Espainiako Gobernuak VTC baimenak legez mugatuko dituela agindu die taxilariei

Gidari eta guzti aloka daitekeen auto bakoitzeko 30 taxi izateko ratioa betearaztea nahi du sektoreak. VTCren gaineko eskuduntza erkidegoen esku geratuko da

Taxilarien karabana, atzo, Bilboko Plaza Eliptikoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Taxilarien protesta eteteko promes bat egin du Espainiako Gobernuak: datorren irailean dekretu bat onartuko du hitzartutako ratioa lege bihurtzeko eta betearazteko. Hots, aloka daitekeen auto gidaridun (VCT) bakoitzeko 30 taxi izateko. Gobernuaren hitzekin gustura atera ziren taxilarien elkarteetako ordezkariak, baina gehienek nabarmendu zuten ez zela nahikoa mobilizazioak eteteko. Taxilariek batzarrak egin zituzten atzo gauean, zer egin erabakitzeko; berri hau idaztean, grebarekin jarraitzeko iritziak nagusitzen ari ziren.

Ostiralean hasi zen protesta, Bartzelonan, han berpiztu baita gatazka, Kataluniako Justizia Auzitegiak AMB Bartzelonako Metropoliaren arau bat indargabetu zuenean. Arau horren bitartez, maiatzean lotutako ratioa finkatu nahi zuen Ada Colau hiriko alkateak. Horretarako eskumenik ez zuela ihardetsi zioten epaileek, CNMC Lehiaren Batzordearen salaketa bati erantzunez.

Bartzelonako taxilariek ostiralean bertan hasi zuten protesta, eta, asteburuan, beste lurralde eta hiri batzuetakoek bat egin zuten. Igandean batu zitzaizkien Bizkaikoak eta Gipuzkoak, 42 orduko grebarekin: atzo goizeko seietatik gaurko gauerdira arte. Arabakoak atzo goizean gehitu ziren, eta Nafarroako Aitan elkarteak ordu batzuetako lanuztera deitu zituen bere bazkideak. Guztiek protestak egin zituzten atzoi goizean. Jendetsuena Bilbon gertatu zen, 300 ibilgailu joan baitziren, poliki, Loiuko aireportutik hiriaren erdialderaino.

Hego Euskal Herriko taxilariek «elkartasunez» egin zuten bat Bartzelonakoen protestarekin, beldur direlako han orain gertatzen dena urte gutxi barru hemen ere gertatuko dela. Gaur egun, ordea, egoerak desberdinak dira. Finkatutako ratiotik oso urrun ez dago Hego Euskal Herria: 120 TVC baimen daude, eta 3.000 taxi inguru. Bartzelonan eta Espainiako hiri batzuetan, berriz, TVC bakoitzeko bost edo sei taxi daude. Hau da, askoz lehia gogorragoa dute han.

Arrazoietako bat da sektoreko enpresa nagusiak, Uber eta Cabify, artean ez direla iritsi Hego Euskal Herriko hiriburuetara. Berez, Uber Lapurdiko kostaldetik sartu da Euskal Herrira, baina printzipioz udan baizik ez du zerbitzurik emango.

Erkidegoen eskumena

Espainiako Gobernuak ziurtatu du ostiral honetako bileran bide orri bat aurkeztuko duela gatazka bertan behera uzteko. Lehenik eta behin, taxilarien «egoera zailarekin» bat egingo du, baina esango du denbora behar duela sektorea legearen berme osoarekin arautzeko, ez duela «adabaki» bat jarri nahi PPren gobernuak utzitako «oinordekotza pozoitsua» konpontzeko.

Argitu beharko duena da zer gertatuko den gaur VTC gisa funtzionatzen duten milaka ibilgailurekin. Izan ere, enpresa horiek biltzen dituen Unauto patronalak dio 30 taxiko ratioa aurrera begira aplikatu beharreko ratio bat dela, baimen berrietarako. Taxilarien elkarteek, ordea, uste dute gaur egun dauden ibilgailuei ere aplikatu behar zaiela, eta, gaur egun baimena duten batzuei kendu egin behar dietela. Hori egin nahi zuten Bartzelonan, udal baimen bat derrigorrezkotzat joz.

Madrilen asmoa da erkidegoeiematea VTCren gaineko eskuduntza osoa, eta hor izan dezakete lekua udal baimenek.

Europako Justizia Auzitegiak ontzat hartu du Uber eta antzekoak arautu ahal izatea. Abenduan kaleratutako epai batean, ebatzi zuen Uber ez dela aplikazio soil bat, garraio enpresa bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.