Jaurlaritzak atzera egin du, eta hiru lege proposamen bozkatuko dituzte

Banaka bozkatuko dituzte DSBEaren, funtzionarioen soldataren eta itunpeko hezkuntzarentzako laguntzaren igoerak hiru proposamenen bidez. Gobernuak bozketa bakarra nahi zuen atzo arte

Pedro Azpiazu Ogasun sailburua eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko argazki batean. SINADURA / AGENTZIA.
xabier martin
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Hiru gai, hiru lege proposamen, hiru bozketa. DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta, funtzionarioen soldata eta itunpeko hezkuntzak jasoko duen diru kopurua igotzeko Eusko Jaurlaritzaren proposamenak banan-banan bozkatuko dituzte Eusko Legebiltzarrean. Ondorioz, batzuen alde eta besteen aurka egin ahal izateko askatasuna izango dute talde parlamentarioek, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek nahi zuten moduan. Jaurlaritzak lege proposamen bakar batean txertatu zituen hiru igoera proposamen horiek, eta denak batera bozkatzera derrigortzen zuen tramiteari eutsi dio atzo arte. Legebiltzarreko Mahaiak hautsak harrotutako lege proposamenaren legezkotasuna aztertzeko hura hartzera zihoala erretiratu zuen Gasteizko gobernuak, azken orduan, eta, horren ordez, iragarri zuen hiru gai desberdinen igoerak hiru lege proposamenetan eramango dituela ganberara.

«Gobernuak ez du galdu edo irabazi, eta oposizioak ere ez du galdu edo irabazi: 150.000 familiak irabazi dute». Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak azaldu zuen hiru lege proposamen berriak ere irakurketa bakarrean kudeatuko direla, baina horrek ez du derrigortuko batera bozkatzera. «Ez gara sartuko estrategia batean, zeinak forma aitzakia gisa baliatzen duen edukia aurrera ez ateratzeko», erantsi zuen, oposizioaren eskaerari erreparatuz.

Akordiorik ez oraingoz

Hain zuzen, oposizioak ez du begionez ikusi hiru lege proposamen irakurketa bakarrean aztertu behar izatea, eta haiek tramitatzearen aurka bozkatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek; dena den, alderdi abertzaleak jarrera «eraikitzailea eta arduratsua» izango duela esan zuen. Maddalen Iriarte legebiltzarkideak azaldu zuen «bakarrik zati batean» zuzendu duela bere okerra gobernuak, eta Azpiazu sailburuak soilik A plana zegoela esan zuen arren, «ikusi dela B plana ere bazela, eta C eta D planak egon daitezkeela aurrerago».

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek esan zuen Jaurlaritzak «porrot egin duela berriro», ez delako gai izan akordioak lortzeko «eta nagusikeriaz» jokatu duelako. Iñigo Urkullu lehendakariari esan zion «bere hutsetatik ikasten hasteko».

Gauzak horrela, DSBEa %3,5 igotzea nahi du Lakuak, eta, babes laguntza hori jasotzen duten pentsiodunen kasuan, %4,5. Funtzionarioentzat, berriz, soldata %2,25 igotzea proposatu du; eta itunpeko hezkuntzak jasoko duen ekarpen publiko berria 250 milioi euro izatea.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu zuen hiru neurriak aurrera ez ateratzeko «arriskuak» eraman duela gobernua atzera egitera. «Garrantzitsuena da neurriek aurrera egitea», esan zuen gobernuaren bileraren osteko prentsaurrekoan: hiru gaietan Lakuak proposatu dituen igoerak onartzea alegia. Otsailaren 14ko osoko bilkuran ikusiko da DSBEaren igoera, funtzionarioen soldaten igoera eta itunpeko hezkuntzak aurten jasoko duen laguntza publikoa onartzen diren ala ez, edota batzuk bakarrik onartzen diren.

Iazko udaberrian, DSBEaren erreforma negoziatzen aritu ziren Jaurlaritza eta EH Bildu, baina ez zituzten gerturatu jarrerak. EAJ eta PSE iritsi ziren beren proposamena legebiltzarrean aurkeztera, baina atzera bota zuten, ikusita ez zuela beste inoren babesa jasoko. «Oposizioak eskatuta» egin zutela argudiatu zuten jeltzaleek eta sozialistek; «behartuta» egin zutela erantzun zion oposizioak.

Oraingo proposamenean, hilean 667 euro litzateke DSBEa pertsona bakarreko bizikidetza unitateetan; 857 euro, bi kideko unitateetan; eta 948 euro, hiru kidekoetan edo gehiagokoetan. DSBEa jasotzeko eskubidea duten pentsiodunen kasuan, berriz, kide bakarreko unitateetan hilean 765 euro litzateke; bi kideko unitateetan, 956,67; eta hiru kidekoetan edo gehiagokoetan, 1.033.

Pentsiodunen kasuan, aurtengo aurrekontuen negoziazioan DSBEaren bidez 2019an gutxieneko pentsioa hilean 858 eurora igotzeko eskatu zuen EH Bilduk, baina EAJk eskaini zion hilean 783ra igotzea 2019an —egungoa baino 50 euro gehiago—, 830era 2020an, eta 856ra 2021ean. Ezerezean geratu ziren negoziazioak.

Funtzionarioen soldatari dagokionez, %2,25 igotzea proposatu du Jaurlaritzak, aurtengo aurrekontu egitasmoan jasota zegoen moduan. Hori horrela, iazko aurrekontuetan baino ia 200 milioi euro gehiago bideratuko lituzke gobernuak horretarako. Azkenengoz, PSE-EEko Patxi Lopezek buru zuen gobernuak igo zuen funtzionarioen soldata, 2010 hasieran, ELArekin eta CCOOrekin adostuta. %0,3 handitzea hitzartu zuten, baina handik gutxira ituna hautsi eta, Madrilen presioz, %5 jaitsi zituen soldatak; krisialdiak gogor jotzen zuen. Patxi Lopezen aurretik, Juan Jose Ibarretxek 2009an %3ko igoera onartu zuen, hauteskundeen atarian. 2010etik, beraz, soldatak murriztuak eta izoztuak dituzte EAEko langile publikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.