Koronabirusa

600 isun egunean, 18 milioiko bilketa

Alarma egoeraren harira, 29.700 isun ezarri dituzte hilabete eta erdian Hego Euskal Herrian. 'Mozal legea' erabili dute oinarritzat: desobedientzia leporatuta ipini dituzte zigorrak

600 isun egunean, 18 milioiko bilketa.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Konfinamendua urratzea egotzita, 30.000 isun jarri dituzte hilabete eta erdi honetan Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak martxoaren 15ean jarri zuen indarrean alarma egoera, eta ordutik apirilaren 30era arte jarritako isunen datuak eskuratu ditu BERRIAk polizia iturrietatik: 29.673 zigor proposamen egin dituzte poliziek. Mozal legea erabili dute oinarri gisa: desobedientzia leporatu diete. 600 euroko isuna da, edo handiagoa; horrek esan nahi du zigor horiekin 17,8 milioi euro bilduko lituzketela. Oraingoz, ordea, nabarmen txikiagoa da jasotako diru kopurua: isunen tramitazioa atzeratuta doa —poliziak isun proposamena egiten du momentuan, baina erakundeak ezartzen du zigorra ondoren—, eta zigortuen hein txiki batek pagatu du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuetatik ondoriozta daiteke isuna jasotakoen %2k ere ez dutela ordaindu oraindik. Izatez, espero izatekoa da helegite ugari etorriko direla, eztabaida baitago isun horien egokitasunaz.

Hiru erakundetatik lortu ditu BERRIAk isunei buruzko datu horiek: Espainiako Barne Ministeriotik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik eta Nafarroako Foruzaingotik. Ipar Euskal Herriko daturik ezin izan da bildu, ez baitituzte modu horretara xehatuta ematen. Isunen zenbatekoan alde handia dago: Ipar Euskal Herrian 135 eurokoa da konfinamendua hausteagatiko isuna; Hego Euskal Herrian, handiagoa, 600 eurokoa.

Alarma egoera indarrean den egunetan, batez beste seiehun isun pasatxo ezarri dituzte Hegoaldean. Alde handiak daude egun batzuetatik besteetara, halere. Zigor gehien martxoaren 21ean jarri zuten: 1.524. Alarma egoera ezarri osteko lehen asteburua zen, San Jose eguneko zubia: lau egunean 4.000 isunetik gora jarri zituzten.

Martxoaren 22tik aurrera ez da milatik gora igaro egun bateko zigor kopurua, baina hamabi egunean soilik jaitsi da 500 isunetik. Tartean izan dira goraldi batzuk: bat, Aste Santu bueltan —apirilaren 5ean, igandearekin, 877 isun jarri zituzten—, eta bestea, apirileko azken egunean, hilaren 30ean, Maiatzaren Leheneko jaiegunaren bezperan —guztira, 967 isun—. Jaiegunen bueltan areagotu egin dituzte polizia kontrolak, joan-etorri gehiago izango zirelakoan.

Isun bat 79 herritarreko

Isunen kopurua biztanleriarekin alderatuta, hara datua: 79 herritarreko, isun bat jarri dute —18 urtez gorakoak aintzat hartuta—. Beste datu bat: zer polizia erakundek ipini dituen isun gehien. Bilketa honetan, Espainiako Barne Ministerioa da informazio iturri nagusia, hark zentralizatzen baititu Hego Euskal Herriko zenbakiak; hala ere, datuak osatze aldera, isunei buruzko datuak eskatu zaizkie Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere, polizia erakundeen datuak lortze aldera. Alderaketa horien arabera, hona: Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak jarri dute isun gehien, zigorren %38; Ertzaintza dago bigarren, %30; udaltzainek lau isunetik bat jarri dute (%25); eta nabarmen atzerago ageri da Foruzaingoa, isunen %7 jarri baititu.

