Aurten onartuko du Jaurlaritzak Uber mugatuko duen dekretua

Ibilgailu gidaridunak aldez aurretik kontratatu beharko dira, eta ordu erdiko tartea izango da kontrataziotik zerbitzua hasi arte. Taxilariek soilik izango dute bezeroen bila zirkulatzeko aukera

Jaurlaritzako kideak eta taxilarien eta IG elkarteen ordezkariak, atzo, Bilbon. IREKIA.
Gorka Berasategi - Iker Aranburu
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Aste gutxiren buruan estrategia aldatu beharko du Uberrek. Eusko Jaurlaritzak iragarri du urtea amaitu baino lehen onartu nahi duela IG Ibilgailu Gidaridunei buruzko dekretua. Araudi horrekin ezinezkoa izango da Uberrek eta beste plataforma digitalek lehia zuzena egitea taxilariei. Izan ere, dekretuak gutxienez ordu erdiko muga jartzen du zerbitzua kontratatzen denetik zerbitzua hasten den arte. Gainera, debekatu egiten die IGei kaleetan gora eta behera aritzea bezero bila.

Joan den astean, Uber enpresa Bilbon zerbitzu ematen hasi zen, ustekabean; horrek bizkortu egin du IGen sektorea arautzeko dekretua. 2018ko udan, taxilariek Uber, Cabify eta beste plataforma digitalen aurkako protestak hasi ondoren, Jaurlaritzak hautatu zuen elkarlanean aritzea taxi gidarien elkarteekin eta Asovas IGen elkartearekin, sektorea arautzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Atzo, sektoreko mahai horrek premiazko bilera bat egin zuen Gasteizen, Uberren etorrerari nola erantzun erabakitzeko.

Janire Bijueska Jaurlaritzako Garraio Plangintzako zuzendariak azaldutakoaren arabera, alde guztien babesarekin onartu dituzte dekretuaren oinarri nagusiak, eta orain gobernuari dagokio araudiaren artikuluak idaztea. Aste gutxi barru aurkeztuko du gobernu kontseiluan. Bijueskak taxilarien eta IGen elkarteen jarrera «eraikitzailea eta tolerantea» txalotu du.

Funtsean, dekretuak bere egin ditu Espainiako Gobernuak iaz onartutako irizpide nagusiak: IGak aurrez kontratatu behar direla, ezin dela berehalako zerbitzurik izan eta ezin dutela bezero bila aritu. Bijuerkak azaldu duenez, araudiak ez du «interpretatzeko aukerarik» emango, eta IG baimena duten ibilgailuen gidariei eragingo die zuzenean. «Uberren moduko plataformek araudira egokitu beharko dute». Jaurlaritzari dagokio araudia egitea, baina udalei eta foru aldundiei, berriz, araudi hori betetzen dela egiaztatzea. Erakunde horien elkarlana eskatuko du gobernuak.

Proba hogei autorekin

Uber joan den astean hasi zen Bilbon eta inguruetan zerbitzua ematen, Espainiatik etorritako hogei auto eta gidari erabiliz.UberX izeneko aplikazioaren bitartez, aukera eskaintzen du Bizkaiko hiriburuan IG autoak alokatzeko.

Taxi gidariek haserre erantzun zuten, uste baitute Uberrek «lehia bidegabea» egiten diela. Ez da, ordea, beste hiri batzuetan ikusitako liskarrik ikusi taxilarien eta IGko gidarien artean. Atzo, «lasai egoteko» deia egin zuen Borja Musons Taxisten Euskal Federakundeko presidenteak. «Ez dugu mobilizaziorik edo manifestaziorik egingo. Sektoreak konfiantza du administrazioaren jardunean». Haren arabera, Uber «indarrak neurtzen» ari da; ikusi nahi du «zer negozio izan dezakeen».

Juan Galiardo Espainiako Uberreko zuzendariak BERRIAri azaldu zionez, Bilbon lanean hasi aurretik harremanetan jarri ziren Jaurlaritzarekin eta udalarekin. Bilboko Udalak bestelako bertsio bat du: Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziak «gauez eta maltzurkeriaz» aritzea leporatu dio plataformari, bezperan eta mezu elektroniko baten bidez jakinarazi ziotelako zerbitzua eskaintzen hasteko asmoa zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.