Turismo etxeen konpentsazio neurria atzera bota du Pauek

Euskal Elkargoak erabaki zuen jabeek urte osoko alokairurako bizitegi bat eskaini behar zutela. Etxegarairen ustez, epaia «kataklismo bat» da

Euskal Hirigune Elkargoak martxoan hartu zuen turismorako bizitegiei buruzko deliberoa. BOB EDME.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Hirigune Elkargoak martxoaren hasieran erabaki zuen aurre egitea turismorako bizitegien hazkundeari. Haren arabera, turismorako bizitegi bat alokagai jartzen dutenek urte osoan beste bat eskaini beharko zuten, konpentsatzeko. Ordea, etxeen jabeen kolektiboak helegitea jarri zion, eta Paueko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio: suspenditu egin du konpentsazio neurria.

Beren etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei zegokien neurria, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Konpentsatzeko bizitegia hiri berean eskaini behar zuten, eta gutxi gorabehera ezaugarri berekin.

Erabakiaren berri izan ondoren, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, Daniel Olzomendi Turismorako hautetsiak eta Filipe Aramendi Urruñako auzapezak (Lapurdi) agerraldi bat egin zuten. Etxegarairen ustez, auzitegiaren erabakia «kataklismo bat» da. «Azken bi urteetan irabazi hutsezko helburuarekin esplotatu duten higiezin zibil gaixo horien alde paratu da», adierazi zuen. Elkargoak helegitea aurkeztuko du Frantziako Estatu Kontseiluan datorren astelehenean, baina hilabeteak beharko dira hura ebazteko.

EH Baik auzitegiaren erabakia gaitzetsi du: «Haserre handia eragiten duen deliberoa». Izan ere, herritarrentzat kaltegarria iruditzen zaie: «Helegitea pausatzearekin, Ipar Euskal Herriko biztanleek bertan bizitzeko duten eskubidea urratzen da».

Erabakiak erabaki, borrokan jarraitzeko asmotan da EH Bai: «Etxebizitza arloan, ezin dugu denbora gehiago galdu». Horregatik, Joko arauak alda ditzagun kanpainarekin jarraituko dute, eta esan dute lanean jarraituko dutela Herrian Bizi plataformaren barruan ere. «Espekulatzaileen kontra, gure etxebizitzak diru iturri gisa kontsideratzen dituztenen kontra hartzen diren iniziatiba guziak sustengatzen ditugu». Etxebizitza eskubidearen alde egiteko, Frantziako Asanbleako bozetan EH Bai bozkatzeko ere eskatu diete herritarrei: «Heldu den ekainaren 12an, EH Bairen bozka papera da joko arauak aldatu nahi dituen bakarra».

Aldak txalotu egin zuen elkargoaren erabakia, eta orain salatu du auzitegiak men egin diela «zenbait lobbyren» eskakizunei, «gutxi batzuen interes pribatua lehenetsita». Halere, ziurtatu du borrokan jarraituko dutela, eta herritarrei dei egin die «inoiz baino gehiago mobilizatzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.