Zigor horiek dirutara eramanda, 17,8 milioi euroko bilketa da erakundeentzat —isun bakoitza 600 eurokoa dela uste izanda—. Diru kopuruaren zantzua emateko, datu bat: Nafarroan hamar milioi euro inguru biltzen dituzte urtean trafikoko isunetan; asteotan 5,7 milioiren zigorrak jarri dituzte.

Isunak kobratzeak luze joko du, nolanahi ere. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren txosten baten arabera, adibidez, ertzainek eta udaltzainek jarritako isunen 3.700 espediente zeuden hasita apirilaren 29an, eta 300 bat lagunek ordaindua zaukaten zigorra. Alegia, poliziek ezarritako isunen %18 inguru daude tramitatuta, eta %2k ere ez dute pagatu.

Izatez, eztabaida juridikoa sortu da isunen bueltan. Herritarren Segurtasunerako Legea erabiltzen ari dira zigor horien oinarri gisa —mozal legea izenarekin da ezaguna arau hori, herritarrak isilarazteko helburua duelakoan—. PPk gehiengoa zuenean onartu zuten legea; aldatzeko promesa egina dute gobernuan dauden bi indarrek, PSOEk eta Unidas Podemosek, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari eskatua diote mozal legea bertan behera uzteko, baina orain inoiz baino gehiago baliatzen ari dira. Arau-haustetzat jotako jokabideak zuzenean zigortzen dituzte erakundeek, epaitegitik igaro gabe —zigortuak aukera du gero auzitara jotzeko—.

Estatuaren Abokatua

Lege horren 36.6 artikulua erabiltzen ari dira isunak jartzeko: desobedientzia. Alegia, agintarien eta polizien aginduei kasu ez egitea. Zalantza juridikoak sortu dira, ordea. Zehazki, Espainiako Estatuaren Abokatuak txosten batean ohartarazi du desobedientzia leporatzeko berariazko oharra egin behar zaiola herritarrari: «Agintaritzaren agentearen errekerimendu zehatza eta banakoa behar da, eta hartzaileak errekerimendu horri kasurik ez egitea». Osasun Publikoko Legea baliatzea proposatu du Abokatuak, baina ezerezean utzi dute ate hori.

Areago, beste urrats bat egin du Barne Ministerioak mozal legearekin: isunak zehazteko jarraibideak egin ditu; ezarri du zigorra gogortu egin behar dela isuna jaso duen herritarrak duen jokabidearen arabera; adibidez, 2.000 euroko isuna poliziei «gutxiespena» eginez gero. Ministerioak poliziei agindu die isun agirian zehazteko zer jarrera izan duen herritarrak, zigorra zehaztean aintzat hartzeko —isuna «etsipenez» jaso badute, ez dute oharrik egin beharko—.

Uste izatekoa da epaitegietan amaituko dutela isun proposamen ugarik. Aste batzuk joango dira oraindik espediente gehienak jakinarazten hasterako, lanez leporaino baitabiltza erakunde horiek. Kontuan izatekoa da era horretako isunek badutela oztopo bat auzitara jotzeko: isunaren zenbatekoa aldatu egiten da. Zigorra jakinarazi orduko pagatzen duenari erdia kobratzen diote (300 euro, kasu honetan), eta espedientea itxi aurretik ordaintzen duenari, %20 gutxiago (480 euro). Ordaintzeak esan nahi du muzin egiten zaiola epaitegiko aukerari.

Ikusteko dago epaileek zer jarrera hartuko duten, oraindik ez baitira heldu isunei buruzko helegiteak. Atxilotuak, bai, iritsi dira epaitegira. Hilabete eta erdian 434 atxiloketa egin dituzte —kasu batzuetan, herritar bera atzeman dute behin baino gehiagotan—. Martxoaren 19an izan zen kopururik handiena: 51 lagun atxilotu zituzten. Gehienak libre geratu dira. Absoluzioak ere izan dira, epaileek argudiatu baitute desobedientzia izateko agindu «argia» jaso behar duela herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.