Memoria historikoaren legea onartu arte ez dituzte aztertuko kalte-ordainak

Legebiltzarrak eskatu du aditu talde batek osa dezala konpentsazio posibleei buruzko txosten bat. EH Bilduk aurretik egin nahi zuen

Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarean. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak eskatu dio Jaurlaritzari izenda dezala aditu talde bat, memoria historikoaren legea onartutakoan aztertuko dituena frankismoaren biktimek jaso beharreko kalte-ordain posibleak. Jaurlaritzak joan den irailaren 24an aurkeztu zuen memoria historikoaren inguruko lege bat egiteko proposamena. Atzo, EH Bilduk gaia plazaratu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta planteatu Jaurlaritzak, lege proiektua tramitatu aurretik, sei hilabeteko epean egin dezala txosten bat kalte-ordain horiei buruzkoa. Legebiltzarrak atzera bota zuen koalizio subiranistak aurkeztu eta Elkarrekin Podemosek babestutako emendakina. Onartu egin zuen, ordea, lege proiektua «ahalik eta denbora epe laburrenean» tramitatua izatea eta gero txosten bat egiteko eskatzen duena. Jaurlaritzak proposatu zuen, eta gobernuko bi bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, alde bozkatu zuten. PP abstenitu egin zen.

Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariaren iritziz, koalizio subiranistak proposatu du txosten hori legea onartu aurretik osatzea, «biktimei ezin zaielako itxaronarazi». Joan den irailean aurkeztutako zirriborroak ez ditu arautzen kalte-ordain posibleak; horri dagokionez, lege proposamena «hutsa eta inongo anbiziorik gabekoa» dela nabarmendu zuen Arzuagak.

EAJko Joseba Diazen esanetan, bestetik, Jaurlaritza lege«oso bat» lantzeko ari da lanean azken hilabeteetan. Horrenbestez, eztabaida «txosten jakin batera» mugatu nahi izatea aurpegiratu zion EH Bilduri. Legebiltzarrak onartutako emendakinaren arabera, Jaurlaritzari eskatzen zaio legea onartu eta urtebeteko epean izendatu dezala adituen taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.