Hizkuntza gutxituei buruzko legea bozkatuko dute gaur Frantziako Asanblean

Bere hartan onartuko balute, lege esparru sendoagoa emanen lioke euskarazko irakaskuntzari. Eskaintza orokortzea eta ikastetxeak diruztatzea aurreikusten du

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren manifestazioa, Parisen, 2019ko abenduan. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Momentu «historikotzat» dute hizkuntza gutxituen aldeko eragileek. Eskualdeko Hizkuntzen Ondare Babeserako eta Sustapenerako Lege proposamena bozkatuko du gaur Frantziako Asanbleak. Bere horretan onartzen badute, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari esparru finkoago bat emanen dio legeak, eta ikastetxeen diruztatzean ere eraginen du. Bestela, Senatura itzuliko da lege proposamena, bigarren irakurketa baterako. «Lehen aldia da hizkuntza gutxituen aldeko lege proposamen bat etapa horretara iristen dela», azpimarratu du Thierry Delobel Flarep federazioko eta Ikas Bi elkarteko presidenteak; Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak ere euskararentzat eta hizkuntza gutxituentzat oro har duen garrantzia azpimarratu du: «1951tik ez da hizkuntzen legerik pasatu Frantzian». Paul Molac Bretainiako diputatuak sustatu du lege proposamena: «Gehiegitan mespretxatuak izan diren gure hizkuntzen kausa aitzinarazteko aukera historikoa dugu».

Jadanik egiten diren zenbait gauzari esparru legala emanen die lege berriak: seinaletika publikoa bi hizkuntzetan ezartzeari, adibidez, eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak idazteko aukera ere emanen du. Baina irakaskuntzaren arloan ekarriko dituen hiru neurri dira azpimarragarrienak.

Lehena, murgiltze ereduaren finkatzea. Gaur egun, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari dagokionez, bi aukera baizik ez ditu aurreikusten Frantziako Hezkuntza Kodeak: hizkuntza eta kultura gutxituaren irakaskuntza ikasgai modura ematea eta sail elebiduna ezartzea. Lege proposamenak hirugarren aukera bat jarriko luke ofizialki: murgiltze eredua, «frantses hizkuntzaren ezagutza on baten helburuari kalte egin gabe». Aukera horrekin, ikastetxe publikoak ere murgiltze eredua proposatzen hasten ahalko lirateke.

Egun, murgiltzetik hurbil, irakaskuntza osoki euskaraz eskaintzeko aukera dute publikoko ama eskoletan, esperimentazioaren bidez. Gisa horretako hemeretzi proiektu daude Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan, eta beste hainbeste pribatu giristinoetan. Baina esperimentazioaren esparruak bere mugak erakutsi ditu azken urteetan. Iazko uztailean, Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoan esperimentazio bat abiatzea ukatu zuen Bordeleko Errektoretzak. Hezkuntza kodean murgiltze ereduaren aukera finkatuz, halakorik berriz ez gertatzea lortu beharko litzateke etorkizunean. Gisa berean, elkarte kontratupean diren ikastetxeei esparru ofizialago bat emanen liekete. Seaskaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Frantziako Hezkuntza Ministerioaren arteko hitzarmen batean oinarritzen dira Ipar Euskal Herriko ikastolak, adibidez.

Hizkuntza gutxituetan irakasten duten eskola pribatuen diruztatzeari dagokio bigarren neurria. Herrian eskolatua den haur bakoitzeko diru kopuru bat ordaindu ohi diete herriko etxeek ikastetxeei. Eskola elebakarrak dituzten herrietan, bertako haurrak inguruko herri bateko ikastetxe batera joan behar badira, ikastetxe horiek diruztatzeko aukera dute herriko etxeek. Borondatezkoa zena betebehar bilakatuko du legeak.

Hirugarren neurria ikastetxe publikoetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzea da. Lege proposamena onartua bada, Ipar Euskal Herriko ikastetxe publiko guzietan izan beharko dute euskarazko irakaskuntza eskaintza bat.

Bataila parlamentarioa

2020ko otsailean iritsi zen Frantziako Asanbleara Paul Molacen lege proposamena. Lehen irakurketan edukiz hustu zuten diputatuek, baina emendakinen bidez hasierako oinarriak eman zizkioten Senatuan, joan den abenduan, Frantziako Gobernuaren iritziaren kontra. Besteak beste Max Brisson Errepublikanoetako Ipar Euskal Herriko senatariak egindako lana azpimarratu du Gorostiagak: «Bere alderdiko guziak mobilizatu zituen gai honen inguruan». Orain, erabakigarria izanen da diputatuen boza. Lege proposamena aldaketarik gabe bere horretan onartzen badute, Frantziako Hezkuntza Kodea moldatuko du; bestela, Senatura itzuliko da bigarren irakurketa baterako, Molacek emandako edukia atxikitzeko segurtamenik gabe.

Abendutik, lege proposamena bere horretan onartua izan dadin lan egiten ari dira hizkuntza gutxituen aldeko eragileak. Diputatuen boz asmoa agerrarazten duen mapa interaktibo bat osatu dute, eta izenpe bilketa bat ere abiatu dute sarean: 5.000tik gora izenpe lortu ditu. Irakaskuntza publikoko eragileek osatzen duten Frantziako Flarep federazioak lege proposamenaren aldeko azalpen txostena bidali die diputatuei. «Hiru laurdenek ez dute eskualdeko hizkuntzarik haien lurraldean; ez dute ideiarik ere gaiaz, eta aurreiritzietan oinarritzen dira», azaldu du Delobelek. Pisuzko beste babes bat ere izan da azken asteetan: Frantziako hamahiru eskualdetako presidenteek lege proposamena onartzera deitu dituzte diputatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.