Emakume bat hil du Frantziako Poliziak Baionan, kontrol batean tiro eginda

Baionako Fiskalak bi ikerketa ireki ditu, eta polizia atxiloaldian sartu dute. Polizia indarkeria salatzeko manifestazioa egin dute hainbat herritarrek

Baionako Marechal Soult etorbidean gertatu zen hilketa, atzo goizaldean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Nathalie Flores zuen izena, 37 urte zituen, eta Baionan bizi zen. Frantziako Polizia batek hil zuen, tiroz, atzo goizaldean. Baionako Marechal Soult etorbidean gertatu zen tiroketa, 01:10ean. Jerome Bourrier prokuradoreak azaldu duenez, Frantziako Poliziaren kontrol batetik ihes egiten saiatu zen emakumea, autoz, eta funtzionarioen ibilgailua jo zuen. Polizietako bat belaunean zauritu zuen, eta beste batek tiro egin zion orduan emakumeari. Baionako ospitalera eraman zuten larrialdietako zerbitzuek, baina iritsi eta ordu batzuetara hil zen emakumea.

Hilketaren harira, bi ikerketa zabaldu ditu Baionako prokuradoreak. Bata, «Polizia zerbitzuei ez obeditzeagatik, eta polizia indarren kontrako hilketa saiakeragatik», eta bestea, «autoritate publikoa duen norbaitek egindako hilketagatik», tiroketa nola gertatu zen ikertzeko. Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiaren eta Baionako Poliziaren esku utzi dute bigarren ikerketa. Tirokatu duen polizia atxiloaldian dago, atzo goizetik.

Berehalako erantzuna

Oldarraldia sortu du albisteak, eta polizia indarkeria salatzeko elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean , 18:30ean, Baionako polizia etxearen aitzinean. Dozenaka lagun bildu ziren Polizia bortizkeria gelditu lelopean. Polizia etxean elkartu, eta suprefeturaraino egin zuten manifestazioa,«herriak ez du barkatuko» eta «Polizia, hiltzailea» oihu artean.

Azken urteetan, Frantziako Poliziak «hamarnaka herritar hil» dituela salatu zuten antolatzaileek. Gogoratu zuten Floresen hilketa ez dela «Frantziako Estatuan gertatzen den lehena», eta «Poliziak bortizkeria sistematikoki eta inpunitate osoz erabiltzen» duela. Floresen hilketa kate luze batean kokatu zuten.

Esaterako, Bastamag aldizkariaren kontaketaren arabera, Frantziako Poliziak 28 pertsona hil zituen 2020an. 1977tik 2020ra, hedabide beraren arabera, 746 hil zituen. Iragan urteko urtarrilean, protesta ugari sortu zituen Cedric Chouviaten hilketak, Parisen. Kontrol batean il zuen Frantziako Poliziak, itota.

Bestalde, manifestariek Polizia sindikatuak jarri zituzten jomugan: «Frantziako Polizia Nazionalaren sindikatuak gertakari txiki bezala aurkeztu duen heriotza hau ez da gertakari puntual eta ustekabekoa». Izan ere, Alliance eskuineko polizia sindikatuak hitz gogorrak izan ditu hilketaren harira argitaratutako komunikatuan. «Gaitzetsi» egin dute gertatutakoa, eta «sostengu osoa» erakutsi diete aferan inplikatutako bi poliziei, arma «defentsarako» erabili dutela argudiatuta. «Poliziaren aurka oldartzen direnei aplikatzen zaizkien zigorretan zorroztasun handiagoa» ere eskatu dute, «gerora horrelako gertaerarik izan ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.