako ebakuntzetan egingo duen murrizketagatik

Maixa Utrera Puelles

ESK sindikatuak salatu du Osakidetzak «bere kasa» hartu duela erabakia, eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Txagorritxuko ate nagusian.

Larunbatean Araian bildu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako kideak. ©BERRIA

Azaroaren 11n osasun sistema publikoaren alde egitera deitu dute

Edurne Begiristain

Herri plataformek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...