Bigarren grebaldiak tentsioa igo du Bizkaiko metalgintzako gatazkan

Sindikatuak mobilizazioak gogortzeko prest agertu dira lan hitzarmena berritzeko akordiorik ezean. Asteartean dira biltzekoak FVEMekin. Ertzaintzak piketeen aurka erabilitako indarkeria salatu dute

CCOOk, LABek eta UGTk atzo Bilbon deituriko manifestazioa, Kale Nagusian barrena. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako mahaia osatzen duten sindikatuek eta FVEM patronalak beste aukera bat emango diete beren buruei lan hitzarmenaren korapiloa askatzeko. Hiru eguneko greba deialdiaren ondoren, asteartean bilduko dira berriz ere. Bilera hori mugarri bat izan daiteke negoziazioan, atzo arte ez baitzegoen hitzarturik hurrengo bilera noiz izango zen, eta Bilbon eginiko manifestazioaren ondoren lotu zuten. Mugarria, eta bide batez, soka gehiago tenkatu dadin eragozteko aukera, Ertzaintzak atzo izandako jarrerak tentsioa areagotu baitu. Sindikatuak, berriz, mobilizazioak gogortzeko prest agertu dira.

Udazkeneko greba deialdiko hirugarren eguna izan zen atzokoa. Bi mobilizazio egin arren, lau sindikatu handiek babestu zuten deialdia, eta, haien arabera, Bizkaiko metalgintzako langileen %85ek egin zuten greba. Sektoreko enpresa handi askok ekoizpena eten behar izan zuten.FVEMek, aldiz, eta iragan asteko bi greba egunetan egin bezala, asko jaitsi zuen batezbesteko hori, %26ra arte.

CCOOk, LABek eta UGTk manifestazio jendetsua egin zuten Bilboko kaleetan, eta haren ondoren deitu zioten FVEMi. Greben «arrakasta» ikusita, patronalaren erreakzioa zein den ikusi nahi dute asteartean. ELAk ere gonbita jaso zuen, eta agertzekoa da. Azken bileretan bi plataforma ezberdin osatu dituzte, eta ikusteko dago negoziazio eredu bateratura itzultzen ote diren. Lau sindikatuek jakinarazi zuten bere jarrera gogortzeko prest daudela.CCOOk, LABek eta UGTk ez zuten zehaztu nola, baina «lanuzte egun gehiago» iragarri zituzten. ELAk ere manifestazioa egin zuen, eta mobilizazio gehiago antolatzeko prest agertu zen, «greba mugagabea baztertu gabe».

Iragan asteko asteazkenean elkartu ziren azkeneko aldiz bi aldeak, eta bilera hartan utzitako puntuan hartuko dituzte negoziazioak. FVEM 2022ko abenduko KPIa berdintzeko prest agertu zen (%6,5) —eguneratu gabe dago— eta %5,5eko igoera eskaini zuen hurrengo hiru urteetarako. 2026an KPIaren araberako berrikuspen bat egiteko prest dago. Sindikatuen ustez, baina, eskaintza horrek ez du bermatzen erosketa ahalmen galerarik ez izatea, eta 2026ko berrikustea urrun dago. Inflazioa orain dagoela goian diote, eta eguneratze posibleak lehenago beharko lukeela.

Gainera, zehaztu dutenez, soldatarekin harremanik ez duten hainbat talka puntu daude: subrogazio eskubidea azpikontrata guztietara zabaltzea, aldi baterako enpresen erabilera mugatzeko aukera, eta gutxieneko soldataren igoera. Sindikatuek, dena den, badakite zaila izango dela hori guztia lortzea.

Atxilotu bat Zamudion

Sindikatuak mobilizazio gehiago egiteko prest daude, baina atzo Ertzaintzak areagotu zuen tentsioa. Aurreko bi greba egunetan ez bezala, «indarkeria handiz» oldartu zitzaien industrialdeetara joan ziren piketeei. Unerik gogorrenak Zamudioko parke teknologikoan izan ziren, ITPren eta Gestampen planten artean. Istiluen aurkako ertzainek, piketeei oldartu eta, zenbait grebalari zauritu zituzten. Horietako bi ospitalean artatu behar izan zituzten, eta beste bat atxilotu egin zuten.

CCOOko, LABeko eta UGTko kidez osaturiko piketea zen, eta hiru sindikatuek Ertzaintzaren jarrera deitoratu zuten. Salatu zutenez, ezin izan zuten hitz egin operazioko buruarekin, eta ezin izan zituzten eskatu agenteen identifikazio zenbakiak. Era berean, ertzainek zenbait iruzkin zuzen egin zizkieten negoziazioetan parte hartzen ari diren sindikatuetako hainbat kideri.

Goizeko tentsioaren ondoren, Bilboko manifestazioak modu baketsuan igaro ziren, nahiz eta istiluen aurkako ertzain ugari zeuden inguruan, eta langileek petardo batzuk bota zituzten. Negoziazioaren aldeko eta Poliziaren aurkako oihuak izan ziren nagusi. Asteartean jakingo da hauek azken manifestazioak izan diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.