Pandemia garaian espetxeetan «errazena» egin dutela salatu dute

300 bat legelarik agiri bat izenpetu dute, giza eskubideak «kartzeletan ere» errespeta daitezela eskatzeko. Sareren ustez, espetxe politikan orain arte eragindako aldaketak «ñimiñoak» izan dira

Amaia Goirigolzarri, Joseba Azkarraga eta Iñaki Lasagabaster, berbetan, agerraldia hasi aurretik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Ideologia askotako eta hainbat lekutako legelariek» izenpetutako agiri bat aurkeztu du Sarek jende aurrean. Legelariak demokraziaren alde, eskubideak espetxean ere bai du izenburua aipatutako agiriak, eta horren asmoa da espetxean gertatzen diren eskubide urraketak salatzea,COVID-19aren izurriaren ondorioz urratze horiek areagotu egin direla ohartaraztea —esan dutenez, pandemia garaian arduradunek «errazena» egin dute, hau da, presoak konfinatzea—, eta instituzioei arlo horren inguruko zenbait eskaera zehatz egitea.

Sarek hedabideei banatutako agirian, 231 legelariren izenak agertzen dira, Euskal Herrikoak eta kanpokoak, baina Sareren bozeramaile Joseba Azkarragak esan duenez, geroztik ere jarraitu dute atxikimenduak jasotzen, eta jadanik 300 inguru dira adierazpena babestu duten abokatu eta legelariak.

Azkarragak azaldu duenez, Sareren ekimenez prestatu dute agiria: «Gure zeregina gizartea giza eskubideen alde aktibatzea da, eta oraingoan zuzenbidean aritzen direnen sektorea aktibatu nahi izan dugu», esan du. Gogorarazi du euskal gizarteak «urteak» daramatzala aktibazio horretan mobilizazio jendetsuak egiten —horren adibidetzat urriaren 24an Donostian egingo dutena aipatu du—, baina espetxeetan norabide horretan egin diren urratsak «ñimiñoak» izan direla.

Iñaki Lasagabaster EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak eta Amaia Goirigolzarri abokatuak aurkeztu dituzte agiriaren edukiak. Esan dutenez, politika ezin da ulertu eskubiderik gabe: «Politikek eskubideak gauzatzeko tresna izan behar dute, baina, aldi berean, eskubideak dira politiken muga», azaldu dute. Hala ere, pentsatzen dute espetxe politika praktikan ari dela eskubide horiek ukatzen.

Presoek beren familia ingurunetik hurbil dauden espetxeetan egoteko duten eskubidea hartu dute hizpide: «Administrazioak ezin du bere kabuz erabaki kondenatuen banaketa; legeak ezarritako muga eta betebehar batzuk errespetatu behar ditu». Halaber, Goirigolzarrik azaldu duenez, uste dute Igor Gonzalez Sola presoaren heriotzak erakusten duela «beste eskubide batzuk» ere ez direla errespetatzen ari: osasunerako eskubidea, gradu progresiorako eskubidea, beste espetxe onura batzuez baliatzekoa, gaixotasun larriak pairatuz gero baldintzapean aske geratzeko eskubidea eta abar.

Pandemiarekin, larriago

Agiriaren sinatzaileen arabera, pandemiak larriagotu egin du egoera hori, presoen konfinamendua eta bisiten etenaldia ekarri baititu. Pandemia garaian «bide errazena» aukeratu da, hau da, «espetxeak ixtea eta bisitarik ez egotea, edo bisitak egiteko baldintza ankerrak eta bete ezinak ezartzea».

Alabaina, legelariek uste dute araudiak aintzat hartu beharko lukeela presoen eta senideen osasun fisiko eta psikikoa, eta gaixotasuna kartzeletan sartzea eragozteko neurriak hartzeaz gain, horiek kanpokoekin harremanak izateko eskubidearekin uztartu behar direla.

Sei eskaera

Sinatzaileek sei eskaera zehatz egin dizkiote administrazioari: presoak gerturatzea, gaixotasun larriak dituztenak askatzea, pandemiari aurre egiteko «presoen oinarrizko eskubideak errespetatzen dituzten neurriak» hartzea, familia bizitzarako eskubidea ahalbidetzea, erregimen irekiak, kondena etxean betetzeko aukera eta baldintzapeko askapenak azkartu eta ahalbidetzea, eta, finean, presoen oinarrizko eskubideak errespetatzea.

Joseba Azkarragak esan du Euskal Herriko erakundeei, Espainiakoei, Espainiako Kongresuko talde parlamentario guztiei eta euskal presoei igorriko dietela agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.