EPPK prest dago espetxe politikaren «diseinuan konpromisoak emateko»

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak bilera egin du Granadako espetxean Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideekin. Presoen egoera salatu du kolektiboak

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaria, atzo, Granadako Alboloteko espetxe aurrean. FORO SOZIALA.
jon olano
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorra eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Alboloteko kartzelan (Andaluzia, Espainia) batzartu ziren atzo goizean, egoerari buruzko gogoetez hitz egiteko. Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideek Agus Hernan Foro Sozialeko ordezkariari azaldu ziotenez, presoen kolektiboa prest dago «espetxe politikaren diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko». Uste dute «adosten ez den diseinu orok porrot» egin dezakeela, eta konpromiso horretan kokatu dituzte hainbat gai: «Preso gaixoak, bigarren eta hirugarren graduak, biktimak, sakabanaketaren amaiera, erantzukizun zibilak... Kolektibo honek heldutasun eta konpromiso politiko nahikoa du gauden testuingurua ulertzeko, eta, ondorioz, konponbiderako guneetan ekarpenak egin ahal izateko».

2018ko abenduaren 8an batzartu ziren bi aldeak azkenekoz. Sei hilabete ziren Pedro Sanchezen gobernua osatu zenetik, eta denbora bat ematea erabaki zuten, besteak beste, kolektiboa osatzen duten presoei espetxe araudiaren barruan irekitako bidean sakontzeko aukera emateko eta gizarteratze ibilbidean izandako «aurrerapenak, blokeoak eta atzerapenak ikuspegi jakin batekin» aztertu ahal izateko. Pandemia heldu zen ondoren, baina hilabeteotan ez dute solaskidetza eten, jakinarazi dutenez.

Foro Sozialak azaldu du bi aldeek bat egin dutela PPren gobernuaren «immobilismo fase luzea gainditutzat» ematearekin eta garai horretako espetxe politika «sakon» aldatzeko beharrarekin, baita «konfinamenduaren amaieratik igarotako hilabeteetan egindako urrats apalak kontuan hartzearekin» ere. Gainera, kezka dute gizarteratzeko ibilbidean agertzen ari diren oztopo berriekin, eta bat egin dute EPPK-k «espetxe barruko ibilbidean sakontzearen aldeko apustuan».

Atzoko bileran, bi aldeek adierazi zuten «garai garrantzitsua» dela «konponbiderako esparrua definitzeko» eta datozen hilabeteetan presoen auziak izango duen bilakaera zehazteko. Gainera, uste dute «gaur egun baldintzarik onenak» daudela Espainiako Gobernuak «gatibutasun printzipioan oinarritutako politika» gainditu dezan eta «errealitate printzipioan oinarritutako esparru berri bat» ezar dezan.

EPPKren kexak

Bileran, Olarrak eta Mujikak salatu dute presoak «gordinki pairatzen» ari direla COVID-19aren ondorioak, eta egoera hori «are gogorragoa» dela euskal presoen artean, «kolektibo ia osoa urrunduta» dagoelako: «Gobernuak eta espetxeen administrazioak honen aurrean emandako erantzun eskasaren aurrean, EPPK-k uste du egokia litzatekeela lortutako adostasunetan sakontzea, gobernu organoek planteatutako aldarrikapenak gauza ditzaten».

Halere, kolektiboak kexa batzuk helarazi dizkio foroari; esaterako, larri gaixo dauden hamasei presoetatik hamahiru espetxean daudela, eta zigorraren hiru laurden beteak dituzten 63 preso daudela. 65 urtetik gorako hamazazpi presoetatik hamabosten egoeraz ere ohartarazi dute, baita Kordobako espetxean daudenenaz ere. «Bereziki kezkagarritzat» jo dute Frantziako auzitegiek eta fiskaltzak Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Xistor Haranburu «sine die espetxean edukitzearekin duten jarrera» —Haranburu kartzelatik irtetea onartu dute asteon—.

Foro Sozialak, berriz, kezka azaldu du egungo egoerak «gizarteko sektore askotan» eragiten duen «frustrazioarekin» eta egoera hori presoen senitartekoen artean sortzen ari den «birbiktimizazioarekin». EPPKri eskatu dio «hasitako bidean» jarrai dezala: «Banakako ibilbide bat, espetxe araudiaren baldintzak errespetatuz, bermeekin urratsak egiteko aukera emango diena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.