Nafarroak nabari du motelaldia jada, %2,5 hazi baita azken hiruhilekoan

Bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, lau hamarren geldotu da hazkundearen erritmoa, barne kontsumoaren ondorioz. Elma Saizek berretsi du 2020rako %2,2ko hazkundea aurreikusten duela

Nafarroak nabari du motelaldia jada, %2,5 hazi baita azken hiruhilekoan.
joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Beranduago izan bada ere, eztulka hasi da jada Nafarroako ekonomia. Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoan aldean sendoago hazten jarraitzen badu ere, hirugarren hiruhilekoan nabaria izan da motelaldiaren eragina. Iaz %3tik gorako erritmoan hazi ostean, kontrako haizea gero eta irmoagoa da: lehen hiruhilekoan, %2,9ko hazkunde tasa izan zuen; bigarrengoan, %2,8koa; eta uztailetik irailera %2,5era jaitsi da urtearteko hazkunde tasa. Nafarroako estatistika erakundeak atzo aurreratutako datuen arabera, %0,4 handitu da barne produktu gordina azken hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren aldean lau hamarren gutxiago. Alde batetik, barne kontsumoak ahuldade zantzu batzuk agertu ditu, baina bestetik, Volkswagenek eta, oro har autogintza sektoreak sendotasuna eman diote Nafarroari.

Motelaldiaren aztarnak ageriko egin diren honetan, besteak baino hobeto dagoen ideia nabarmendu nahi izan zuen Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, atzo: «Moteltzea ez da gure inguruko beste lurraldeena bezain indartsua». Hain zuzen ere, herenegun aurreratu zuen Eustatek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan uztailetik irailera %0,4 hazi dela BPGa, eta urte arteko hazkunde tasa %2koa dela —Nafarroan baino bost hamarren gutxiago—.

Volkswagenen eragina

Uneotan, euste horma nagusia autogintza da. Volkswagenek azken bi urtetan moldaketa sakona egin behar izan du: Polo berria 2017ko udan hasi ziren ekoizten, eta urtarriletik TCross bigarren modeloarekin ere ari dira. Hartara, udan iaz baino 22.000 ibilgailu gehiago atera dira produkzio lineatik, eta talde alemaniarraren hauspo horrek bultzada eman dio autogintzari zein industriari.

Alemaniatik datozen albiste txarrak, gainera, oraingoz ez ditu nabaritu. Europako ekonomia nagusia hirugarren hiruhilekoan atzeraldian sartzea espero da—horretarako, barne produktu gordinak atzera egin behar du bi hiruhilekotan jarraian—. Nafarroako enpresentzat merkataritza bazkide nagusia izanagatik, esportazioen erritmoa ez da gelditu, alderantziz baizik: abuztura bitarte, %17 igo dira enpresek Alemanian egindako salmentak, iazko epe beraren alderatuta.

Txanponaren beste aldea barne kontsumoa da. Familien gastuak eta enpresen inbertsioak egin du tira ekonomiatik, 2013tik hona; hau da, bigarren atzeralditik ateratzen hasi zenetik. Aldiz, familien kontsumo erritmoak behera egin du nabarmen. Urte hasieran %5 inguru hazten bazen, azken hiruhilekoan %1,5 handitu da. Horrekin batera, autoen matrikulazioek eta familien konfiantza neurtzen duen adierazleak behera egin dute. Zantzuok aditzera ematen dute motelaldiaren joera areagotu egin daitekeela.

Perspektiba ezkorrak, dena den, ez die eragin enpleguaren datuei. Gizarte Segurantzan izena eman dutenen kopurua %2,5 handitu zen hirugarren hiruhilekoan.

Arrisku nagusiak nazioartetik datoz. Bi urteotako gertaerek erakutsi duten legez, brexit-ak zer ondorio izango dituen ezin daiteke aldez aurretik hauteman, baina, behin azken txanpan sartua dela, ondorioak aurki ikusiko dira. Aldi berean, Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerraren «katebegirik ahulena» Europa bera da, Elma Saizen arabera. Ziurgabetasun horren erdian, 2020ra begira %2,2ko hazkundea aurreikusi du Nafarroako Gobernuak, eta zifra horren gain lantzen ari da hurrengo urterako aurrekontu proiektua. Oraingoz, iragarpen horri eustea hobetsi du Saizek, AIREF Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak hala berretsi duelako eta Laboral Kutxak aurreikuspen bera egin duelako.

Zerga bilketaren datuak

Hala ere, Nafarroako Ogasunak ez du nozitu motelaldiaren aztarnarik. Urtarriletik irailera bitartean 2.788 milioi euro bildu ditu, iaz epe berean baino 573 milioi gehiago (%26). Ehuneko handia bada ere, iaz hainbat zergatan egutegia aldatu egin zen, eta horrek alderatzeak desitxuratu ditu.errenta zergan, lan edo kapital atxikipenen sortzapenek beste egutegi bat dute aurten, edo sozietate zergaren kanpainan dirua itzultzeko epeak aurreratu dira.

Hala eta guztiz ere, datuok bateratu eta homogeneizatuz gero, 390 milioi euro handitu da bilketa, iazko datuekin alderatuta. Igoera horretatik bi heren, zeharkako zergen kudeaketan estatuarekin egindako doikuntzei dagokie. Beste herena zuzeneko zergetan izandako igoeraren ondorio da, eta horrek esan nahi du zerga horien bilketa %8 handitu dela iaztik hona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.