Zerga bilketa %3,7 handitu da, eta iazko errekorra hausteko bidean doa

Errenta kanpainaren amaierak eta sozietate zergaren bilketak 2.650 milioi euro sartu dituzte uztailean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen kutxetan

Finantzen Euskal Kontseiluko otsaileko bilera: Iruarrizaga (Bizkaiko Ogasun diputatua), Cimiano (Arabakoa), Larrañaga (Gipuzkoakoa) eta Olano. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Oporretan kezka handirik gabe joango ziren Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasun arduradunak. Urtea ongi doa ogasunentzat, uste zuten baino dezente hobeto. Urteko azken hilabeteetan hondamendirik ez badago, bigarren urtez jarraian bilketaren errekorra hautsiko dute foru ogasunek, eta defizita txikitzeko eta kontuak koadratzeko arazo gutxi izango dituzte. Ortzimugan, ordea, badira egoera barea alda ditzaketen laino batzuk, Madrilgo haizeak ekarritakoak. PSOE eta Unidos-Podemos zerga erreforma bat negoziatzen ari dira, eta, onartua izatekotan, izango ditu ondorioak Hego Euskal Herrian ere: ondorio zuzenak bankuen gaineko zerga sortu eta gasolioaren gainekoa igotzen badute, eta zeharkakoa, berriz, errenta eta sozietate zerga aldatzen badituzte. Aldaketa horiei nola erantzun erabaki beharko dute batzar nagusiek.

Urtarrilaren 1etik uztailaren 31 arte 8.383 milioi euro jaso dituzte foru ogasunek zergetan, iaz epe horretan baino 303 milioi gehiago (+%3,7). Oraingoz, Araba ari da lortzen emaitzarik onenak, han %7 gehiago jaso baitute; Gipuzkoan %3,9 gehiago, eta Bizkaian, aldiz, %3 gehiago.

Urteko lehen hilabeteak tentuz hartu ohi dituzte beti ogasunetako arduradunek, uda arte ez baita argi ikusten nola joango diren bi kanpaina nagusietako bi, errentarena eta sozietate zergarena. Baina uztailean jada gauzak garbiago ageri dira, diru kopuru esanguratsuak sartzen baitira ogasunen kutxetan. Horrela, hilabete bakarrean 2.650 milioi eurotik gora handitu da zerga bilketa, hau da, orain arte bildutakoaren %31 hilabete bakarrean sartu da.

Bada beste datu bat esaten duena komeni dela uztailari erreparatzea: urte osoan aldundiek jasotzea espero zutenaren %57 jada badute kutxetan.

Aitorpen kanpainak amaituta, errenta zergak ia mila milioi eurogehitu ditu uztailean aldundiaren kontuetara. %7,8 handitu da zuzeneko zerga nagusiaren bilketa, egoera ekonomiko hobearen ondorioz. Jende gehiago dago lanean eta sektore batzuetan behintzat hasi dira soldata igoerak hitzartzen.

Igoera are ikusgarriagoa eman du sozietate zergak. Ekainera arte 275 milioi jaso zituzten aldundiek enpresen irabazien gaineko zergarekin, eta uztailean 838 milioira iritsi dira —urte osorako espero denaren %72—. Iaztik hona %15,7 handitu da sozietate zergaren bilketaren bidez jasotakoa, eta ezustekoa ere bada, aldundiek eta Jaurlaritzak oso zuhur jokatu eta %1,7ko igoera bakarrik aurreikusi baitzuten. Abuztua hilabete garrantzitsua izango da zerga horrentzat ere, orduan zenbatuko baitituzte enpresa askoren ekarpenak.

Aurten bilketa handitzea oso esanguratsua izango litzateke, iazkoa oso urte berezia izan zelako foru aldundientzat. Espainiarekin kupoari buruzko auzia konponduta, 600 milioi gehigarri sartu ziren 2017an aldundien kutxetan, BEZ zergaren egokitzapenengatik. Aurten ez da aparteko ordainketa hori izango, eta edozein igoera zergadunen patriketatik aterako da.

Erreforma, Espainian

Patrika horietako batzuetan gehiago arakatzea da, hain zuzen ere, PSOE eta Unidos PodemosMadrilen negoziatzen ari direna. Pablo Iglesiasen taldeak bultzatuta, sozialistak prest daude orain zerga presioaren igoera bat negoziatzeko. Horrela lortu nahi dute Unidos Podemoseko diputatuek Espainiaren defizit muga berria onartzea, eta, horren ondoren, 2019rako aurrekontu proiektu bat negoziatzea. Lortuko ez balute, Pedro Sanchezen gobernua behartuta legoke beste urtebetez Mariano Rajoyren azken aurrekontuarekin funtzionatzera. 2018an hori ari da egiten, neurri handi batean, EAJk behartuta, jeltzaleek ez zutelako galdu nahi PPrekin hitzartutakoa.

Zerga erreforma horren helburua 6.000 milioi euro gehiago biltzea da, atzo Adriana Lastra Espainiako Kongresuko PSOEko bozeramaileak azaldu zuenez. «Aberastasun handiek eta korporazio handiek» gehiago pagatzea nahi dute, PPrekin «behar baino gutxiago» ordaindu baitzuten. Unidos Podemosek PFEZ zerga igo nahi die errenta handienei, eta ziurtatu nahi du enpresa handiek gutxienez beren irabazien %15 ordaintzea sozietate zergan. Lehenengoari buruz zalantza batzuk baditu PSOEk, baina gutxiago bigarrenarekin.

Errenta eta sozietate zergak batzar nagusien eta Nafarroako Parlamentuaren eskumena dira Hego Euskal Herrian, eta ez dute, zuzenean, eraginik izango hemen. Besterik da, batzuetan gertatzen den bezala, Madrilen egindako aldaketak hurrengo epe batean Hegoaldean ere ezartzea. Zuzenean eragingo lukete, ordea,zeharkako zergetan eginiko aldaketek. Gasolioaren gaineko zerga igotzeak, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.