Langabezia tasa %10etik behera jaitsi da EAEn, zerbitzuei esker

Eustatek 11.700 biztanle okupatu gehiago zenbatu ditu bigarren hiruhilekoan: 6.400 Gipuzkoan, 3.900 Araban, eta 1.400 Bizkaian. Emakumeen langabezia tasa ia bi puntu handiagoa da

Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Aurtengo bigarren hiruhilekoan, langabezia tasa %9,6ra jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan, nagusiki zerbitzuen sektoreak eta eraikuntzarenak sortutako enpleguari esker, eta batez ere Gipuzkoan sortutako lanpostuen bultzadari esker. Izan ere, martxotik ekainera bitartean gehitu diren 11.700 landun berrietatik 6.400 Gipuzkoan gehitu dira, 3.900 Araban, eta 1.400 Bizkaian.

Ez da lehenengo aldia Eustaten inkestak langabezia tasa %10etik behera kokatzen duena krisia sortu zenetik: 2018ko hirugarren hiruhilekoan %9,5ean kokatu zuen, baina berriz ere gora egin zuen iazko azken hiruhilekoan (%10,3ra), eta aurtengo lehenengoan ere %10etik gora jarraitu du (%10,2an).

Dena dela, lurraldeka, errealitatea ezberdina da, eta Bizkaian langabezia tasa %10eko langatik gora dago oraindik ere. Gipuzkoak dauka tasarik apalena, %6,7koa; Arabak %9,8ko langabezia tasa dauka; eta Bizkaiak, berriz, %11,3koa. Deigarriena da langabezia tasarik apalena daukaten lurraldeetan jaitsi dela gehien lehen hiruhilekotik bigarrenera: Gipuzkoan, 1,2 puntu egin du behera; Araban, 1,6 puntu; eta Bizkaian, ia paretsu mantendu da, hamarren bat jaitsita.

Batez ere bi sektorek elikatu dute enpleguaren hazkundea: zerbitzuek eta eraikuntzak. Eustatek martxoan baino 12.900 okupatu gehiago zenbatu ditu ekainean zerbitzuetan, eta bostehun gehiago eraikuntzan. Aldiz, lehenengo sektoreak mila okupatu galdu ditu, eta industriak, zortziehun.

Industriaren motelaldia

Industriako okupatuen murrizketak baieztatu egin du Laboral Kutxak herenegun euskal ekonomiaren egoeraz egindako ohartarazpena: nazioarteko ekonomiaren moteltzea batez ere euskal sektore esportatzailean ari da eragiten, industrian. Bankuaren txostenak aurreikusi zuen EAEko BPGaren hazkundea aurten %2,2koa izango dela, iazkoa baino sei hamarren apalagoa, eta motelaldi horrek galga jar diezaiokeela enpleguaren sorrerari ere.

Edozelan ere, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburua pozik agertu da Eustaten azken datuarekin: «Bide onean goaz, baina ezin gara konformatu». Adierazi du langabezia tasa %10etik behera jaisteak kontratazioen erritmoaren eta kalitatearen dinamika ona erakusten duela. Halaber, formakuntza jarraituaren inguruko politiken beharra aipatu du enplegu maila hobeetara iritsi ahal izateko bitarteko moduan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira 947.900 pertsona ari dira lanean, eta jarduera tasa %56,7koa da, estatistika institutuaren arabera. Hiriburuei erreparatuz gero, gehienbat Gasteizen hazi da okupatuen kopurua (+2.800), alde handiarekin. Izan ere, Donostian, bigarren hiruhilekoan, berrehun okupatu gehiago baino ez dira egon, eta Bilbon gutxitu egin dira, aurtengo lehen hiruhilekoarekin alderatuta(-1.000).

Okupazioaren igoerak batez ere emakumeei egin die mesede: martxotik ekainera gehitutako 11.700 okupatu berrietatik 8.700 emakumeak dira (%74), eta 3.000 gizonezkoak. Edozelan ere, nahiz eta bigarren hiruhilekoan emakumeen langabezia tasaren jaitsiera gizonezkoenaren bikoitza izan, oraindik ere bi puntu handiagoa da emakumeen artean: %10,5eko langabezia tasa daukate emakumeek, eta %8,7koa, berriz, gizonezkoek.

Adinari erreparatuz gero, langabezia tasa handitu egin da lan merkatuan zailtasun handienak dauzkaten kolektiboetan: gazteenen eta nagusienen artean. 16 eta 24 urte bitartekoen langabezia tasa %19,7koa zen lehen hiruhilekoan, eta %20,6 da orain. 25 urtetik 44 urtera bitartekoen artean, berriz, jaitsi egin da: %11,6tik %9,5era. Bestalde, 45 urtetik gorakoen artean ere gora egin du langabezia tasak: %8,1etik %8,6ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.