EAEko ekonomia %16,4 jaitsi zen itxialdian, iragarri baino gutxiago

Eustatek pixka bat arindu du uztailean iragarritako ekonomiaren erorikoa. Industriak eman ditu datu kaskarrenak, lantegi gehienak itxita izan zirelako hainbat astez. Kontsumo publikoa %3 handitu zen

EAEko ekonomia %16,4 jaitsi zen itxialdian, iragarri baino gutxiago.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiaren garairik latzenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %16,4 uzkurtu zen. Eustat euskal estatistika erakundeak aurtengo bigarren hiruhileko datuak publiko egin ditu, eta oso txarrak izan arren, uztailean aurreratutakoak leundu ditu. Orduan, %16,9ko uzkurdura iragarri zuten, eta azkenean puntu erdi txikiagoa izan da. Enpleguari dagokionez, iragarpenen eta behin betiko datuen arteko aldea handiagoa da: apirilaren 1etik ekainaren 30era arte enplegua %17 txikitu zela iragarri zuen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, baina azkenean %14,3koa izan zen jaitsiera. Zenbaketa horretan ez dira sartzen aldi baterako erregulazioan dauden langileak. Nafarroako behin betiko datuak heldu den asteazkenean aurkeztuko dituzte, baina abuztuan %15,6ko erorikoa aurreratu zuen Nastat estatistika erakundeak.

Ohi baino tarte handiagoa izan da oraingoan Eustaten lehen iragarpenaren eta datu osoagoen artean, eta ez da harritzekoa. Izan ere, itxialdiaren zati handienarieta haren ondorengo leuntze faseari dagozkion datuak dira atzo argitaratutakoak, eta oso ezohikoak eta neurriz kanpokoak dira.Gogoratu behar da berrogeialdia ere martxoaren 14an hasi zela, eta apirilaren 22an hasi zirela arintzen mugikortasunari ezarritako mugak. Muga horiek maiatzaren 2an amaitu ziren. Eustatek berak onartu du datuak biltzea «erronka» bat izan dela ezohiko egoerarengatik, eta ekonomiaren jaitsiera «itzela» izan dela.

Eragina sektore guztietan

Hiru hilabeteko datuen kalkuluak itxialdian izandako bilakaera erakusten du; urtetik urterako alderaketak, aldiz, iazko ekain amaierakoak ditu erreferentzia gisa. Horretan ere hobekuntza txiki bat izan da: aurreratuek zioten BPGa %20,1 txikitu zela, eta oraingoek, berriz, %19,5. Datu horiek hiruhileko artekoak baino txarragoak dira, atzeraldia martxoaren bigarren erdian hasi zelako, itxialdia ezarri zenean. Zehazki, %4,7ko lehen koska bat eman zion konfinamenduak hiru lurraldeetako ekonomiari.

Erorikoa oso handia izan da, eta auzo gehienena baino okerragoa. Horrela, urte arteko tasan euro eremuko BPGa %14,7 jaitsi zen, eta %13,9 Europako Batasun osoan.

Lurraldekako banaketan berriz, ekonomia gehien Araban txikitu da (-%20,2), agian horretan duelako pisu handien industriak, eta fabrika handienak erabat itxita izan zirelako hainbat astez. Bizkaian, berriz, %19,5 ari zen uzkurtzen ekonomia bigarren hiruhilekoan, eta %19,3 Gipuzkoan.

Itxialdiak sektore guztietan izan zuen eragin negatiboa. Esaterako, lehen sektorean %4,4ko murrizketa eragin zion balio erantsiari, eta %6,1koa iazko datuekin alderatuz gero. Alarma egoeran lan egiteko muga gutxien izan zituen sektorea izan zen, eta hark galdu zuen enplegu gutxien (-%1,5).

Industriak jasotako bizkarrekoa askoz handiagoa izan zen. Apiriletik ekainera jarduna %23,4 jaitsi zen, eta enplegua %16,3. Urte arteko datuei erreparatuz gero, uzkurdurak %26,7koak eta %20,1ekoak izan dira hurrenez hurren.Eraikuntzari dagokionez, jaitsiera txikiagoa izan zen, lan publiko asko oinarrizko jardun izendatu baitzituzten. Industriakoa baino txikiagoa bai, baina ez txikia. Lehen hiruhilekoarekin alderatuta %15 uzkurtu zen jarduna eta %10,2 lanpostu kopurua. Urte artekoan, aldiz, jaitsierak %15ekoak eta %14.3koak izan ziren hurrenez hurren.

Gorabehera handienak zerbitzuen sektorean egon ziren, besteak beste jardun ezberdin gehien bateratzen dituen sektorea delako. Esaterako, herri administrazioan, hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan ez zen ez jaitsierarik ez igoerarik egon lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Merkataritzan, ostalaritzan eta garraioan, aldiz, handia: %18,1ekoa lehen hiru hilabetekoarekin alderatuta eta %21ekoa iazko ekaineko datuarekin. Nabarmentzekoa da ostalaritza negozio asko hiruhilabeteko osoa egon zirela itxita.

Gainerako zerbitzuei dagokienez —jarduera profesionalak, finantzieroak, aseguruak...— %21 uzkurtu zen martxoarekin alderatuta eta %0,8 gehiago iazko datuekiko. Enpleguari dagokionez sektore osoaren datuak daude: %16,8 jaitsiera urte arteko neurketan eta %14,1ekoa hiruhilekoan.

Kontsumoa ere behera

Kontsumoa ere aztertu du Eustatek, eta alde handia dago pribatutik publikora. Etxeetako kontsumoari dagokionez, %20,3ko beherakada egon da iazko hilabete berekin alderatuta, eta %15,9koa lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

Kontsumo publikoan, aldiz, herri administrazio guztienean, %3ko igoera egon da iazko datuekin alderatuta. Batez ere osasungintzan pandemiari aurre egiteko gastuek eragin dute kontsumo publiko handitu izana.

Edonola ere, Eustatek atzo zabaldutakoa urteko bigarren hiruhilekoaren argazkia da. Egoera desberdina izan da orain amaitzen ari den hiruhilekoan, urteko hirugarrenean. Suspertzearen neurriaren lehen datuak urriaren 23an emango ditu Eustatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.