Hilabeteko greba orain

Kristau Eskolako lan gatazkan, sindikatuek gogortu egingo dituzte mobilizazioak: hilabeteko greba, azaroaren 7tik abenduaren 5era. 100.000 ikasleri eragingo die

Kristau Eskolako langileek maiatzean egindako greba eguneko mobilizazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetako sindikatuek kolpea jo dute mahaian: gogortu egingo dituzte orain arteko mobilizazioak, eta hilabeteko grebara deitu dute, azaroaren 7an hasita. Aurreko ikasturtea ere gatazka betean egin zuten Kristau Eskola sareko ikastetxeetan, 24 greba egunekin. Oraingoz, negoziazio bidea ezerezean dago: sindikatuak lan hitzarmen berria eskatzen ari dira, urteetan sinatu gabe dagoena, baina Kristau Eskolak dio ez daukala baliabiderik haien eskariei erantzuteko. Hamar urte dira azken ituna sinatu zutela.

Greba deialdia ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk egin dute. Aurreko protestetan UGT ere izan dute bidelagun, baina azken hilabeteetan atera egin da batasun sindikaletik —gehiegizkotzat jo ditu protestak—. Nolanahi ere, protestara deitu duten sindikatuek gehiengo oso handia dute: negoziazio mahaiaren %97. Azaroaren 7an hasiko dute protesta, eta abenduaren 5ean amaitu. Eta aurreratu dute akordiorik ezean greba luzatu egin litekeela.

Lanuzteak eragin handia izan lezake familietan: 100.000 ikasle inguru dabiltza grebara deitutako ikastetxeetan. Guraso elkarteak kexu agertu dira aurreko mobilizazioekin, eta are gogorrago hartu dute hilabeteko greba deialdia. Sindikatuek atzo egin zuten mobilizazioen berri emateko agerraldia, ELAren Bilboko egoitzan, eta zenbait familia egoitzaren aurrean bildu ziren, behingoz gatazka konpon dezatela exijitzeko. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote egin dezala «bitartekari» lana. «Hezkuntza oinarrizko eskubidea da, eta gatazka gehiegi luzatzen ari da», azaldu zuten. Greba deialdia ikusita, aurreratu dute «neurriak» hartuko dituztela.

Egoera ikusirik, sindikatuak haiekin harremanetan jartzen hasi dira: «Ulertzen dugu familien ardura. Egoera azaltzeko bilera bat egiteko deia egin diegu».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du gatazkan esku hartu orain arte, Kristau Eskolaren eta sindikatuen arteko arazoa delakoan. Sindikatuek uste dute, ordea, ardura banatua dela, Jaurlaritzaren itunpeko eskolak daudenez tartean: gobernuaren eta patronalaren «arduragabekeria eta immobilismoa» salatu dituzte.

Gatazka ez da berria, eta azken hilabeteetan kale itsu batean sartu da negoziazioa. Sindikatuek azaldu dute azken negoziazio mahaia ekainaren 13an bildu zela, eta ordutik ez dutela bestelako deialdirik jaso. Sindikatuen esanetan, patronalak esan zien beste bilera batera deituko zuela uztailean, baina ez dute deialdirik jaso.

Erkoreka: «Gehiegizkoa da»

Sabin Arrizabalaga Steilaseko kideak nabarmendu du afera konpontzeko «bide bakarra» dela greba deialdia. «Grebak indartu ditugunean soilik etorri dira patronalaren eta Hezkuntza Sailaren proposamenak». Azken mobilizaziotik bost hilabete igaro dira —maiatzaren 9an egin zuten—, eta salatu dute harrezkero ez dutela inolako «aurrerapausorik» eman. Azken negoziazio mahaian, ekainekoan, Kristau Eskolak proposamen bat aurkeztu zuen, baina sindikatuek salatu dute lehenagokoen «berdina» zela.

Enpleguari, soldatari eta irakasleen lan kargari dagozkien puntuetan nabari dituzte sindikatuek desadostasun nagusiak. Sindikatuek diote «negoziatzeko prest» agertu direla etengabe. Hala nabarmendu du Miren Zubizarreta ELA hezkuntzako arduradunak: «Planteamendu malguak eta eskaera neurtuak egin ditugu; negoziazio ahaleginetan zintzoak izan gara».

Hilabeteko greba deialdiari buruz iritzia eskatuta, Kristau Eskolako iturriek BERRIAri adierazi diote egoera aztertzen ari direla. Eusko Jaurlaritzak kritikatu egin du sindikatuen jarrera: hilabeteko greba deialdia «gehiegizkoa» dela adierazi du Josu Erkoreka bozeramaileak, eta ikasleei eragingo dien kalteaz ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.